Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ikastetxeetako plangintza dekretua baliogabetu dute epaileek, EHIGEri eta Steilasi arrazoia emanda

«Forma akatsak» argudiatu ditu EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak araua baliogabetzeko. Ikasgela bakoitzeko ikasle kopurua eta pertsona zaurgarrientzako lekuak arautzen ditu dekretuak, besteak beste. Hezkuntza Sailak helegitea jarriko du.

EAEko Auzitegi Nagusiko eraikina, Bilbon. MARISOL RAMIREZ / FOKU
EAEko Auzitegi Nagusiko eraikina, Bilbon. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Ion Orzaiz-Irati Urdalleta Lete
2025eko urtarrilaren 16a
13:30
Entzun

EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak bertan behera utzi du Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ikastetxeen sarea antolatzeko eta planifikatzeko irizpideak ezartzen dituen dekretua. Epaileek onartu egin dute EHIGE Euskal Herriko Ikasleen Gurasoen Konfederazioak eta Steilas sindikatuak 2023an jarritako helegitea, eta «forma akatsak» argudiatuta baliogabetu dute dekretua. Arau horrek zehazten ditu ikastetxeetako ikaspostuak, ikasgela bakoitzeko gehienezko ikasle kopurua eta familia zaurgarrietako ikasleentzat gorde beharreko lekuak, besteak beste.

Ebazpenean, EAEko Auzitegi Nagusiak ontzat jo ditu EHIGEk eta Steilasek helegitean aipatutako argudioetako batzuk. Zehazki, dekretuaren tramitazioari dagozkionak. Epaileen arabera, Eusko Jaurlaritzak ez zuen ondu dekretua justifikatzeko memoria egoki bat, eta aurkeztutako dokumentua «ez zen nahikoa, inondik inora ere, exijitutako baldintza hori betetzat jotzeko». Hori dela eta, auzitegiak baliogabetzat jo du dekretua, eta prozesuaren kostua ordaintzera behartuko du administrazioa.

Epaia, baina, ez da behin betikoa, eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak iragarria du helegitea jarriko diola. Izan ere, sailaren irudiko, baliogabetutako dekretuak Eusko Legebiltzarrak hezkuntza itunean adierazitako agindua betetzen du. Bide bertsutik, nabarmendu du dekretuan jasotako «gai askok» gerora Hezkuntza Legeak jaso zituen alderdiak aurreratzen dituztela. Horrenbestez, nabarmendu dute «instantzia guztietan» defendatuko dutela dekretua.

Halaber, Hezkuntza Sailak zehaztu du epaia ez dela irmoa; beraz, esan dute dekretuak indarrean jarraituko duela. Azaldu dute, bitartean Hezkuntza Saila Hezkuntza Legean oinarritutako erregelamendu garapena ontzen ari dela; zehazki, testu bat prestatzen ari dira, «plangintzan egindako aurrerapen guztiak» biltzeko.

Berehala erantzun du oposizioak ere. EH Bilduk Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburuaren presazko agerraldia eskatu du Eusko Legebiltzarrean, auzitegiaren erabakiak zein ondorio izango dituen azal dezan. Izan ere, koalizio abertzalearen irudiko, ebazpenak agerian uzten du Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakariaren gobernuaren «kudeaketa txarra». Orobat, salatu dute «ziurgabetasun egoera batean» utzi dituztela familiak, ikastetxeak eta hezkuntza sistema bera: «Dekretu honen tramitazioan Hezkuntza Sailak egindako ustezko akatsek milaka ikasleren matrikulazio irizpideak kolokan uzten dituzte momentu honetan». Otsailaren 3an hasiko da aurrematrikulazio kanpaina.

Helegitearen motiboak

Ebazpena prestatzeko tenorean, epaileek ez dute aztertu dekretuaren edukia, eta forma arazoetara mugatu dira. 2023ko maiatzean aurkeztutako helegitean, EHIGEk eta Steilasek salatu zuten dekretu onartu berriak ez zuela bermatzen ikaspostu publiko nahikoa: «LOMLOE legeak dio ikaspostu publiko nahikoa bermatu behar direla, baina dekretuak 'funts publikoekin mantendutako plazak' aipatzen ditu soilik, eta hori ez da gauza bera». Eskola publikoaren «esentzialtasuna» aldarrikatu zuten bi erakundeek, idazkian.

Areago, «titulartasun publikoa eta pribatua parekatu nahi izatea» egotzi zioten Hezkuntza Sailari: «Maila berean zentro mota bat eta bestea barne hartzen dituen zerbitzu bat ez da inoiz publikoa, eta ezin da inoiz izan, zerbitzu hori osatzen duten ikastetxeen parte bat ez baita publikoa».

Azkenik, EHIGEk eta Steilasek Jaurlaritzari leporatu zioten hezkuntza komunitatearen parte hartzea murriztu izana: «Dekretu berriak kendu egin ditu eskola maparen jarraipena egiteko lurralde batzordeak». Helegitea aurkeztu zuten erakundeentzat, «atzerapauso demokratiko bat» izan zen hura, «hezkuntza eragileek ezin baitute aktiboki parte hartu hezkuntza eskaintzaren prestaketan, kontrolean eta jarraipenean».

Soka luzea

Auziak harrabotsa sortu du aurrez ere. 2023ko martxoaren 14an publikatu zuten EAEko aldizkari ofizialean, eta urte hartako matrikulazioan jada eragina izan zuen. Ahotsa altxatu zuten zenbait hezkuntza eragilek. Ikastolen Elkarteak, esaterako, ikasleak banatzeko irizpideen inguruko «gardentasun falta» salatu zuen, eta zera ohartarazi zuen: «Euskal Hezkuntza Sistema osatzen dugun ikastetxe guztiok matrikulaziorako baldintza berak izatea exijitzen dugu. Hori gertatzen ez den bitartean, ikastoletan matrikula eskaera egin duten ikasle guztiei eusteko konpromisoa hartzen dugu, eta, ondorioz, ez ditugu beste zentro batzuetara bideratuko». EHIGE ere kexu agertu zen, eta, salatu zutenez, zenbait eskola publikotan lekuak libre egonagatik ere, bertan matrikulatu nahi zituzten ume batzuk beste ikastetxe batzuetara bideratzen ari zen Hezkuntza Saila.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.