Deustobarometroak Araba, Bizkai eta Gipuzkoako herritarren joera politikoak eta kezka iturri nagusiak aztertu ditu azaroan 27tik abenduaren 7ra mila pertsonari egindako galdeketa batean. Horren arabera, galdekatuen %40k erantzun dute Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeen ostean gobernu aldaketa bat nahiko luketela, eta %37k ez dakitela aldaketa nahi duten edo ez. Deustobarometroaren arabera, %22 bakarrik daude konforme gaur egungo gobernuarekin, eta ez dute aldaketarik nahi. Aldaketa bat egongo dela uste dutenak, berriz, %25 dira, eta %40k uste dute ez dela aldaketarik egongo. Udazken honetan mila pertsonari egin berri dieten galdeketaren emaitzak dira, Maria Silvestre eta Braulio Gomez Deustobarometroaren arduradunek gaur zehaztu dutenez.
Galdekatuen erdiek baino gehiagok baieztatu dute botoa emango dutela, eta gehienek diote ez luketela inoiz Voxen (%72) edo PPren (%46) alde bozkatuko.
Gehienek nahi dute autonomia handiagoa Araba, Bizkai eta Gipuzkoarentzat (%37), baina %35 konforme daude gaur egungo autonomiarekin. Independentziaren alde %13 agertu dira. Eta horri buruzko galdeketa bat nahi dutenak eta ez dutenak parekatuta daude: %38,9 alde, eta %39,5 kontra.
Prezioen igoera eta Osakidetza
Prezioen egoera eta Osakidetza dira herritarrak gehien kezkatzen dituzten bi gaiak. Deustobarometroaren arabera, %47k aipatu dute prezioen kezka lehenik, eta %40k Osakidetzarena. Baliabide gehiago eskatu dituzte Osakidetzarako, eta mediku espezialistekin txanda hartzeko itxarote zerrenda luzea izan da kexa iturri nagusia.
Zerbitzu publikoen murrizketa da hirugarren kezka iturri nagusia, eta %21ek aipatu dute. Atzetik datoz segurtasun falta, langabezia eta beste. Euskararen egoerari buruzko kezka %5ek dute.