Koronabirusa

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako herrien artean mugitu ahalko da gaurtik

Bertan behera geratu da udalerrien itxiera, eta baimenduta daude herrien arteko joan-etorriak. Eskola kirola udalerri guztietan martxan jartzeko aukera egongo da

edurne begiristain
2021eko martxoaren 9a
00:00
Entzun
Euskadiko Babes Zibileko Planaren Aholku Batzordeak (Labi) ostiralean erabaki zuen zenbait neurri murriztaile malgutzea, etaatzo argitaratu zituen EAEko Aldizkari Ofizialeko dekretu batean. Besteak beste, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako herrien artean libreki ibiltzeko aukera izango da gaurtik aurrera, baina badira bestelako neurri berri batzuk. Horietatik esanguratsuena eskola kirolari eragiten diona da: gaurtik aitzin, desagertu egingo da udalerri batzuetan neurriak doitzeko 500 kasuren intzidentzia tasa erreferentzia gisa hartzen duen irizpidea, eta, beraz, aukera egongo da eskola kirola udalerri guztietan martxan jartzeko. Gaur-gaurkoz, soilik hiru udalerri daude intzidentzia handiarekin Aretxabaleta, Lazkao eta Oñati (Gipuzkoa), baina haietan ere eskola kirola berreskuratu ahal izango dute.

Gainera, mugitzeko askatasuna zertxobait berreskuratuko dute Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako herritarrek, libre izango baita hiru probintzietako herrien artean mugitzea. Abenduaren 13tik galarazita zegoen hiru lurraldeen artean mugitzea, eta urtarrilaren 23tik ezin zen norbera bizi den udalerritik atera, baina gaur bertan behera geratuko dira neurri murriztaile horiek. Beraz, erkidego barruko joan-etorriak baimenduta egongo dira, salbuespenik gabe. Hori bai, Euskal Autonomia Erkidegoko konfinamendu perimetralak indarrean jarraituko du, eta, hortaz, ezin izango da erkidegotik atera.

Haur eta gazteen aisialdiari lotutako berritasun batzuk ere jaso dituzte dekretuan. Zehaztu dutenez, haur eta gazteen aisialdirako jarduerak gehienez sei laguneko taldeetan egin beharko dira, eta, ahal den neurrian, aire zabalean. Gaua etxetik kanpo igarotzen den kasuetan, aterpetxeen edo gisakoen edukierak erdira murriztuta egon beharko du. Gainera, dekretuak dio kanpadendetan pertsona bakar batek egin dezakeela lo, bizikidetza unitate bereko kideen kasuetan salbu.

Lan eskaintza publikoetan, berriz, zehaztu dute neurri berriak ezarriko direla, eta gaurtik aurrera edozein deialdik protokolo zehatz bat bete beharko duela. Hala nola, prozesu selektiboak, tituluak lortzeko azterketak edo antzekoak egiten diren tokietan, gehienezko edukiera erdira murriztuko da, eta azterketak antolatzen dituen erakunde edo elkarteak COVID-19aren aurkako protokolo bat izan beharko du ezinbestean.

Gainerakoak, bere horretan

Egoera epidemiologikoa gehiago hobetu arte, etxeratzeko aginduak bere horretan jarraituko du, 22:00etatik 06:00etara; merkataritza eta kultur jarduerak amaitu egin beharko dira 21:00etarako, eta bilkurak lau pertsonakoak izango dira gehienez. Horrez gain, Jaurlaritzak zehaztu du COVID-19aren agerraldiren bat dagoenean baheketak egingo direla transmisio komunitarioa duten auzoetan, ikastetxeetan, etxebizitza blokeetan, eta abarretan.

Hogei egun barru berrikusiko ditu Labik neurriok: hau da, Aste Santua baino lehen. Orduan aztertuko du berriro egoera epidemiologikoa, eta horren arabera erabakiko ditu hurrengo urratsak. Iñigo Urkullu lehendakariak ohartarazi du neurriak gehiago magultzeko intzidentzia tasa are gehiago apaldu beharko dela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.