Begi onez. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako biztanle gehienek pertzepzio positiboa dute etorkinei eta immigrazioaren fenomenoari buruz. Besteak beste, herritarren %70ek uste dute migratzaileen etorrerak «ondorio positiboak» izanen dituela ekonomiaren alorrean. Halaber, ez datoz bat immigrazioari lotutako ideia negatiboekin. Hala, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako lau herritarretik hiruk ez dute uste migratzaileen etorrerak «euskal nortasuna galtzea» ekarriko duenik edo euskararen garapena geldiaraziko duenik. Ikuspegi Immigrazioaren Euskal Behatokiak gaur emaniko datuak dira, Atzerriko biztanleriarekiko pertzepzioak eta jarrerak urteroko barometroan jasoak.
Eusko Jaurlaritzak Bilbon duen egoitzan egin dute aurkezpena, eta bertan izan dira Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburu Nerea Melgosa, EHU Euskal Herriko Unibertsitateko Bizkaiko campuseko errektoreorde Gorka Moreno, eta Ikuspegiko zuzendari Julia Shershneva. Txostena ontzeko lagina aurtengo martxoan jaso zuten, etxez etxe eginiko seiehun inkestaren bidez. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako 25 udalerritan bildu zituzten datuak.
Horien bidez, Ikuspegik ondorioztatu du «handia» dela EAEko biztanleek atzerritarrekiko duten «tolerantzia indizea» (66,36koa), baina behera egin duela iazko datuekin alderatuta (69,28). Hala ere, Shershnevak azaldu du urtetik urterako beherakada puntuala dela, eta Ukrainako gerrak eragina izan zuela iazko datuetan: «Badirudien arren tolerantzia indizeak atzera egin duela aurreko urtearekin alderatuta, Ukrainaren inbasioak eta giza krisiak markatutako urtea izan zen iazkoa, eta joera orokorra goranzkoa da, krisiaren aurreko aldikoa baino handiagoa baita aurtengo datua».
Datuen argitara, gainera, agerikoa da eskuin muturrak migratzaileen aurka zabaldutako diskurtsoek eragin txikia izan dutela. Ikuspegiren barometroaren arabera, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako biztanle gehienek ez dute immigrazioa arazotzat hartzen: inkesta eginikoen %1,7k soilik uste dute «arazo pertsonala» dela, eta %4,7rentzat, arazoa da «Euskadirentzat». Datu horiek ikerketaren serie osoko txikienak dira. Etorkinei lotutako estereotipoak baztertzen dituzte herritar gehienek ere. Adibidez, 2010etik aurrerako datuak aintzat hartuta, askoz gutxiago dira immigrazioa langabezia tasa handiago batekin lotzen dutenak: %60,8 ziren 2010ean, eta %16,9 dira orain. «2004 eta 2014 artean, negatiboa izan zen EAEko biztanleek immigrazioari eta hark ekonomian duen eraginari buruz zuten iritzia; hala ere, ikuspegi hori aldatu egin da, eta lehen baino iritzi positiboagoa du euskal gizarteak, aitortzen baitu immigrazioari esker ekonomiak hobeto funtzionatzen duela», irakur daiteke Ikuspegiren txostenean. Immigrazioak gizartean dituen ondorio positiboen eta negatiboen pertzepzioa ere inoizko handiena da: 6,30 puntukoa da, 0 puntu (pertzepzio negatiboa) eta 10 puntu (positiboa) arteko eskalan. Duela hamar urte, pertzepzio hori ez zen 5era iristen.
Emakumeak, zaintza eta prekaritatea
Migratzaileekiko jarrera oro har positiboa izan arren, itzal batzuk ere agerian utzi ditu Ikuspegiren txostenak. Eskubideen gaineko atalean jasoa dagoenez, inkesta bete dutenen heren batek (%29,2) uste du bertan jaiotakoek «lehentasuna» izan beharko luketela osasun arreta, gizarte laguntza edo babes ofizialeko etxebizitzak eskuratzeko garaian. Azken urteetakoa baino nabarmen handiagoa da ehuneko hori: 2020an, %24,2 ziren horrela pentsatzen zutenak; 2021ean, %22,2; eta iaz, berriz, %18,2. Hamaika puntu egin du gora, beraz, urtebetean.
Emakume etorkinen gaineko pertzepzioa, bestalde, gizonezkoena baino are positiboagoa da barometroan, baina «ikuspegi utilitarista» batetik soilik, beren ekarpena zaintza lanei lotuta ageri baita. Hala, hamarretik bederatzik uste dute emakume migratzaileak «funtsezkoak» direla zaintza lanetan, eta %82,3k uste dute haiek betetzen dituztela «bestela hutsik geratuko liratekeen lanpostuak». Gizarteari egiten dioten ekarpena «oso garrantzitsua» dela erantzun dute %75ek, eta, besteak beste, «familia eta lana hobeto uztartzea ahalbidetzen dutela». Hau da: datuek erakusten dute emakume etorkinak ongi ikusita daudela, zaintzaren eta etxeko lanen ardura haien bizkar gelditzen diren heinean.
Emakume migranteen prekaritatea ere agerian gelditu da Ikuspegiren txostenean. Inkesta egin dutenen %78,4k uste dute andre etorkinek «lan baldintza okerragoak» dituztela, «emakume etorkin izateagatik»; emakume musulmanen kasuan, egoera are okerragoa dela eta «zailtasun handiagoak» dituztela erantzun dute %74,6k.