Steilas, ELA eta CCOO sindikatuek bat egin dute gaur Araba, Bizkai eta Gipuzkoako hezkuntza publikoko irakasle, heziketa bereziko langile, sukaldari eta garbitzaileak grebara deitzeko, langileen «lan baldintzen» alde. Sektore publikorako urriaren 25erako eta abenduaren 19rako eginda dauden deialdiez gain, beste bat gehitu dute propio hezkuntzarako, urriaren 24rako. Premiazko deritzote: «Azken hamarkadan, hezkuntzako langileon lan baldintzak okertuz joan dira, eta Hezkuntza Sailaren aldebakarreko erabakiak nagusitu dira».
Aldarrikapen «asko» dituztela esan dute. «Lan zama» arintzeko neurriak eskatu dituzte. Eros ahalmenaren apaltzearekin ere kexu dira: «Galdu dugun %20ko eros ahalmena berreskuratzeko unea iritsi da behingoz». Lantaldeak gaztetu behar direla ere esan dute: «Bai erretiroa aurreratuz, bai eta langile guztientzat jardunaldiaren murrizketa errealak gauzatuz». Bide horretan, lantaldeak «egonkortu» behar direla azaldu dute. Xede zehatz bat dute: «Behin-behinekotasuna %8ra jaisteko eskatzen dugu». Bide horretan LEP eredua sindikatuekin elkarlanean «eguneratzeko» eskatu dute.
Hezkuntza sistema eraldatzeko eskea ere badute. «Hezkuntza sistema osoa euskaldunduko duten hezkuntza politikak abiarazi behar dira». Bide horretan, hezkuntzako «langile guztiak» euskalduntzeko plana eskatu dute. «Hezkidetza proiektu errealak» ere galdegin dituzte.
Araba, Bizkai eta Gipuzkoarako hezkuntza lege bat egiteko prozesua abian da, baina orain arte egin den bidean «lan baldintzen inguruko akordioak» lauso ikusi dituzte, «zehaztasunik» gabe, eta uste dute ez zaiela erantzuten langileek mahai gainean dituzten aldarriei.
LABek ez du bat egin
LAB sindikatuak, berriz, jakinarazi du ez duela bat egingo deialdi horrekin. Uste du zerbitzu publikorako deiturik dauden bi grebetan aski argiak direla aldarriak, eta hezkuntza sistema publikoa indartzeko egokiak: «Hiru sindikatu hauen greba deialdiaren aldarrikapen gehienak orokorrak dira, eta urriaren 25eko eta azaroaren 19ko aldarrikapenetan txertatuta daude. Hor dago hezkuntza publikoko langileen borroka, sektore publikoko beste langileekin batera». Era berean, azaroaren 30erako deituta dagoen greba feminista orokorrean ere jarri nahi du LABek «indarra».
Grebara deitu duten sindikatuen jarrera kritikatu du, LAB ez dutelako aintzat hartu: «Adostasunak bilatzeko hasierako borondaterik ez dute izan, eta LAB bazterrean uzten saiatu dira».