Araba, Bizkai eta Gipuzkoako eskola guztiek arautu dute sakelakoaren erabilera

Denek, neurri ezberdinetan, mugatu egin dute sakelakoaren erabilera. Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak duela urtebete eskatu zituen neurriok.

Erabiltzaile bat sakelakoan Facebook aplikazioaren ikurra sakatzen. SASCHA STEINBACH / EFE
Erabiltzaile bat sakelakoan Facebook aplikazioaren ikurra sakatzen. SASCHA STEINBACH / EFE
inaut matauko rada
2025eko urtarrilaren 31
17:45
Entzun

Urtebete igaro da Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak finantzaketa publikoa duten eskoletan sakelako telefonoaren erabilera arautzeko eskatu zuenetik. Eta, denbora horretan, eskola guztiek hartu dute neurriren bat gailu horien eta erloju adimendunen erabilera mugatzeko. Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburuak eman ditu datuok, Gasteizen, Hezkuntza eta Teknologia izeneko jardunaldietan.

Haur hezkuntza, lehen hezkuntza, bigarren hezkuntza, batxilergo eta lanbide heziketako zentroetan hartu dituzte neurriak. Sailburuak emandako datuen arabera, lehen hezkuntzako irakaskuntzan, eskolen %85ek guztiz debekatu dute sakelako telefonoak erabiltzea, eta gainontzeko %15ak helburu pedagogikoetarako baino ez dute utziko sakelakoak erabiltzen.

Bigarren hezkuntzan, sakelakoak helburu pedagogikoetarako erabiltzen utziko dute zentroen erdiek. Batxilergoan, zentroen laurdenetan guztiz debekatuta dago irakastorduetan sakelakoa erabiltzea; zentroen %60k, berriz, sakelakoa erabiltzen uzten dute, baina aipatutako helburu pedagogikoetarako soilik. Hala ere, adierazi dute ez dagoela sakelakoak nahierara erabiltzen uzten duen zentro bat bera ere.

Lanbide heziketan, zentro gehienek —%70ek— sakelakoa erabiltzen uzten dute, baldin eta erabilerak ikasteko prozesua elikatzeko helburua badu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.