Maiatzaren 28ko udal eta foru hauteskundeen ondotik izendatu berri dituzten Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ahaldun nagusiekin elkartu da Eusko Jaurlaritzako lehendakari Iñigo Urkullu, gaur. Ramiro Gonzalez, Elixabete Etxanobe eta Eider Mendoza hartu ditu Gasteizko gobernuko buruak, Ajuriaenean, «orain arte partekatutako lan esparruak ebaluatzeko eta, aldundietako lantalde berriak eratu ondoren, datozen urteotarako herrialde proiektu eta erronka nagusiak aztertzeko».
Bilera horretan, gobernantza eredua eta erakundeen arteko lankidetza berretsi dituzte EAJko agintariek, «herrialdeko proiektu estrategikoak bultzatzeko helburu argiarekin», hori baita «Euskadiren aurrerapena bultzatuko duen ikuspegia», lehendakariaren eta ahaldun nagusien arabera. Horiek horrela, datozen urteetarako proiektu eta erronka nagusiak aztertu dituztela jakinarazi dute.
Egungo legealdi autonomikoan elkarrekin landutako jarduerak garatzen eta «herrialde proiektu bateratu bat lantzen» jarraitu behar dela berretsi dute EAEko lehendakariak eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ahaldun nagusiek, betiere begirada 2040an jarrita. Proiektu horrek izan behar dituen helburuak ere zerrendatu dituzte: «Egungo euskal gizartean, etorkizuneko belaunaldi berrian pentsatzea eta Euskadik aurrerantzean ere ingurune globalean lehiakortasuna eta ongizatea lortzeko ekintzak diseinatzea eta abiaraztea».
Ramiro Gonzalezek, Elixabete Etxanobek, Eider Mendozak eta Iñigo Urkulluk oso ontzat jo dituzte lau erakundeek foru aldundien aurreko legealdian eta egungo legealdi autonomikoan elkarrekin garatu dituzten ekinaldiak.