Araba Bizirik-ek alegazioak aurkeztu ditu Miritxa proiektu eolikoaren kontra

Plataformak salatu du Green Capitalek sustatu asmo duen azpiegiturak balio ekologiko handiko eremu bat kaltetuko lukeela Elgeako mendilerroan.

Araba Bizirik plataformako kideak, Miritxa proiektu eolikoaren aurkako alegazioak aurkezten, Gasteizen.
Araba Bizirik plataformako kideak, Miritxa proiektu eolikoaren aurkako alegazioak aurkezten, gaur, Gasteizen. BERRIA
Gorka Berasategi Otamendi.
2025eko martxoaren 26a
13:12
Entzun 00:00:0000:00:00

Araba Bizirik elkarteak «ehunka alegazio» aurkeztu ditu gaur Miritxa proiektu eolikoaren aurka. Elkarteak Eusko Jaurlaritzaren Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailaren Arabako lurralde ordezkaritzan entregatu ditu alegazioak, eta horien arrazoiak azaldu ditu ohar bidez. «Proiektuak erabateko suntsipena ekarriko lioke dagoeneko birrinduta dagoen Elgeako mendilerroari».

Araba Bizirik-ek salatu du zentral eolikoa biodibertsitate, ekologia eta paisaia balio handiko eremu batean egin nahi duela Green Capital Power enpresak: Elgea mendilerroan, Aizkorri-Aratz parke naturalaren mugan, Arabako Arratzua-Ubarrundia, Burgu eta Barrundia eta Gipuzkoako Leintz-Gatzaga udalerrien lurretan. Proiektuak lau aerosorgailu instalatzea aurreikusten du; 20 megawatteko potentzia izango lukete guztira. Argindarraren ebakuaziorako linea bat ere ezarri beharko lukete, Arratzua-Ubarrundiatik Gasteizko azpiestaziora.

Araba Bizirik-ek nabarmendu du azken urteotan «makina bat makroproiektu» aurkeztu direla trantsizio energetikoaren aitzakian, «korporazio handiek gure lurraldearen kontura negozioa egin dezaten». Hori ikusita, alegazioak aurkeztu dituzte Miritxa proiektuaren aurka, eta, plataformak azaldu duenez, «lurraldea defendatzeko borrokan ari diren auzotar eta plataforma guztien lanaren emaitza» dira alegazio horiek. «Azpimarratu nahi dugu mobilizatzen eta alegazioak jasotzen jarraituko dugula, argi eta garbi esateko ez diegula utziko gure lurrak eta lurraldea lapurtzen».

Erakunde publikoei engaiamendua eskatu die «lurraren defentsan». Exijitu die enpresa handien asmoei mugak jartzea, eta «mekanismoak martxan jartzea lurraldea plakez, sorgailu eolikoz eta hormigoiz betetako itsaso bihurtu nahi duten makroproiektu energetikoak gerarazteko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.