Araba «bizigarri» baten alde

Zaintzen inguruko herri akordio bat osatzeko prozesua abiatu dute Araban: mapatze kolektibo bat eginen dute lehenbiziko, eta aldarrikapen taula bat gero. Herritar eta eragile guztiei prozesura batzeko eskatu diete.

Azaroaren 30eko greban sektore arteko mahai bat eratzeko eskatu zieten gobernuei. DENON BIZITZAK ERDIGUNEAN
Azaroaren 30eko greban sektore arteko mahai bat eratzeko eskatu zieten gobernuei. DENON BIZITZAK ERDIGUNEAN
Isabel Jaurena.
Gasteiz
2025eko otsailaren 19a
05:00
Entzun

«Bost urtez etxeko langile egoiliar gisa aritu nintzen, eta nik ez nuen nire eskubideen berri. Debekatu zidaten jendearekin hitz egitea eta esatea beltzean lan egiten nuela. Esan zidaten horretaz jabetzen baziren hemendik botako nindutela, eta sorterrira itzularazi. Nik ez nuenez inor ezagutzen, ia ez nintzen etxetik ateratzen. Eta nagusiek hori baliatzen zuten asteburuetan ere lana eginarazteko, ordaindu gabe, noski». Carina Zuñiga zaintzaileak orain urte batzuk bizitakoak dira horiek: Euskal Herriko zaintzaile egoiliar anitzen errealitate «gordin eta gogorraren» erakusle. 2023ko azaroaren 30ean egindako greba feminista orokorrean erdigunera eraman ziren horiek, eta zaintza sistema publiko eta komunitarioa aldarrikatu. Urtebete baino gehiagoko hausnarketa prozesuaren ondoren, zaintzen inguruko herri akordio bat osatzeko prozesua abiatu dute Araban. 

Arabako Mugimendu Feminista, pentsiodunak, AEZLE Arabako Etxeko eta Zainketako Langileen Elkartea, Enarak kooperatiba, Ernai, ESK, LAB eta Steilas elkartu dira proiektuaren hasmentan, baina beraiekin bat egitera gonbidatu dute «Araba bizigarri batean sinesten duen pertsona eta eragile oro». Zuñiga AEZLEra batu zen duela urte bat eta zortzi hilabete, eta, haren irudiko, «oso interesgarria eta aberasgarria» da abian jarri duten proiektua. Izan ere, uste du ezer ez dakiten langile horiei anitz lagunduko diela akordioak, «batez ere beren eskubideak zein diren jakiteko».

Urtebete baino gehiago igaro da zaintza publiko eta komunitario baten aldeko herri akordioa eta 23 puntuko aldarrikapen taula aurkeztu zenetik. Are, urtebete baino gehiago igaro da Eusko Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari aldarrikapenak aintzat hartu, martxan jarri eta sektore arteko mahai bat eratzeko eskatu zietenetik. «Erantzunaren zain» jarraitzen dutela azpimarratuta, Maite Aranalde Arabako Mugimendu Feministako kideak lurraldean prozesu propioa abiatzearen arrazoia azaldu du: «Araban errealitate desberdinak eta indar desberdinak daude eskualdearen arabera; iruditzen zitzaigun grebarako Araba guztitik mugitu zela jendea, baina grebatik aurrera batzuk atzean geldituko zirela». Hori saihesteko, tokian tokiko lana bultzatuko dute, bi pausotan. Lurraldearen argazki bat egitea izanen da lehenbizikoa, eta, horretarako, «mapatze parte hartzaile eta kolektiboa» eginen dute, eta banakako elkarrizketak zaintza zerbitzuak eskaintzen dituzten herritarrekin eta jasotzen dituztenekin.

«Araban errealitate desberdinak eta indar desberdinak daude eskualdearen arabera; iruditzen zitzaigun grebarako Araba guztitik mugitu zela jendea, baina grebatik aurrera batzuk atzean geldituko zirela»

MAITE ARANALDEArabako Mugimendu Feministako kidea

Maialen Uribe ere Mugimendu Feministako kidea da, eta, erran duenez, mapatzea hiru helburu nagusirengatik egin dute: «Jende gehiagorengana iristeko, ekarpenak jasotzeko, eta Arabaren diagnostiko erreal bat egiteko». «Maila lokalean egiteak potentzialitatea dauka errealitate askotarikoa islatzen duelako, eta badelako parte hartzeko modu natural bat. Oinarria litzateke gero aldarrikapenak eraikitzeko». Diagnostiko hori egiteko, batzarrak antolatu dituzte lurraldeko hainbat auzo eta herritan, eta jendeak lekuan lekuko behar, hutsune eta gabeziak identifikatu beharko ditu, emanen zaizkien ariketa batzuen bidez.

Mapatzeaz gain, banakako elkarrizketak ere eginen dituzte, badakitelako badela batzarretara joan ezin den herritarrik —zaintzaileak eta zainduak, gehienbat—. Zaintzaileak elkarrizketatuko dituzte batetik, eta, Zuñigaren irudiko, horrek anitz lagunduko du herri edo eskualde bakartuenetan bizi diren zaintzaileen errealitateen berri izaten: «Leku horietan guztietan dauden langileen egoera zein den jakiteko pausoa eman izana oso interesgarria da, eta emazteki horiei asko lagunduko die. Anitzek ez dute dokumentaziorik, eta engainatu egiten dituzte kontratuak egingo dizkietela esanez, baina gezurra da. Proiektu hau bidelagun izan dezakete; informatuta egoteko aukera izango dute, askok izan ez genuena».

Elkartera hurbildu den emakume baten adibidea jarri du: Arabako herri ttipi batean bizi da —Zuñigak ez du izena gogoratzen—, mila euro ordaintzen dizkiote, eta ia ez diote etxetik ateratzen uzten. Azaldu du emazteki hark uste zuela hori soldata egokia zela, eta etxean egotearena normala zela. «Elkartean esan genion gutxieneko soldata altuagoa zela, eta, noski, ateratzeko eskubidea zuela. Erantzun zigun ez zekiela ezer, eta enplegatzaileek hori esana ziotela».

Zaintzaileenak ez ezik, zainduak diren horien ahotsak ere kontuan izanen dituzte elkarrizketetan, Aranaldek azaldu duenez. «Zaintzaileetan soilik zentratzen ginen hasieran, eta hor pentsiodunek esan zuten zaintza jasotzen duten horiei ere entzun behar zaiela. Bada xehetasun inportante bat, eta horri garrantzia eman nahi diogu». 

Aldarrikapenak

Argazkia egin eta gero, aldarrikapen taula bat osatuko dute: horretarako, apirilaren lehenbiziko asteburuan batzar irekia eginen dute, mistoa. Uribek azaldu du batzar horretan ahalik eta eragile sozial eta sindikal, eta norbanako gehien elkartzea dela helburua. «Kalitatezko zaintza sistema publiko eta komunitario bat aldarrikatu eta eraikitzeko prozesu hau elkarrekin egin behar dugu. Zaintza eskubide unibertsala bermatuko duen Araba bat posible baita», borobildu du Uribek.

Ados dago Zuñiga, eta Euskal Herriko kolektiboen artean aliantzak eratzearen alde mintzatu da: «Ikusezin bihurtu nahi gaituzte. Orain arte ezer gutxi lortu da zaintzaren inguruan, baina elkarrekin lan eginez gero, entzungo gaituzte». Azaldu du elkarteko gehienak etxeko langile egoiliarrak direla, anitzetan «zaila» zaiela bilkuretara eta mobilizazioetara joatea, eta, hortaz, «ezinbestekoa» dela mugimendu feministaren aldetik jaso duten eta jasotzen ari diren babesa. Esker onez erantzun dio Aranaldek: «Guretzat ere zuen parte hartzea funtsezkoa da: zuen parte hartzerik gabe ezingo genuen prozesu hau aurrera eraman. Zuek errealitatea inork baino hobeki ezagutzen duzue: zuen gorputzean bizi duzue».

«Ikusezin bihurtu nahi gaituzte. Orain arte ezer gutxi lortu da zaintzaren inguruan, baina elkarrekin lan eginez gero, entzungo gaituzte»

CARINA ZUÑIGAAEZLEko kidea

Behin aldarrikapenak bilduta zer pauso emanen duten galdetuta, xehetasunak zehazteko dituztela azaldu dute. Izan ere, Uribek erran duenez, eragile eta norbanako gehiago elkartu nahi dituzte, eta horren arabera zehaztuko dute aurrerantzeko bide orria. «Gure asmoa izango da aldarrikapenak bildu eta aurkeztea, eta ekimen eta borroka ezberdinen bidez eskatzea aldarrikapen horiek betetzeko pausoak emateko», borobildu du. Are, «instituzioak interpelatzeko eta Arabako jendartean eskuragarri izateko» osatuko dute taula.

«Lorpenak nahi ditugu», dio Aranaldek, buruarekin baietz eginez. Esaldia osatu du Zuñigak: «Helburuak lortu nahi ditugu: planteatzen dena ez dadila hitzetan gelditu, baizik eta ekintzetan. Eta lortuko dugu».

Erronkak

Bidea luzea izanen dela badakite, eta, hortaz, pausoz pauso lan egitea erabaki dute. Egun, «Arabako ahalik eta txoko gehienetara iristea» da helburua, Uribek erran duenez. «Errealitatea askotarikoa da, eta, aldarrikapen taula bat egin behar badugu subjektu guztiena eta errealitate guztiena, bizitzak erdigunean jartzen dituena, behar dugu guztien ahotsa islatuta egotea. Oraintxe harreman batzuk ditugu, eskualde batzuk beste batzuk baino indartsuago daude; hortaz, erronka da saiatzea guztietara iristen, bazterrenetan dauden horiengana», gehitu du.

«Oraintxe harreman batzuk ditugu, eskualde batzuk beste batzuk baino indartsuago daude; hortaz, erronka da saiatzea guztietara iristen, bazterrenetan dauden horiengana»

MAIALEN URIBEArabako Mugimendu Feministako kidea

Ados da Zuñiga ere, haren irudiko bazterrenetan dauden zaintzaile egoiliarrengana iristea «erronka handia» izanen baita, baina «beharrezkoa» ere bai. «Zaintzaren aldeko borroka zertan datzan azaldu behar diegu», borobildu du. 

Azaroaren 30eko greba bezala, prozesua ere mistoa izanen da. Eta gizonek, «interpelatuak sentitzeaz gain», honekin «ilusioa har» dezatela: horixe nahi dute, Aranaldek erran duenez. «Izan ere, azaroaren 30ean ikusi genuen oraindik ez geundela hor, baina denok, jendarte moduan, prozesu hau erronka bezala hartzea nahi dugu».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.