«Poliki-poliki aurrera goaz, eta gaur urrats sendoa egin dugu». Goizean, Transferentzia Batzordearen ordezkari nafarrak bildu dira Nafarroako Jauregian, eta Felix Taberna presidenteordeak egiaztatu du «gehiengo zabal eta nahikoa» dagoela eskumena osorik hartzeko prozesua babesteko: PPk eta Voxek izan ezik, gainerako taldeetako 45 parlamentariek alde egin dute.
Behin hori jakinda, datorren martxoaren 25ean, 10:00etan, bilduko da Transferentzien Batzordea. Arazorik ezean, akordioa berretsiko dute Espainiako eta Nafarroako ordezkariek. Ondo bidean, hurrengo asteetan onartuko luke errege dekretua Espainiako Gobernuko Ministroen Kontseiluak. Apirila amaitzerako, Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Estatuko Aldizkari Ofizialean argiratuko da, eta orduan sartuko da indarrean. «Azkar egitea nahi dugu», esan du Tabernak.
Ikusi gehiago
Itzulinguru askoko bide horretan mugarri izango da hori. Berez, 2023ko uztailean sartu zen indarrean trafiko eskumena, eta lau urteko trantsizio epe bat aurreikusi zuten. Hala ere, iazko otsailean Auzitegi Gorenak bertan behera utzi zuen, eta auzitan jarri zuen transferentzia hori abiarazteko hautatutako bide juridikoa, errege dekretu bidez egindakoa. Eskumena haren gain uzteko, auzitegiak bi bide planteatu zituen: estatuak Nafarroari funtzio hori uzteko lege organiko bat egitea, edo zuzenean Foru Hobekuntza berritzea. Azkenaren alde egin zuten, eta hamar hilabete iraun zuen.
Hori gauzatuta, orain berriro beste errege dekretu bat onartu behar da, eta hura babesteko nahikoa babes politiko duela egiaztatu du Nafarroako Gobernuak. Bertan izan dira parlamentuko zazpi taldeetako ordezkariak: Cristina Ibarrola (UPN), Ramon Alzorriz (PSN), Adolfo Araiz (EH Bildu), Pablo Azkona (Geroa Bai), Begoña Alfaro (Zurekin Nafarroa) eta Irene Royo (PP). Emilio Jimenez (Vox) ez da joan.
Tabernak nahiko luke «Aste Santuaren aurretik» onartzea errege dekretua Ministroen Kontseiluak, baina beranduenez «Pazko astearen ondoren» egitea espero du, «lehentasunezko auzia» izango baita kontseiluaren gai zerrendan. Bi aldizkari ofizialetan argitaratuko da ondotik: «Orduan ekingo diogu historikoa den zerbaiti, Nafarroak eskumena osorik hartzeko prozesuari», azaldu du Tabernak.
Historikoki, Nafarroak betidanik zaindu ditu bere bideak, baita iragan mende hasieran konbustioko motordun ibilgailuak garraio nagusi bilakatu zirenetik ere. Alta, 1960ko hamarkada amaieran, errepideetako ibilgailu kopurua handitu ahala, erregimen frankistak kendu egin zion funtzio hori garai hartako diputazioari. Tabernak oroitarazi du duela 60 urte baino gehiago Nafarroari «bahitu» egin zitzaiola eskumen hori. Haren ustez, orain trafikoaren zerbitzu «hobea eta eraginkorragoa» lortzea izango dute helburu.
Hiru urteko epea
Izan ere, oraindik bide luzea egin beharra dago. Aurrekoaren aldean, hiru urteko trantsizio epea izango da Foruzaingoak errepide zaintzaren kontrola osorik izan arte. Tabernak gogoratu du eskumenaren transferentzia bera «konplexua» dela. «Ez gara soilik errepideetako isunez ari, bizik eta autoeskolez, errepide segurtasunerako ikastaroez, gidabaimeneko puntuen tramiteez...».
Isunei dagokienez, 2026ko ekainaren 30era arte, Estatuko Administrazioak bilduko ditu isunak, eta 2026ko uztailaren 1etik aurrera, berriz, Nafarroaren esku egongo da zigor espedienteen tramitazioa.
Guardia zibilen auzia
Dena den, trantsizio epeari buruzko xehetasunak hitzartzeko dituzte bi gobernuek oraindik. Adibidez, zer baldintza izango dituzten foruzain egitea erabakitzen duten guardia zibilek. Behin dekretua gauzatuta, Tabernak azaldu du bi aldeen arteko segurtasun batzordean doituko direla kontu horiek. «Guardia zibil bakoitzak bere egoera pertsonalari erreparatzen dio: erretiroa, nola geratuko den, bateragarria ote den egun duen kategoria Foruzaingoan lukeenarekin...», azaldu du Salvador Diez Nafarroako Gobernuko Barne zuzendari nagusiak. Horri loturik, osagarri horiek bateragarri izan behar lukete Foruzaingoarekin, barne gatazkarik sor ez dadin: «Hori ere kontuan hartzen ari gara».
Bilkura amaituta, parlamentuan alderdiek hitz egin dute. PSNko Ramon Alzorrizen arabera, «albiste ona» da. «Agerian geratu da alderdi antiforalistek beste behin kontra egin dutela eta akordio horren aurka jarri direla», esan du, PPri eta Voxi erreferentzia eginez. Geroa Baiko Pablo Azkonaren arabera, «bada garaia» eskumena itzultzeko prozesua burutzeko. Zurekin Nafarroako Daniel Lopezen arabera, «gertutik hobeto kudeatzen da urrunetik baino».
EH Bilduko Laura Aznalen arabera, «foruzainek trafikoa modu integralean hartzeko prozesua aurrera doa, eta ez da prozesu erraza, luzea baita». Dena den, Nafarroako Gobernuari eskatu dio «ahalik eta gehiena bizkortzeko» eta argitzeko zer gertatuko den guardia zibilekin, horren arabera erabakiko baitute lan eskaintza publikoa egin edo ez.
UPNk akordioa babestu du, eskumena berreskuratzearen alde dagoelako. Dena den, Javier Esparzak adierazi du trafikoa «modu partekatuan» kudeatu beharko luketela Foruzaingoak eta Guardia Zibilak. «PSNk ez du nahi izan, eta EH Bilduren eta EAJren exijentziei men egin die. Truke baten gisan egin dute, eta hori Guardia Zibilarekiko errespetu falta da». PPk, berriz, kontra egin du. Irene Royo parlamentariaren arabera, «Guardia Zibilak ez du merezi Nafarroatik kanporatua izatea».
Trafiko eskumena
Noiz sartuko da indarrean?Transferentzia gauzatzeko errege dekretua indarrean sartzen denean. Datozen asteetan indarrean sartzea espero da; apirila amaitzerako, gehienez.
Berehala hartuko du Nafarroak bere gain?Ez. Hiru urteko trantsizio epe bat izango da. Bitarte horretan, errepideetako kontrola foruzainek eta guardia zibilek egingo dute, «elkarren artean koordinatuta».
Nork bilduko ditu isunak?2026ko ekainaren 30era arte, estatuko administrazioak. 2026ko uztailaren 1etik aurrera, Nafarroako Gobernuak.
Nola jakingo da bakoitzaren kostua?
Zer egingo da isunekin?Errepide zaintzako kostuak finantzatuko dira horren bidez. Sobera den dirua bi aldeek banatuko dute: 2026ko ekainaren 30era arte, %75 hartuko du estatuak, eta %25 Nafarroak; aldiz, 2026ko uztailaren 1etik aurrera, alderantziz izango da. Prozesua burututa, Nafarroak bere gain hartuko du dena.Trantsizio epean, bi administrazioek batzorde bat osatuko dute bakoitzak zenbat gastatzen duen aztertzeko.
Zenbat foruzain gehiago beharko ditu?150 gehiago.
Zer gertatuko da trafikoko guardia zibilekin?
Nafarroako Polizien Legeak foruzain egiteko aukera ematen die. Espainiako Barne Ministerioaren arabera, 158 guardia zibil aritzen dira egun zeregin horretan. Pasabide horren baldintzak oraindik ez dira zehaztu, eta, hortaz, guardia zibil horiek ez dute erabaki foruzain egingo diren edo ez.
Lan eskaintzarik egingo al da?
Ikusi beharko da. Foruzain egitea erabakitzen duten guardia zibilak 150 baino gutxiago badira, geratzen diren postuak lan eskaintza publiko bidez banatuko dira.