Jean Noel Etxeberri 'Txetx'. 'Bakegilea'

«Apirilaren 8aren ondotik bi aldiz garraiatu nituen armak autoritateen adostasunarekin»

Etxeberrik baieztatu du Luhusoko operazioagatik leporatzen diotena Frantziako autoritateekin harremanean berriro egin izan duela gerora. Bake iraunkorra bideratzeko beharra berretsi du.

ISABELLE MIQUELESTORENA.
Ekhi Erremundegi Beloki.
Baiona
2023ko otsailaren 25a
00:00
Entzun
Terrorismoaren aurkako Frantziako fiskaltzaren errekisizioak eskuetan, Baionako Les Pyrenees ostatuan kafe bat hartzen ari zen atzo eguerdian Jean Noel Etxeberri Txetx (Donibane Garazi, 1964). Aste hasieran eskuratu zuen dokumentua, baina oraindik ez zuen irakurtzeko tarterik hartua. ETAren armagabetzea eta ondorengo desegitea bideratu zituen Luhusoko operazioaren protagonistetako bat izan zen Etxeberri 2016ko abenduan. Instrukzio fasea bukatuta, Parisko Zigor Auzitegian epaitu dezatela eskatu du fiskaltzak, ETArekin loturan armak eduki eta garraiatzea akusatuta. «Nik uste dut kakinaraziak direla afera honekin», aztertu du. Horrelako aferak segitzeko ohitura duen abokatu batekin mintzatuta, uste du auzia uda aitzin iritsi litekeela .

Prozedura judiziala bukaerara iristen ari da.

Epaiketa iragaten bada, Luhusoko operazioa esplikatuko dugu Aieteko Konferentziatik apirilaren 8ko armagabetzea arteko testuingurua emanez; eta baita urrunago ere, ETAren desegitea arte. Guk ez dugu gordetzeko ezer. Esplikatu dugu zer egin genuen Luhuson, eta biharamunean agerraldia egin zuten hautetsiek ere gauza bera erran zuten: guk egin genuela Parisek eta Madrilek egin beharko zuketena bost urte lehenagotik: ETArekin elkarrizketak abiatu, eta ikusi nola ematen ahal zitzaion irtenbide ordenatu eta seguru bat jadanik bukatua zen ziklo armatuari. Horrek erran nahi zuen armagabetzearen gaia aztertzea, baina baita presoena ere. Luhusokoarekin armagabetzearen zikloa abiarazi genuen, eta apirilaren 8koaren ondoren presoen gaia abiarazi genuen, lehen aldiz lanerako eta elkarrizketarako koadro ofizial bati sorrera emanez Frantziako Gobernuarekin 2017ko uztailean.

Armak eduki eta garraiatzea da akusazioa.

Konkretuki, Luhuson egin genuena, hau da, armak eta lehergaiak garraiatzea eta neutralizatzea, apirilaren 8an berriz egin genuen. [Frantziako] autoritateekin elkarrizketak izanda egin genuen, eta ahalbidetu zuten egin ahal izatea, inolako atxiloketarik gabe, errepideetan inolako kontrolik ezarri gabe, eta abar. Apirilaren 8rako armategiaren zati bat ez zen atzemana izan, eta engaiamendua hartu genuen materiala aurkituz gero autoritateen esku uzten segituko genuela. Eta hala egin genuen. Nik neuk beste bi aldiz garraiatu ditut armak eta lehergaiak autoritateekin kontaktu zuzena ukanez. Hori dena esplikatuko dut. Luhuson egindakoa ondotik ere egin dut Frantziako autoritateekin kontaktuan, jakinaren gainean emanez eta haiekin jarritako hitzorduekin. Eta hori baieztatzen ahalko duten lekuko guziak deituko ditugu.

Espero zenituen fiskaltzaren eskaerak?

Pentsatzen nuen zaila zela auzigabetze batekin bukatzea. Lehergaiz eta abarrez beteriko hamar kutxa aurkitu zizkiguten, eta onartu genuen horiek ETA erakundeari hartu ondoren garraiatu izana. Ausardia politikorik ez duten bi estaturen parean gaude. Ezin dute erran badela gatazka politiko bat, gehiegi iraun duena, eta bukatu dena. Ezin dituzte gatazka horren ondorio guziak konpontzeko behar diren erabakiak hartu. Horregatik daramagu indar harreman bat presoak askatzeko. Irlandan edo Kolonbian gertatu den bezala, preso guziek kalean egon beharko zuten, prozedura guziak geldituak egon beharko zuten, eta justizia trantsizionala aplikatu beharko zen egia agertzeko, biktimek aitortza bat izateko, gertatu zenaren ezagutza bat izateko. Hau dena artxibatu beharko litzateke, behin betiko beste zerbaitetara pasatu ahal izateko. Parisek eta Madrilek ausardia politiko faltaz egiten dutena ez da itzulbiderik gabeko etorkizun baketsu bat eraikitzeko manera ona.

Nola sentitzen zara prozedura judizial honi begira?

Ni lasai noa epaiketa horretara. Konplikatua izanen da esplikatzea nola zigortzen dituzten aurpegia agerian ETAren armategia desegiteko operazio bat egin dutenak. Operazio horrek bideratu zuen armategi osoaren desegitea, eta ETAren desegitea ahalbidetu zuen. Hainbat gauza baketu zituen, eta presoen gaiaren kudeaketa bat ahalbidetu zuen zuzenbidearen errespetu handiagoz. Eta are konplikatua izanen da gure zigortzea justifikatzea jakinez gauza bera egin dugula gerora Frantziako autoritateen adostasun osoarekin. Errepikatzen dut: apirilaren 8aren ondotik bi aldiz garraiatu nituen armak eta lehergaiak, eta Frantziako autoritateei eman nizkien, haiekin finkatutako hitzordu batzuetan; osoki jakinean ziren. Egin dudana legezkoa bazen apirilaren ondotik, edo gutxienez baimendua, zaila izanen da esplikatzen zergatik zigortuko duten abendukoa. Ikusiko da.

Nola iragan dira azken zazpi urte hauek ikuspegi juridiko batetik?

Urte bat inguru pasa genuen kontrol judizialpean: armak eta lehergaiak garraiatzea debekatu ziguten —aski irrigarria da baldintzetako bat izatea—, Frantziako Estatutik ateratzeko debekua ezarri ziguten, eta auzipetuei debekatu ziguten elkar ikustea. Gerora, kontrola kendu zuten. Bada zerbait autoritateen enbarazua erakusten duena: urte horietan guzietan inoiz ez dute Michel Tubiana galdekatu. Alta, Luhusoko operazioaren hiru sustatzaileetarik bat zen, eta ETAren zuzendaritzarekin izandako gutun trukaketen sinatzaileetarik bat zen. 2021eko uztailera arte ez zuten elkarrizketatu. Erabat anormala eta ezohikoa da. Bistan dena, horrek eragin zitzakeen inarroste mediatikoen beldur ziren. Galdeketa hartatik ez dugu inolako deirik izan justiziatik. Erregularki bidali dizkigute dokumentuak armen eta lehergaien azterketei buruz. Otsail hasieran abisatu gintuzten instrukzioa bukatu zela. Etxeri bideogintzako materiala berreskuratzeko baimena eman diote berriki, eta orain fiskaltzaren eskaerak jaso ditugu.Maluruski, epe luze horretan hiru zendu dira. Epaiketa baldin bada, haien presentzia erabatekoa izanen da, erraldoiak zirelako: Bergouignan, Berhokoirigoin eta Tubiana. Oroitu nahi ditut, eta epaiketa guzian zehar gorazarre eginen diet.

Armagabetzearen ondotik presoen gaia izan zen lehen lerroan, eta bereziki Esnalen, Paroten eta Haranbururen kasuak. Zuretzat zein dira gaur egun gatazkaren konponbide prozesuan erronka nagusiak?

Badira horri buruz kolektiboki ari diren eragileak. Nirea iritzi pertsonal umil bat besterik ez da. 60 urte iraun du borroka armatuak. Ez zen buru kolpe batez sortua izan; Euskal Herriaren kontra zegoen bortizkeria batek eragin zuen. Hala nola 1936ko estatu kolpeak eta Francoren diktadurak. Gaur egun gauza anakroniko andana ikusten ditut: ETAk frankismo garaian egindako atentatuak ere kondenatu dituzte. Uste dut 2011tik zerbait erabat anormala gertatu dela hemen. 60 urte berantago, erakunde armatu batek gelditu nahi duenean, beste fase batera pasatu nahi duenean, borondatea duenean Frantziako eta Espainiako estatuekiko harremanak armenak ez diren beste bideetatik kudeatzeko... Asaldagarria iruditzen zait, eta badakit Tubiana eta Berhokoirigoin iritzi berekoak zirela, estatuek dena ez egitea hori erraztu eta itzulbiderik gabekoa bilakatzeko. Alderantziz, suari su eman zioten. Horrek motibatu gintuen rol bat jokatzera.

Horrela iritsi zen Luhuso.

Luhusokoaren eta apirilaren 8koaren inguruan usaiaz kanpoko zerbait gertatu zen, kontakizun bat iraultzea ahalbidetu zuena. Uste dut estatuek erabateko errenditze bat nahi zutela, umiliagarria, aurkaria lehertzeraino. Guk ez genuen halakorik nahi, eta gurekin elkartu diren tendentzia guzietako alderdi politikoei esplikatu diegu, baita Frantziako Gobernuko mandatariei ere, hala nola Stephane Le Foll orduko gobernuko bozeramaileari. Hori da etorkizuneko bortizkerien haziak ereiteko modurik onena. Ez genuen gauzak horrela bukatzerik nahi; hori da ororen buru jokoan zegoena. Ez nuke erranen osoki lortu dugunik: ikusten dudalarik hainbat urteren ondotik oraindik presoak badirela, eta Espainiako Estatuan preso diren batzuen ateratze perspektiba 2045 eta 2050 urteen inguruan dela, ezin dahorrela bake iraunkor bat eraiki. Pozik naiz gauzak aitzinatzenari direla ikustearekin, baina uste dut ez dira aski fite aitzinatzen ari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.