«Urgentziaz lortu behar dugun neurri horietako bat da». Garbi mintzatu da Maialen Saez de Okariz Gasteizko Mugimendu Feministako kidea hitzarmenari buruz. Lau urte baino gehiago daramate Arabako zahar egoitzetako eta etxebizitza komunitarioetako langileek hitzarmen baten bila; lau urte sektorea osatzen duten langileak «etengabeko zapalkuntza egoeratik» atera nahian. Dagoeneko 32 greba egun egin dituzte horretarako, baina, duela urtebete bezala, erantzun baten zain jarraitzen dute oraindik. Horregatik, apirilaren 25ean LAB eta ELA sindikatuek, Arabako Mugimendu Feministak, Zaintza Arabak eta Babestu Araba senideen elkarteek eta Arabako Pentsiodunen Kolektiboak greba egitera deitu dituzte zahar egoitza eta etxebizitza komunitarioetako langileak eta Arabako herritarrak.
Sektoreko langileek abenduan azken hiru greba egunak egin zituztenetik, negoziazio mahaiak bildu gabe jarraitzen duela adierazi dute eragileek. «Ez da mugimendurik egon; enpresak oso eroso daude egoitzetan dugun lan eta asistentzia egoera ezegonkorrarekin». Gainera, salatu dute Arabako Foru Aldundiak ez duela gatazka konpontzeko borondaterik erakutsi, eta komunikabideen aurrean «irudia garbitzen» duela, egoitzetako langileen egoerari premiazko irtenbidea eman behar zaiola esanez. «Igandeko hauteskundeekin Zaintzen Itun eta Zaintza Agendekin ahoa bete bazaie ere, orain arteko EAEko zein Arabako Foru Aldundiko gobernuek ez dute dagokien erantzukizunik bere gain hartu».
Bitartean, egoitzetako «prekaritate egoera» larriagotzen ari dela ohartarazi dute: «Adinekoen zaintzari eusten dioten langileek urtean 1784 ordu lan egiten dute, LGStik beherako oinarrizko soldata baten truke». Lanorduak «astakeria» bat direla uste dute eragileek, eta argi utzi dute horrelako lan baldintzek erabiltzaileei eskaintzen zaien zerbitzuaren kalitatean eragin zuzena dutela.
«Kaos bat»
«Pobretuak, nekatuak eta jazarriak», horrela sentitzen dira zahar egoitzetako langileak. Antolatzeko eta borrokatzeko duten gaitasuna «erabat mugatua» dela salatu dute sindikatuek: «Gutxieneko zerbitzuek ez diete aukerarik ematen grebarako eskubidea erabiltzeko. Euren lantokietan antolatzen saiatzen diren langileei egiten zaien jazarpen sindikala gero eta zabalduagoa da; xantaiak, mehatxuak eta errepresaliak etengabeak dira».
Sandra Temprano eta Maria Pancorbo Arabako zahar egoitzetako langileak dira, eta egunerokoa «kaos» bat dela azaldu dute biek ala biek. «Oso langile gutxi gara hainbeste erabiltzaileentzako, eta, gainera, guri ez dagozkigun lanak egin behar ditugu», adierazi du Tempranok. «Azkar lan egin arren, ez gara iristen. Langile bakoitzak bederatzi edo hamar erabiltzaile esnatu eta altxatu behar ditu, ezin gara azkarrago joan», erantsi du Pancorbok.
Sarri egungo hitzarmenean zehaztuta ez dauden lanak egin behar dituztela azaldu dute, hala nola morfina duten botikak ematea edo partxeak jartzea. «Gure lana zein den ondo zehazten duen hitzarmen baten alde ari gara borrokan, besteen lana egiteari uzteko. Ematen du beste langile batzuek egin ezin duten lan guztia guri dagokigula», azaldu du Pancorbok.
Herritarren elkartasuna
Tempranok uste du erabiltzaileen senide askok borroka ulertzen eta babesten dutela, baina beste askok ez dutela ulertzen langileek egunero duten lan karga. Horregatik, gaur eta bihar informazio ematen arituko dira eragileekin batera. Gaur, Probintzia plazan egin dute, eta bihar, Santa Barbara plazan egingo dute, 10:00etatik 12:30ak arte, «hamaiketako informatibo» batekin.
Apirilaren 25eko manifestazioan parte hartzera deitu nahi dute Arabako biztanleria, «gatazkaren puntu honetan ezinbestekoa baita herritarrak inplikatzea». Bilbo plazatik aterako dira, 18:30ean, «hitzarmen duin» baten eta «kudeaketa arduratsu» baten alde borrokatzeko. «Bizkaian eta Gipuzkoan lortu badute, guk ere lortu dezakegu, baina herritarren elkartasuna behar dugu horretarako».