AEBetan eta Europan «populismoa eta eskuin muturra» goraldian direla ikusita, apirilaren 21eko Eusko Legebiltzarreko hauteskundeetan «masiboki» parte hartzeko deia egin du gaur Mireia Zaratek, EAJko EBB Euzkadi Buru Batzarraren idazkariak, alderdiaren Aberri Eguna aurkezteko ekitaldian. Halaber, parte hartze hori «Euskadiren proiektu politikoa indartzeko» funtsezkoa dela uste du Joseba Diezek, apirilaren 21eko hauteskundeetarako EAJren Arabako zerrendaburuak.
Araba, Bizkai eta Gipuzkoaren «autogobernurako borondatea adierazteko», horretarakoxe eskatu die Diezek herritarrei bozetan parte hartzeko, uste baitu autogobernua dela «ongizatea bermatzeko» bidea. Hala ere, onartu du egoera zaila dela, iruditzen baitzaio Espainiako Estatuan dagoen «polarizazioak» politikarekiko atxikimendua galtzea ekarri duela. «Joan gaitezen hauteslekuetara, indar berriekin benetako Euskadi baketsu, justu, berdinzale eta hobe bat lortzeko».
Euskara ere ardatz garrantzitsua dela adierazi dute bai Zaratek bai Diezek: «Euskarak bizirik iraun dezan lortzea da gure gizartearen konpromiso irmoa; denona da erantzukizuna, eta denon inplikazioa behar dugu euskara ohiko hizkuntza izan dadin gure bizitzako esparru guztietan», azaldu du Zaratek. Diezek esan du euskara «euskal lurralde guztietan» ofizial izatea lortu behar dela hura berreskuratzeko.
Igandean, Bilbon
Eusko Legebiltzarreko bozetarako kanpaina hasi aurretik, igandean, EAJk Bilbon ospatuko du Aberri Eguna, Indar berria, Euskadi berria lelopean. Plaza Barrian egingo dute ekitaldi nagusia, eta, 11:30ean, EBBko presidenteak eta Eusko Jaurlaritzako lehendakariak hitz egingo dute: Andoni Ortuzarrek eta Iñigo Urkulluk. Haiekin batera egongo dira Imanol Pradales EAJren lehendakarigai berria eta Oihane Agirregoitia, Europako Parlamentuko hauteskundeetako EAJren zerrendaburua.