Apirilaren 18an eztabaidatuko dute zentsura mozioa

PSNk berretsi du ez duela babestuko Barcina kargutik kentzeko eskaera, eta presidente segituko du seguruenik

Erredakzioa
Iruñea
2013ko apirilaren 9a
00:00
Entzun
Nafarroako Parlamentuan EH Bildu osatzen duten bi taldeek—Bildu eta Aralar-NaBai— Yolanda Barcina Nafarroako Gobernuko presidentearen aurka aurkeztutako zentsura mozioa hurrengo asteko ostegunean eztabaidatuko da. Foru Parlamentuko Mahaiak eta Bozeramaileen Batzordeak atzo onartu zuten eskaera tramiterako, eta lehen aldia izango da halako proposamen bat eztabaidatzen dena. EH Bilduk Juan Karlos Longas Aralar-NaBairen legebiltzarkidea aurkeztu du Barcina ordezkatzeko.

Zentsura mozioak aurrera egin dezan, parlamentuko gehiengo osoa behar du EH Bilduk, eta zaila du babes hori lortzea. PSNk ez diola atxikimendurik emango iragarri du, eta, beraz, ezustekorik ezean, koalizioak ez du lortuko Barcina kargutik kentzea.

Horixe nabarmendu du Alberto Catalan Nafarroako Parlamentuko presidenteak: «Printzipioz», foru gobernuko presidentearen aurkako zentsura mozioa «porrotera» kondenatua dagoela. Horiek hala, «bitxia» iruditu zaio «aurrera egingo ez duela jakina den eskaera» eztabaidatzea. Denbora alferrik galtzen aritu ordez, indarrak «benetako arazoak konpontzeko» erabili behar liratekeela adierazi du.

Bestalde, Miguel Sanz Nafarroako Gobernuko eta Nafarroako Kutxako presidente ohiak jakinarazi du ez duela kutxari buruzko azalpenik emango parlamentuan. Gaur zen batzordea biltzekoa, baina presidente ohiak iragarri du ez duela parte hartuko. Hortaz, bertan behera geratu da bilera. UPNk defendatu egin du Sanzen erabakia: «Logikoa da lehen azalpenak epailearen aurrean eman nahi izatea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.