Mixel Oronoz

«Apezen kasta» lehertu nahi zuen euskaltzalea

Euskal Konfederazioko lehendakari eta bozeramaile izan zen 2015 arte. Hainbat liburu idatzi zituen, eta Elizaren norabidea gogor kritikatu. 88 urte zituen.

BOB EDME.
Ekhi Erremundegi Beloki.
Baiona
2023ko irailaren 28a
00:00
Entzun
Euskararen aldeko militante akiezina joan zaigu». Horrela jakinarazi du Euskal Konfederazioak Mixel Oronoz euskaltzalea hil dela. Izan ere, Ipar Euskal Herriko euskalgintzaren buru izan zen urteetan, eta hark eraman zuen euskararen aldeko aldarrikapenen ahotsa. Pizkunde mugimenduaren ondotik agertu zen Euskal Konfederazioa, eta haren sorreran parte hartu zuen Oronozek. Lehendakari izan zen 2000. urtetik 2002. era, eta kargu hori atxiki zuen 2009tik 2015era ere.«Lehendakari gisa edo bulegoko kide gisa, 1995etik Mixel beti hor izan dugu Euskal Konfederazioan gogoetak elikatzeko, bilkuretan parte hartzeko eta, nola ez, Euskal Konfederazioa ekitaldi eta manifestaldietan ordezkatzeko». Herria astekariko administrazio kontseiluko kide zen, eta Batera plataforman ere jardun zuen. Konfederazioak doluminak helarazi dizkie Oronozen familiari eta hurbilekoei.

1935ean sortu zen Oronoz, Baigorrin (Nafarroa Behera), eta 1960an apaiztu zen, Baionan. Ondoren, sei urtez aritu zen apaiz, Boli Kostan. Baionara itzultzean, Baionako apezpikuaren zerbitzuko egon zen, Baionako katedralean. Afrikara itzultzeko eskatu zuen, baina Belgikara igorri zuen Elizak, 1969tik 1971ra. Teologia ikasketekin segitu zuen han. Geroztik, irakasle gisa aritu zen, hala nola Istanbulen eta Bordelen. Ez zuen loturarik atxiki Elizarekin. Alderantziz, kritika zorrotzak plazaratu zituen, eta salatu euskara eta zenbait joera zokoratuak zirela Elizaren barnean. Marc Aillet Baionako apezpikuari buruz ere gogor mintzatu zen behin baino gehiagotan.

Erretreta hartu ondotik, Baionan bizi izan zen, eta organoa jotzen zuen Baigorriko elizan. «Hori da Elizaren hierarkiarekin atxikitzen dudan harreman bakarra, organoa jotzea otoitz egiteko molde bat baita niretzat», zioen ironiaz. Apez homosexualei emandako tratuaz ere kexu zen: «Homosexualak ez dira Vatikanoaren gustukoak. Haren iritziz ez omen dira gizonak, ez emazteak. Samin handia eragiten du Elizaren jarrera horrek nigan. Hierarkiaren itsukeriaren edo jarrera hertsiaren adibide mingarria da». 2020an, arrangura agertu zuen Eliza eskuin muturrerako norabidea hartzen ari zelako. «Iraultza behar da apezeria osoan. Apezen kasta leherrarazi behar da», adierazi zuen BERRIAn.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.