Joan den astean, Osakidetzak iragarri zuen zerbitzuan murrizketak egingo zituela udan lehen mailako arretako zentroetan, eta Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan dauden 339 zentroetatik gutxienez 126k izango dutela nolabaiteko murrizketaren bat, lan egutegian edo ordutegian. Gaur, Osakidetzaren zuzendaritzak bilera egin du sindikatuekin sektoreko mahaian, eta proposamen bat egin du: EAG etengabeko arretako guneetan eta larrialdietan lan egiten duten langile fakultatiboen eta erizainen aparteko orduen prezioa negoziatzea, hau da, «ohiko ordutegitik kanpo borondatez egindako lanagatik ordaintzen denaren prezioa, jarduerari eutsiko zaiola bermatzeko».
SATSE erizainen sindikatuaren oniritziarekin onartu dute proposamena, eta aparteko orduen prezioa %29 igotzea ekarriko du: 1.200.000 euro inguruko kostua, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak jakinarazi duenez. Baina proposamen horrek ez ditu gainerako sindikatuak asebete; salatu dutenez, Osakidetzak «adabakiak» eta «behin-behineko erantzunak» proposatu ditu «egiturazko arazoak» konpontzeko, eta kritikatu dute haren proposamenaren funtsa izatea aparteko orduak egitea eta ordu horien zenbatekoa negoziatzea. «Arduragabekeria» eta «utzikeria» leporatu diote ELA, LAB eta CCOO sindikatuek.
ELAren iritziz, sakoneko arazoa da «belaunaldi erreleboa» gertatzen ari dela Osakidetzan, eta, horren aurrean, zuzendaritzak ez daukala plangintzarik erretiroa hartuko duten profesionalak ordezkatzeko eta langile gehiago erakartzeko: «Plan bakarra da sistemak eta herritarrek datozen urteetan ahal duten moduan eustea. Eskandalu bat da zuzendaritzaren utzikeria». ELAren ustez, osasun publikoaren kudeatzaileen «arduragabekeria» ez litzateke onargarria izango sektore pribatuan arituko balira
Horren aurrean, «aparteko orduak ordaintzea» izan da Osakidetzaren zuzendaritzaren erantzuna azken 30 urteotan, eta oraingoan ere, EAG etengabeko arretako guneetako eta larrialdietako mediku eta erizainen «aparteko ordu horien zenbatekoen negoziazio bat» planteatu du Osakidetzak sektoreko mahaian. ELAren arabera, neurri horrek ez du «ezer» konpontzen: «Profesionalen eskasia horren atzean lan baldintza prekarioak daude. Profesionalak badaude; ez dago Osakidetzan lan baldintza horiekin lan egin nahi duen profesionalik».
Agintaldi berria hastear den honetan, orain artekoa «beste legealdi galdu bat» izan dela pentsatzen du ELAk: «Osakidetza duela lau urte baino okerrago dago egun, eta arazoak larriagoak dira». Plangintza bat eskatu du sindikatuak, «langile nahikoa edukitzeko eta arreta bermatzeko».
Konponbiderako «borondaterik ez»
LAB sindikatuak antzeko arrazoibideak eman ditu Osakidetzak sektore mahaira eraman duen planteamenduaren inguruan. Azaldu dutenez, lehen mailako arretako zentroen %40k baino ez dute normal funtzionatuko udan; EAGetan, mila txanda baino gehiagoko langile defizita dago; larrialdietan, egoera «kaotikoa» da; eta zuzendaritzak ez du aurreikusten zerbitzu hori udan indartzea. Horren aurrean «ikuspegi laburreko neurriak» baino ez ditu proposatzen Osakidetzak, LABen aburuz: aparteko orduak egitea eta zerbitzua enpresa pribatuetara bideratzea. Horiek guztiak «plangintzarik eta konponbiderako borondaterik ezaren ondoriotzat» jo ditu LABek.
Sindikatuaren iritziz, ez da onargarria oraingo egoera «ustekabekoa balitz bezala» aurkeztu nahi izatea. «LABek zalantza bakarra dauka: ea egoera horrenbeste tenkatzearen arrazoia zuzendaritzaren gaitasunik eza izan den edo, aldiz, bilatutako egoera bat izan ote den». Bestalde, aparteko orduen prezioa berraztertzeko proposamenak soilik erizaintza eta medikuntza kategoriak aintzat hartzea «diskriminatzailea eta arbuiagarria» da LABen ikuspegitik: «Argi dago zuzendaritzak sindikatu korporatiboen babesa lortu nahi duela neurri onartezin horiek aurrera ateratzeko».
CCOOren ustez, Osakidetzak berriro «adabakiak jartzera» jo du «egiturazko gabeziari» heldu beharrean: «Neurri horiek ez dute sakoneko arazoa konpontzen; atakatik ateratzea beste helbururik ez dute».