Apaldu egin da DBHn euskaran eta matematikan duten gaitasuna

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hiru ikasletik bik nabaritu dute COVID-19agatik okertu egin dela euren maila akademikoa

Bilboko ikastetxe bat, artxiboko irudi batean. ARITZ LOIOLA / FOKU.
Irati Urdalleta Lete.
2021eko ekainaren 29a
00:00
Entzun
Bi urtean murriztu egin da Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikasleen hizkuntzarako konpetentzia euskaraz, baita matematikakoa, gaztelerakoa eta ingelesekoa ere. Ondorio argiak atera daitezke Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ikasleek ebaluazio diagnostikorako egindako probetatik. Jokin Bildarratz Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak eta Begoña Pedrosa sailburuordeak eman zituzten atzo hezkuntza sistemaren egoeraren inguruko xehetasunak, Euskal hezkuntza sistemaren diagnostikoa aurkezte aldera Eusko Legebiltzarreko Hezkuntza batzordean egindako agerraldian.

Txosten horretan, ebaluazio diagnostikoari erreparatu diote. 2019tik 2021era, galera nabari da DBH2ko ikasleek egindako azterketetan: hizkuntzetarako konpetentziari dagokionez, euskaran zazpi puntu egin dute behera—241etik 234ra—, gazteleran ere zazpi puntu apaldu dira emaitzak —251tik 244ra—, eta bost ingelesean —244tik 239ra—. Matematikako emaitzek ere joera txarra erakusten dute: 246 puntutik 239ra jaitsi dira. Zientzietarako konpetentzian, berriz, hiru puntu gehiago eskuratu dituzte (244).

Bestelakoak dira Lehen Hezkuntzako laugarren mailako ikasleek lortu dituzten emaitzak: hizkuntzarako konpetentzian, euskaraz bi puntu gehiago eskuratu dituzte (254), eta sei gehiago ingelesez (245); aldiz, gaztelerazko gaitasunak hamahiru puntu behera egin du —249tik 236ra—. Matematikarako eta zientziarako konpetentzietan ere emaitzak hobetzea lortu dute, bost eta hiru puntu, hurrenez hurren. Aurten, pandemia dela medio, ikastetxeek borondatez parte hartu dute proban; LH4n ikastetxeen %32,6k egin dute hautu hori, eta DBH2n, %40,1ek.

Emaitza orokorrak horiek izan arren, zenbait aldagairen arabera ikasleek emaitza hobeak edo kaskarragoak lortu dituzte. Adibidez, LH4ko ikasleek euskaran duten gaitasunari erreparatuta, emaitza onenak D ereduan dihardutenek dituzte, neskak mutilak baino hobeto aritzen dira, eta etxetik euskara jasotzen dutenek dute mailarik onena (280 puntu). Maila sozioekonomikoaren eragina ere nabaritu dute: maila apaleko familietako ikasleek 230 puntu lortu dituzte, eta maila altukoek, 273. Eta ikastetxeetan ere uzten du arrastoa: maila sozioekonomiko apaleko eskoletako ikasleek 234 puntu lortu dituzte, eta 257 maila altukoek, baina puntuaziorik onena maila ertain-altukoek dute: 263.

Aurtengo ikasturteak protagonista bat izan badu, hori COVID-19a izan da, eta ikasleengan zer ondorio izan dituen aztertu dute. Txostenean jaso dutenez, ikasleen %65,4k euren maila akademikoa okertu delakoan daude—%31,5 apur bat identifikatuta sentitzen dira baieztapen horrekin, %20 nahiko identifikatuta, eta %13,9 oso identifikatuta—. Gainera, %72,3 ez daude ikasteko motibatuta, eta%65,8k antsietate edo estres handiagoa dute.

Bildarratzek beste hainbat datu ere eman ditu, hezkuntza sistemaren egungo egoeraren argazkia egite aldera. Hizkuntza ereduari begira jarrita, D eredua da nagusi —euskara hutsezkoa—, eta etengabe hazten ari da, pixkanaka bada ere: 2015ean, LHn, ikasleen %72,2 aritzen ziren eredu horretan, eta DBHn, %64,6; 2020an, berriz, %76,7 eta %71, hurrenez hurren. Ikasketa mailan ere hobekuntza antzeman daiteke. Hirugarren mailako ikasketak dituzte Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako 25 eta 64 urte bitarteko herritarren %53,4k, eta Europako Batasuneko batezbestekoa %32,5ekoa da. Gainera, eskola uzte goiztiarra %12,4tik %6,5era jaistea lortu dute zortzi urtean.

Hezkuntza bermatu ahal izateko, ezinbestekoa da finantzaketa. 2019an, 2.906 milioi euro inbertitu zituzten, inoiz baino gehiago. Bildarratzek zehaztu duenez, unibertsitatez kanpoko irakaskuntzako ikastetxe publikoetako ikasleko 9.415 euro inbertitzen dituzte urtean.

Erronkak zehaztuta

Egungo egoera errepasatu ostean, etorkizuneko erronketan zentratu da Bildarratz. Euskara da horietako bat: «Gure ikasleek euskarazko komunikazio gaitasuna hobetzea eta ikastetxeetan euskara gehiago erabiltzea gure lehentasunezko lan ildoetako bat izango da datorren ikasturtean». Horretarako, hainbat programa martxan jarri edo indartuko dituztela esan du. Digitalizazioaren alorrean ere pausoak eman nahi dituzte, besteak beste, irakasleei gaiaren inguruko formakuntza emanez. Horrez gainera, beste hainbat erronka ere buruan dituzte: ikastetxeetako autonomia areagotzea, bizipen emozionalei heltzea,hezkuntza formalaren eta ez-formalaren arteko «sinergiak sendotzea»... Bildarratzek ezinbestekotzat jo du hezkuntza sisteman akordioak lortzea ere. Hezkuntza batzordeko alderdiek txostena batzordearen aurretik eman ez izana kritikatu dute, baita hainbat proposamen egin ere, esaterako, EH Bilduk: ikastetxeen autonomia «muturreraino eramatea», iraultza pedagogikoan sakontzea, aukera berdintasuna eta inklusioa sustatzea...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.