Seriea. Euskararen bilakaera soziolinguistikoa (IV)

Apal ezagutzan, apal erabileran

Euskaldunen proportzioa gero eta apalagoa da Ipar Euskal Herrian, eta horrek ondorioak ditu erabileran ere. Azken hogei urteetako hizkuntza politikak baikorki eragin du, baina ez da aski izan egoera bestelakotzeko.

Ekhi Erremundegi Beloki.
2024ko urtarrilaren 5a
05:00
Entzun

Kezka eragiten du euskararen egoerak Ipar Euskal Herrian. Hiztun proportzioa apaldu eta apaldu ari da azken 25 urteetan, eta bide beretik segituko duela aurreikusi du EEP Euskararen Erakunde Publikoak 2050erako egin dituen prospekzioetan. Joera aldatu eta hiztun kopurua %30era heltzea ahalbidetuko lukeen hizkuntza politika anbiziotsua eskatu du azken hilabeteetan euskalgintzak. Eneko Gorri soziolinguista eta euskalgintzako ekintzailearen iritziz, «etorkizun posible eta desiragarria da».

Bilakaera soziolinguistikoaren inguruko gogoeta eskatuta, etorkizunerako erronkak definitu zituen 2017an: Euskararen lurralde estatusa, biziberritzerako esperimentazio perimetro izendapena, Euskal Herri mailako lankidetzak, irakaskuntzaren orokortzea eta eragileen sostengua. Sei urte berantago, uste du erronkak eta premiak ez direla aldatu: «Aldarrikapen bertsuak ditu euskalgintzak».

Euskal Hirigune Elkargoa sortu berria zen garaian, eta haren lidergoaz ere egin zuen gogoeta. «Hizkuntza politikak lurralde guzira ekarri ditu, baina ez ditu tresna guziak eragiteko». Herri mugimenduaren eta instituzioen arteko lankidetzan segitu, baina erakundeei «anbizio» gehiago eskatu behar zaiela uste du. «Duela sei urte bezala, mobilizazioaren araberako hizkuntza politikak lortuko ditugu».

Ezagutza eta gaitasuna

Hemorragiarik gabe, txikitzen

2016ko inkesta soziolinguistikoaren daturik esanguratsuena zen: lehen aldiz, euskaldun kopuruan ez zen apaltzerik zenbaki absolutuetan. 51.000 inguru euskal hiztun zenbatu zituzten orduan, eta, sei urte beranduago, kopuru berean egonkortu da. «Ez da gutxi», Gorriren iritziz. «Lehen irakaspena da politika publikoek eta herri mugimenduaren mobilizazioek eragina badutela». Haatik, euskaldunen proportzioa apaldu eta apaldu ari da. 1996an, euskaldunak %26,4 ziren; 25 urte beranduago, %20,1.

Proportzio horri so egin behar zaio, Gorriren iritziz. «Lurralde erakargarri honetan saldo demografiko positiboa dugu. %94 Frantziako Estatutik heldu da, haien buruan estatuko eskualde batetik bestera mugitu dira». Datuetan 3.000 pertsonako saldo positiboa da, baina errealki 9.000 atera eta beste 12.000 sartzen dira. «Urtero, gure lurraldea gai izan behar da 12.000 erdaldun berri euskarara eta euskal kulturara hurbilarazteko. Hau da gure errealitatea». Mehatxu bat baino gehiago aukera bat izan daitezkeela dio, «baldin eta antolatuak bagara haiekin ere gure hizkuntza eta kultura partekatzeko; gaur egun ez gara hala».

«Eskola elebidunetan euskararen hautua eginen dute errazkiago Ipar Euskal Herrira berriki bizitzera etorri diren biztanleek, ez eta hemen sortu eta handitu diren gurasoek. [...] Nahi dute integratu, nahi dute ikasi».

ENEKO GORRI Soziolinguista eta euskalgintzako ekintzailea

Azken hogei urteetako hizkuntza politikak hezkuntzan eman ditu indar gehienak: sail elebiduna anitz garatu da Lehen Mailan, bai publikoan eta bai pribatu katolikoan, eta euskara hutsean ari diren ikasgelak ireki dituzte, nagusiki Haur Hezkuntzan. Ildo beretik, ikastolako ikasle kopurua ere gora eta gora doa. Inkesta soziolinguistikoaren datuetan ere gazteenen artean ikus daiteke goranzko joera: 16-24 urte artekoen artean, 25 urtean kasik bikoiztu da euskal hiztun kopurua (%21,5 dira), eta 25-34 urte artekoetan ere goraka ari da 2006tik (%17,2 dira).

Lapurdi kostaldeko eskola elebidunetako fenomenoa azpimarratu du Gorrik: «euskararen hautua eginen dute errazkiago Ipar Euskal Herrira berriki bizitzera etorri diren biztanleek, ez eta hemen sortu eta handitu diren gurasoek, horiek badutelako haien bizkar zakuan 80ko hamarkadako giroa, aitatxi-amatxiek 50eko hamarkadan jasandako debekua; zailago zaie beharbada hautua egitea. Hona heldu direnak bilakaera historiko hori guztia gabe heldu dira, eta nahi dute integratu, nahi dute ikasi».

Ipar Euskal Herrian beste fenomeno bat ere behatzen dutela ohartarazi du, bereziki helduen euskalduntzerako ikastaldi trinkoetan eta barnetegietan: «30 eta 40 urte inguruko gazte batzuek euskara ikasten dute ikusten badute beren lurraldea asko aldatzen ari dela. Hemen sortu eta hemen hazi dira, eta urte batzuetara ohartu dira atzerritar sentitzen zirela beren herrian. Bizi izan dira bizkarra emanez euskarari, eta gaur egun itzultzen dira, eta ohartzen dira gelditzen zaien gauza bakarra dela. Eta ikasten hasten dira». Azken urteetan Foruko (Bizkaia) barnetegian profil horretako anitz izan direla entzun du. «Fenomeno interesgarria iruditzen zait, frogatzen baitu euskara dela errotze eta garapen pertsonalerako tresna bat».

«Argumentu funtzionalez gain, herri edo lurralde honetan munduko herritar gisa bizitzeko ere balio du euskarak, eta munduan kokatzeko. Ez nuke nahi bakarrik funtzio instrumentala duen hizkuntza bat saldu. Ez bada dimentsio sentimental eta afektiborik, galtzen dugu gauza asko. Eta hori edonork izan dezake».

ENEKO GORRISoziolinguista eta Euskalgintzako ekintzailea

Aurtengo ikasturtean 1.440 ikasle dira AEKn, pixkanaka emendatuz badoa ere, nahikoa kopuru egonkorra da azken urteetan; euskaltegietan da ikasle gehien, hasierako mailetan. 49 ikasle daude ikastaldi trinkoetan. «Gaur egun, ez dugu aski erraten sei hilabetez posible dela hutsetik abiatu eta B1 mailaraino iristea ikastaldi trinko baten bidez. Kasik mirakulu bat da. Bizimoldeak asko aldatu dira: nork abiatuko du zazpi urteko ibilbide bat bere lanetik aparte euskara ikasteko?». Ikastaldi trinkoak sustatu behar liratekeela uste du, diru laguntza publikoak mobilizatuta. «Existitu behar dira mekanismo batzuk sei hilabetez askatzen zaituztenak». AEK indartu behar dela uste du, euskalgintzako eragileek oro har bizi duten prekaritatea deitoratuta.

Azkenik, diskurtsoan eragiteko beharra ere azpimarratu du. Gorriren iritziz, erdaldunei helarazi behar zaie bizitzen ahal direla euskararik jakin gabe, baina ez direla ohartzen zenbat aukera galtzen dituzten, sektore ezberdin anitzetan. «Argumentu funtzionalez gain, herri edo lurralde honetan munduko herritar gisa bizitzeko ere balio du euskarak, eta munduan kokatzeko. Ez nuke nahi bakarrik funtzio instrumentala duen hizkuntza bat saldu. Ez bada dimentsio sentimental eta afektiborik, galtzen dugu gauza asko. Eta hori edonork izan dezake».

Euskara gaitasunari dagokionez, euskaraz errazago ari direnen kopurua apalduz doan heinean emendatzen ari da erdaraz errazago ari direnena azken 25 urteetan. «Elkarrekin euskaraz aritzeko gai ez diren euskaldunak ekoizten baditugu, gaizki gabiltza». 

Erabilera

Inoizko emaitzarik txarrena

Erabileraren datuak ere ez dira batere onak. Inkesta Sozioilnguistikoaren arabera, euskaraz erdaraz baino gehiago mintzo direnak %1,1 dira, eta bi hizkuntzak hein berean erabiltzen dituztenak %6. Kaleko neurketetan kasik erdira jautsi da erabilera (%4,9). Baionan gaztelera entzuten da euskara baino gehiago. «Inoiz neurtu den emaitzarik txarrena» dela adierazi du Gorrik. Hala ere, bi gauza nabarmendu ditu: Hego Euskal Herrian ez bezala, euskararen ezagutza handiagoa den eremuetan euskara gehiago praktikatzen da karrikan, eta emendatzen da. Eta emendatzen segitzen du ere haurrak eta gazteak interakzioan direlarik. «Adin piramidearen zolatik heldu da aldaketa: haurrek garamatzate praktika hobeetara».

Espazio publikoaren berreskuratzeari «biziki estrategikoa» deritzo:  «Badugu gure historiari lotuta, etxetik atera eta txipa aldatzeko joera; barnealdeko herrietan ikusten da: etxean eroso, auzo hurbilarekin ere, baina karrikan, medikuarekin edo ezezagunekin frantsesera lerratzen naiz». Euskaraldiak eta antzeko ariketek zerbait ekartzen ahal dutela uste du, baina administrazioarekin euskaraz aritzeko instituzio publiko batzuek egiten duten lana ere goraipatu du: «Zerbait sinbolikoa ere hausten da: autoritatearekin euskaraz mintzatzen banaiz, zerbait aldatzen da».

Erabilera askatzeko faktore ezberdinak aipatu ditu: maila, hizkuntza paisaia, hiztun dentsitatea, koadroa... «Hizkuntza paisaia asko euskaldundu da, baina ez da aski, ezagutza %20ko sabaian da, hiztun dentsitate hori emendatu behar dugu eta ezagutzaren unibertsalizaziorantz joan behar gara, eta, horrekin batera, erabilera askatuko luketen beste faktoreak indartu behar ditugu».

Jarrera

Kontsentsu soziopolitikoa, oraingoz

Inkesta Soziolinguistikoaren arabera, euskararen aldeko jarrera egonkorra da azken 25 urteetan. Haatik, 2000ko hamarkadan eratu zen kontsentsu soziopolitikoa azpimarratu du Gorrik. «Gure indar handia da». Lehen «politikoki markatua» zena orain «politikoki zuzena» dela azaldu du. «Konkretuki, paradigma aldaketa handi bat edo moda efektu bat den, oraingoz ez dakigu, baina bada aldekotasun bat euskararen inguruan».

Haatik, politikari batzuen diskurtsoan behatzen duen aldaketa azpimarratu du: «Gero eta gehiago hasten dira baldintzatzen euskararen aldeko ekintzak: euskararen alde bai, baina gure baliabide ekonomikoen mugen barruan; euskararen alde bai, baina Frantziako Errepublikaren koadroan; euskararen alde bai, baina jendartean badira kezka iturri diren beste gai batzuk –etxebizitza eta abar–. Lehenago holakorik ez zen entzuten. Uste dut ez dela kasualitatea; izan daiteke haizearen zentzuaren aldaketa baten seinale». Feminismoan erabiltzen den backlash kontzeptua aipatu du, aitzinamendu batzuen aitzinean sortzen den erreakzioa esplikatzeko. «Ez dakit horren atarian garen».

Baiona: Gaztelera gehiago euskara baino

Euskaldunak %8 inguru dira Baiona-Angelu-Miarritze hirigunean Inkesta Soziolinguistikoaren arabera. Horien artean %11 dira euskal elebidunak, eta %55 hobeki moldatzen dira erdaraz. Euskarak kalean duen erabilerak ere biziki datu apalak eman ditu azken hamar urteetan: %2aren ingurukoa da erabilpena. Eremu horretan da Ipar Euskal Herriko biztanle dentsitaterik handiena. Baiona hiriburuan ere gisa bereko datuak dira kale erabilerari dagokionez, %2 ingurukoak. Gehiago dira karrikan gazteleraz (%3,4) edo beste hizkuntzetan (%3,8) entzuten direnak. %90etik gora frantsesez mintzo dira. 

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.