Gipuzkoako Aldundiak aurkeztutako kereila tramiterako onartu du epaileak, eta, horrenbertzez, urtarrilaren 29an eta 30ean joan beharko dute deklaratzera, AP-1 errepideko irregulartasunengatik, Gipuzkoako errepideak kudeatzeko ardura duen Bidegi enpresako eta autobide horretako obrako zuzendari ohiek. Agustin Zugasti Arizmendiarrieta Bidegiko zuzendari tekniko ohia, Juan Bautista March Fabregues obra zuzendaria eta Laurena aldi baterako enpresa elkarteko zuzendari Ivan Fernandez de Landa Bercedo dira inputatuak; Azpeitiko (Gipuzkoa) Lehen Auzialdiko eta Intrukzioko 2. epaitegian deklaratu beharko dute.
Dokumentuen faltsutzea eta diru publikoa bidegabe erabiltzea egotzi diete hirurei. Izan ere, obra batzuk egin ez baina horiengatik ordaindu zutela salatu du aldundiak, eta horretarako dokumentu faltsuak izenpetu zituztela. AP-1 autobideko Eskoriatza Iparra-Arrasate Iparra zatian agertutakoak dira irregulartasunak, eta aldundiak kalkulatu duenez, orotara 3,4 milioi euro ordaindu zituen Bidegik egin gabeko hiru lanengatik.
Eptisa-Cinsa eta Laurena
Eptisa-Cinsa Ingenieria y Calidad SA enpresari adjudikatu zion Bidegik AP-8 eta AP-1 errepideen birgaitze proiektuen estruktura egonkorren obra zuzendaritzaren asistentzia teknikoa, eta enpresa horretako obra zuzendaria da inputatuetariko bat: March Fabregues. Urtarrilaren 29an joan beharko du Azpeitiko auzitegira inputatu modura, Zugasti Arizmendiarrieta Bidegiko zuzendari tekniko ohiarekin batera. Fernandez de Landa Bercedok, berriz, urtarrilaren 30ean joan beharko du deklaratzera. Laurena aldi baterako enpresa elkarteko zuzendaria da: Dragados, Moyua, Ossa eta Geotunel enpresek osatzen dute elkartea.
Azaroaren 21ean ireki zuen Gipuzkoako Foru Aldundiak hiru inputatu horien aurkako kereila. Azaldu zutenez, Deskargako obretako lur soberakinak nora eraman aztertzen ari zirela ohartu ziren Basagoiti-2 biltegia ez zegoela beteta. Otsailean izan zen hori. AP-1eko lanetarako erabili zen biltegia, eta 2011ko ekainaren 17ko likidazioko paperen arabera, biltegiaren ia %99,78 zegoen erabilita. Aldundiak egindako neurketek erakutsi dute, ordea, hori ez dela hala, eta Bidegik hura betetzeagatik ordaindu egin zuela. Datu horien arabera, behar baino 532.000 euro gehiago pagatu zituen Bidegik.
Bertzalde, Basagoitiko biltegia beterik zegoela argudiatuta, bertze bat erabili zuten AP-1eko lanetako lur soberakinak gordetzeko, eta horrek ere ohiz kanpoko gastuak ekarri zituen. Aldundiak dioenez, 900.000 euro gehiago pagatu zituzten horregatik. Azkenik, egin gabeko indusketa batzuk ere salatzen dira kereilan: bi milioi euro gehiago ordaindu zituen Bidegik horiek egiteko, aurkeztutakoaren arabera.
Gipuzkoako Foru Aldundiak salatutakoa frogatuko balitz, hogei milioi euroko likidaziotik 3,4 milioi ordaindu izanen lituzke Gipuzkoako errepideak kudeatzen dituen enpresak egin gabeko hiru lanengatik. Aitzineko legegintzaldiaren bukaeran eginak lirateke delituak, baina aldundiak azaldu duenez, otsailera arte ez ziren horietaz jabetu.
AP-1 errepideko irregulartasunen harira, inputatu gisa deklaratzera
Epaileak tramiterako onartu du Agustin Zugasti, Juan Bautista March eta Juan Fernandezen aurka Gipuzkoako Aldundiak jarritako salaketa

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu