'Jon Anzaren auzia'. Artxiboa

Anzaren heriotzaren ikerketa ixtea deliberatu du Tolosako epaileak

«Disfuntzio» ugari izan direla aitortu du epaileak, baina afera artxibatzea deliberatu du, eta heriotza naturala dela ebatziIkerketak ez du argitu desagertzearen eta heriotzaren arteko loturarik ote dagoen

Aitor Renteria.
Baiona
2013ko uztailaren 13a
00:00
Entzun
Miryam Viargues Tolosako (Frantzia) instrukzio epaileak Jon Anzaren kasua ixtea deliberatu du. Kasua artxibatzea eskatu dio prokuradoreari. Jon Anza 2009ko apirilaren 18an desagertu zen, Tolosarako trena hartu ondoren. 2010eko martxoaren 11n jakinarazi zuten hilik agertu zela Tolosako Rangueil erietxean. Viarguesek onartu du inkestan «disfuntzio» ugari egon direla, baina lehen unetik ohartarazi zuen ez zela bere funtzioa hori argitzea, Anzaren heriotza ikertzea baizik. Ororen buru, hiru urteko inkestaren ondoren, ebatzi du Anzaren heriotza naturala izan zela, zuen eritasunak eraginda hil zela. Defentsa abokatuek helegitea ezarri dute, epailearen ebazpena eskuratu bezain laster.

Instrukzioak bi atal ukan ditu: lehena Baionan eta bigarrena Tolosan. Anne Kayanakisek zuzendu zuen Baionakoa, 2009ko maiatzaren 15ean familiak Anza desagerturik zegoela salatu ondoren. Gorpua Tolosako Purpan gorputegian zegoela jakin eta gutxira, kasuaren ardura hartu zuen Anzaren desagertze eta heriotzaren inguruko egia osoa argituko zuela agindu zuen Kayanakisek.

Bertsio ofizialak dio Tolosarako trena hartu eta hamaika egun desagerturik egon ondoren 2009ko apirilaren 30ean agertu zela Tolosako Strasbourg etorbidean. Hippoppotamus jatetxearen aitzinean ikusi zuten, zentzua galtzen. Suhiltzaileek eraman zuten Rangueil erietxera. Maiatzaren 11n zendu zen. Ez zuten haren nortasuna atzeman, 2010eko martxoaren 11ra arte.

Alta, ordurako Poliziak bazekien Anza ETAko kidea zela, haren hatz markak atzeman baitzituzten Senperen (Lapurdi) topatutako zulo batean. Aitzinetik preso izana zen 20 urtez Espainian, ETAko kide izateagatik. ETAk ere aitortu zuen haren militantzia. Desagertu zelarik, ETArentzako diru kopuru handia zeramala jakinarazi zuen. Diruarekin alde egin zuela erran zuten orduan Espainia eta Frantziako Barne ministroek.

Heriotza eta disfuntzioak

Anzak minbizia zuen, eta tratamendu zorrotza jarraitu behar zuen. Eritasun horren ondorioz hil zela ebatzi du epaileak, ikertu gabe desagerturik egon zen egunetan zergatik ez zuen tratamendua hartu edo egun horietan zerk eragin zion trenputxartze eta ondorengo heriotza. Baina hori ez da inkesta horretan egon den «disfuntzio» bakarra izan.

Anza desagertu zelarik, Baionatik abantzu Tolosarainoko erietxe guztietan ikertu zuen Poliziak. Azken horretako erietxeetan ez zuten ikertu, nahiz eta jakin hara zihoala. Erietxean sartu zelarik, Anzak bi tren txartel zeramatzan, Baiona-Tolosa eta Tolosa-Baiona norabideetan. Aitzinetik egindako ebakuntzen orbainak ere bistakoak ziren. Hala ere, Tolosako erietxeko arduradunek ez zuten lortu jakitea nor zen haien zerbitzuan zegoen gizon hura. Gerora desagertu ziren bai tren txartelak, bai Anzak jantzita zeraman arropa. Arrazoirik ez dute eman.

Erietxean sartu zen garaian, ezezagun batek eraman zuen Anzaren pasaportea polizia etxera, eta polizia batek objektu galduen bulegora. Anonimotasuna baliatuta eraman zuten, ez baita inoren izenik agertzen. Espainiako kontsuletxera eraman zituzten ondoren, baina hark hilabete luzeetan atxiki zituen, familiari deitu edo helarazi gabe. Disfuntzioak baino gehiago, ikerketan deusek ez zuela funtzionatu erran zuen familiak.

Familiaren salaketaren ondo ren, 2009ko maiatzaren 20an,Tolosako erietxeetara igorri fax baten bidez Anzaren presentziaz galdetu zuen Franck Aizoberri Baionako poliziak. Anzaren argazkia zihoan eskarian. Tolosatik erantzun zioten ez zegoela bertan, nahiz eta Anza han egon egun haietan, hilotz, Purpaneko gorputegian.

Anza erietxean sartu zenetik, Tolosako Rangueil erietxeko arduradunek behin eta berriz jakinarazi zioten Tolosako prokuradoreorde Renaud Soubeleti ikertzeko konorterik gabe atzeman zuten pertsona hura nor zen. Epaitegikoek erran zuten maiatzaren 6an fax bat igorri zutela polizia etxera eta ikerketa irekitzea agindu. Fax horren aztarnarik ez zegoen. Anzaren heriotza gertatu eta bi egunera, Poliziak dokumentu horren originala atzeman zuen epaitegian.

Anza desagertu baino lehen, Juan Mari Mujika iheslaria bahitu zuten lau ezezagunek, ordu batzuz. Kasua ez zen argitu. Anza desagertu zelarik, 20 guardia zibil inguru zeuden Tolosan. 2009ko maiatzaren 20an bi guardia zibilek lasterka utzi zuten Tolosako Adagio hoteleko gela, armak bertan ahantzirik. Epaileak erran zuen gertakari horrek ez zuela loturarik Anzaren aferarekin.

Egiari zor

Ikerketa abiatu zelarik, egia argitzea nahi zuela erran zuen familiak. Epaileak kasua artxibatzea eskatu du, baina egindako galderak erantzun gabe. Gainera, epaileak «gaizkiletzat» hartu zituela deitoratu zuen familiak. Galdera ugari gelditu dira airean. «Non egon zen Jon desagerturik egon zen hamabi egunetan? Zergatik atxiki zuten gorpua Purpan erietxean hamar hilabetez, autopsiarik egin gabe eta baldintza kaskarretan? Zergatik ez zuten ikerketarik egin Tolosan 2010eko martxoaren 11ra arte, han zegoelarik gorpua eta hara zihoala jakinik? Nola pentsa daiteke egon diren disfuntzioak normalak izan daitezkeela etakide baten kasuan?».

Heriotzaren arrazoia eta desagerturik egon zen egun horietan zer gertatu zen argitzea nahi du familiak. Alta, epaileak ez du heriotzaren arrazoia ikertu nahi izan. Ez du ikertu zergatik eta non egon zen desagerturik. Anza ETAko militantea izanik, militantziaren eta heriotzaren arrazoien arteko balizko lotura egin gabe ikertzea ez onartzeak ikerketa bide itsura daramala erran zuen familiak. Nahiz eta epaileak kasua artxibatu, egia argitzea galdegiten segituko du familiak, auzia azken aukeraraino baliatuz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.