ANVri eskubideak urratu zaizkion edo ez ebatziko du Estrasburgok asteartean

Gorenak alderdia legez kanpo utzi zuenean adierazpen askatasuna eta biltzekoa urratu zituen ebatziko du

Oihana Elduaien Uranga.
2013ko urtarrilaren 10a
00:00
Entzun
EAE-ANV alderdia legez kanpo utzi zutenean Espainiako auzitegiek giza eskubideak urratu zituzten edo ez erabakiko du Estrasburgoko Giza Eskubideen Auzitegiak, datorren asteartean, hilak 15. Espainiako Auzitegi Gorenak hartutako eta Konstituzionalak berretsitako erabakiak oinarrizko bi eskubide urratzen dituela argudiatu zuen alderdiaren defentsak: 10. artikuluan jasotzen den adierazpen askatasuna, eta 11.ean jasotzen den biltzeko eta elkartzeko askatasuna. Haiek urratu diren edo ez erabaki beharko du Estrasburgok.

Espainiako Auzitegi Goreneko 61. areto bereziak 2008ko irailaren 16an utzi zuen legez kanpo EAE-ANV alderdia, eta Konstituzionalak 2009ko urtarrilaren 29an berretsi zuen erabakia. 1930. urtean sortu zen alderdia legez kanpo uzten zuten bigarren aldia izan zen hura, frankismoan ere halaxe egin baitzuten.

Izan ere, 2007ko udal eta foru hauteskundeetara aurkeztea erabaki zuenetik —190.000 herritarren babesa jaso zuen—, EAE-ANV Batasunaren segida zela ebatzi zuen Gorenak. Konstituzionalak esan zuen ANV Batasunarekin lotzeko «nahiko froga» bazeudela, Gorenak esan gisara. Batasunari «behin eta berriz eta modu larrian» laguntzea eta «politikoki babestea» aurpegiratu zion Konstituzionalak. Espainiako Estatuaren abokatuak eta Fiskaltzak eskatuta abiatu zuten legez kanporatzeko prozesua. Haien argudio nagusia zen ANVk Batasuna finantzatu zuela «kutxa bateratua» erabilita. Halakorik esateko «nahiko froga» ez zegoela esan arren, bi alderdien arteko lotura frogatutzat eman zuen Gorenak, aho batez, bilera bakar batean.

Alderdiaren jarduera eteteko agindua ere eman zuen Gorenak orduan, baina horrek ez zuen eraginik izan, Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaile Baltasar Garzonek alderdiaren jarduerak debekatuak baitzituen ordurako.

Alderdien kontra egiteko bi auzibide dituzte Espainiako auzitegiek. Bide zibila da bat, Espainiako Alderdien Legea eskuan hartuta alderdia bera legezkoa den edo ez aztertzen duena. Auzitegi Goreneko 61. areto bereziaren esku dago hori, eta ezin ditu pertsonak zigortu.

Beste bidea, bide penala da; Auzitegi Nazionalak baliatu izan duena. Bide horretatik ezin da alderdi bat legez kanpokotzat jo, pertsonen kontra egiteko baita. Hala ere, alderdiko kideek legea urratzen dutela ondorioztatuta, haren jarduerak eten ditzake.

Horixe egin zuen Garzonek 2008ko otsailean. Badaezpadako neurri gisa eman zuen agindua, hiru urterako, Espainiako Gorteetarako Hauteskundeetarako atarian —ANV aurkeztekoa zen—. Garzonek abiatutako ildo penalak bere bidea jarraitu du, eta orain, 43 lagun daude auzi horretan epaiketaren zain.

Ez da Garzonen auzia Estrasburgora iritsi dena, baizik eta Gorenak Alderdien Legea eskuan hartuta abiatutako auzia. Hala, ANV legez kanpo uzteko orduan giza eskubideak urratu zituzten edo ez erabaki beharko du.

Estrasburgo, bigarrengoz

Asteartekoa ez da Europako Giza Eskubideen Auzitegiak ANVri buruzko erabaki bat hartzen duen aurreneko aldia. Izan ere, alderdi horrek birritan jo du Auzitegi horretara. Alderdia artean legezkoa zela Espainiako auzitegiek 2007ko Udal eta Foru hauteskundeetaraaurkeztutako 245 zerrendetatik 133 baliogabetu izana salatzera joan zen aurrena. Estrasburgok 2008ko abenduan eman zuen ebazpena, eta ez zion arrazoirik eman ANVri.

Batasunaren auziko epaia erabili zuen erreferentzia gisa Estrasburgok kasu hartan. Haren ildotik, nahiko frogatutzat jo zuen ANVren legez kanporatutako zerrendek Batasunaren jarduera jarraitzeko asmoa zutela. Zazpi epailetatik bostek onartu zuten ebazpen hori, eta bik boto partikularra eman zuten eta ANVri arrazoia onartu. Hain justu, oraingo auzian ere salatzen dena, 10. eta 11. artikuluak urratu egin zirela, zioten bi epaile horiek.

Batasuna aurrekari

ANV legez kanpo uzteko Espainiako auzitegiek baliatu zuten Alderdien Legea ontzat jo zuen, ordea, Estrasburgoko Auzitegiak. HB, Batasuna, AuB, 218 herri plataforma eta Herritarren Zerrendaren legez kanporatzea zilegi zela ebatzi zuen 2009ko uztailean. Epai berezia eman zuen, eta alderdi haiek legez kanporatzeko orduan Europako Hitzarmeneko 10. 11. eta 13. artikuluak urratu zirela aitortu arren, legez kanporatzeak ontzat jo zituen, «gizarte demokratikoarentzat beharrezkoak» zirela argudiatuta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.