Baltasar Garzon epailearen auto batean oinarriturik, Espainiako Hauteskunde Batzorde Zentralak oker aplikatu du legea legez kanporatze kasu batean, Auzitegi Gorenaren epai batek agerian utzi duenez. Hauteskunde Batzorde Zentralak debekatu egin zion Villabonako EAE-ANVko zerrendakide bati zinegotzi agiria jasotzea eta Auzitegi Gorenak baliogabetu egin du batzordearen akordio hura, Konstituzioaren 23.2 artikuluan jasotzen den oinarrizko eskubidea (sufragio pasiboarena) urratzeagatik. Epai horren bidez, Auzitegi Gorenak argi utzi du Hauteskunde Batzordeak era bidegabean aplikatu zuela legea, eta helduleku gisa erabilitako Garzonen autoa «ageriko hutsegite batean» oinarritzen zela.
2009ko uztailaren 31n, Villabonako alkateorde Remi Aiestaran bihotzekoak jota hil zen, Ertzaintzarekin tentsio uneak bizi ondoren. Remi Aiestaran EAE-ANVko zerrendan aurkeztu zen 2007ko udal hauteskundeetan, eta heriotzaren ondoren, haren lekua bete nahi izatean sortu zen auzia. EAE-ANVk sei zinegotzi lortu zituen hauteskundeetan eta zerrendako zazpigarrenak ukoa aurkeztu ondoren, zortzigarrenak, Bittor Azpeitiak, zinegotzi izendatzeko tramiteak hasteko eskatu zuen. Villabonako udalbatzarrak Aiestaranen lekua betetzeko akordioa hartu zuen 2009ko abenduan, eta Hauteskunde Batzorde Zentralera jo zuen zinegotzi berriaren kredentziala eskuratzeko.
Hauteskunde Batzordeak, ordea, 2010eko urtarrilaren 12an hartutako akordioan, erabaki zuen ezinezkoa zela Bittor Azpeitiari zinegotzi agiria ematea, Auzitegi Nazionaleko 5. instrukzio epaitegiak 2008ko martxoaren 14an ebatzitako auto bat oinarri hartuta. Autoa Baltasar Garzon epailearena zen, beste kasu bati lotua, Ubideko EAE-ANVko zinegotzi baten ordezkatze saioari, alegia. Ubideko zinegotziaren kasuan, Hauteskunde Batzorde Zentralak kontsulta bat egin zion Baltasar Garzon epaileari ea agiria ematerik bazegoen. Garzonek ezinezkoa zela erantzun zion aipatutako autoan. Garzonek Hauteskunde Erregimen Orokorraren Lege Organikoaren 182. artikulua aipatuz, ordezkapena egin ahal izateko alderdiaren izendapena beharrezkoa zela argudiatu zuen, eta EAE-ANVren jarduerak etenda zeudenez hori ezinezkoa zela gogoratu zuen.
Villabonako zinegotziaren kasuan, Hauteskunde Batzordeak Ubideko aurrekariari heldu zion zinegotzi agiria ukatzeko. Kasu honetan, baina, Bittor Azpeitiaren abokatu Iñigo Iruinek Auzitegi Goreneko auzi-administratiboaren salara jo zuen Hauteskunde Batzordearen erabakiaren kontra, eta Auzitegi Gorenak arrazoia eman dio.
Batetik, Auzitegi Gorenaren ustez, «ezin da onartu udal zinegotzien ordezkapen mekanismoaren arautze legalaren interpretazioa zigor arloko organo jurisdikzional baten eskumena izatea». Beraz, Hauteskunde Batzordeak Garzoni egin zion kontsulta lekuz kanpo zegoen. Baina, larriagoa dena, Garzonek emandako argudioak okerrak ziren, Auzitegi Gorenak atzo jakinarazitako epaian nabarmendu duenez. Zeren eta Hauteskunde Erregimen Orokorraren Lege Organikoaren 182. artikulua argia baita: «Zinegotzi baten ukoaren, gaitasunik ezaren edo heriotzaren kasuan eserlekua zerrenda bereko dagokion hautagaiari, edo bere kasuan ordezkoari, ordena kontuan hartuta». Auzitegi Gorenak nabarmendu duenez, «aipatutako artikulua hitzez hitz kontuan hartuta, agerikoa da 2008ko martxoaren 14ko autoaren eta Hauteskunde Batzordearen hutsegitea, udal zinegotzi baten ordezkapenerako ez delako behar dagokion alderdi politikoaren aldez aurretiko erabakirik, autoak esaten zuen bezala; aitzitik, heriotza, ezgaitasuna edo ukoa gertatuta, eserlekua zerrendako hurrengoari eman behar zaio».
ANVko zinegotziak ordezkatzeko debekua baliogabetu du Gorenak
Villabonako EAE-ANVko zerrendakide bati Hauteskunde Batzordeak zinegotzi agiria jasotzeko jarritako debekua baliogabetu duHauteskunde Legea gaizki interpretatzea egotzi dio Gorenak Garzon epaileari
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu