Anvitek ETAren biktimak oroitu ditu, eta EH Bildu gaitzetsi

Nafarroako Parlamentuak ETAren biktimak oroitzeko ekitaldia egin du. Hualdek «biktima guztien erreparazioa» jarri du xede.

Toca, gaurko ekitaldian, ordezkari politikoen alboan. JESUS DIGES / EFE
Toca, gaurko ekitaldian, ordezkari politikoen alboan. JESUS DIGES / EFE
2025eko otsailaren 11
16:10
Entzun

ETAk hildako nafarrak oroitu dituzte gaur Nafarroako Parlamentuan. Ekitaldian, hitza hartu du Jose Ignacio Tocak, Anvite biktimen elkarteko presidente eta ETAk hildako Alberto Tocaren semeak. Hark adierazi du Nafarroaren etorkizuna ezin dela eraiki erakunde armatuaren biktimak kontuan hartu gabe, eta EH Bilduk gaur egun duen rol instituzional eta politikoa kritikatu du. 

Nafarroako Parlamentuko Bozeramaileen Batzordeak duela hamar urte erabaki zuen otsailaren 11n ezartzea ETAren biktimen eguna; zehazki, «ETAk behartuta desplazatutakoen eta hark egindako gizateriaren kontrako krimenen biktimen eguna». Gaurko ekitaldia, baina, polemikaz inguratua egon da hasi aurretik ere. Izan ere, ez dute aurreikusitako lekuan egin. Bertaratutakoak, tartean UPNko, PSNko, Geroa Baiko, PPko eta Voxeko ordezkariak —EH Bildukoek eta Zurekin-ekoek ez dute parte hartu—, Nafarroako Parlamentuko areto instituzionalean bildu dira. Izan ere, eraikineko atrioan, ekitaldia egitekoa zen lekuan, LAB sindikatuaren 50. urteurrenaren inguruko erakusketa bat dago orain. 

Hain zuzen, biktimen elkarteek eta UPNk hura kentzeko eskatu zuten, alderdi erregionalistaren esanetan «ETAren terrorismoari babesa» adierazten dioten elementuak daudelako. Eta bide beretik egin du gaur Tocak ere, iradoki baitu sindikatuak «iraultza zerga» kobratzen zuela.

Anviteko presidenteak EH Bilduren aurka ere egin du: «Hiltzea ondo edo gaizki egon zen esateko gai ez den alderdi bat dugu». Hala, koalizioak «gobernabidearen giltza» izatea txarretsi du. Eta instituzioetatik haratago erreparatuz, adierazi du azken urteetan gora egin duela «indarkeriak» Nafarroako kaleetan, zenbait jai girotan «talde terroristari gorazarre» egiten zaiolako eta alderdi politikoetako ordezkariei eraso egiten zaielako. Hain zuzen, gaur bertan, Voxek ekitaldi bat egin du Iruñean, eskuin muturreko alderdiak Berriozarren eta Iruñean egindako bi egitasmoren kontra izan ziren protestak salatzeko.

Hori ikusita, Tocak adierazi du instituzioen eta gizartearen ardura dela «terrorismoaren kontakizuna ez distortsionatzea edo gutxiestea». Horregatik, «ausardia» eskatu du «ETAren ondareari» kontra egiteko. 

Nafarroako Parlamentuko presidente Unai Hualdek ere hartu du hitza. Hark adierazi du «egia, justizia eta biktima guztien erreparazioa» xede izango duten politikak garatu behar direla. ETAren jardunari erreparatuz, berriz, uste du egungo gazteriak ez duela erakunde armatuaren iraganaren berri, eta horregatik beharrezkoa dela memoria lantzea, besteak beste, hezkuntza arloan. «Memoria egitea biktimekiko eta haien familiekiko omenaldi moduan, baina baita ez errepikatzea bermatzeko ere».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.