Anuk-en heriotzari buruzko «egia osoa» galdegin dute

Kalparsoro oroitzeko ekitaldi bat egin dute Zumaian, eta auziari buruzko webgune bat ere prestatu dute

Zumaian egindako ekitaldia, atzo arratsaldean. GOTZON ARANBURU / FOKU.
2023ko irailaren 27a
00:00
Entzun
ZUMAIA. 1993ko irailaren 26an hil zen Xabier Kalparsoro Anuk zumaiarra. Aurrez, bi egun egin zituen koman, bertsio ofizialaren arabera, Espainiako Poliziaren Indautxuko (Bilbo) egoitzako bigarren solairutik erori ostean. Hiru hamarkada geroago, Zumaiako (Gipuzkoa) Hegiak elkarteak anuk.eus webgunea sortu du, heriotzaren inguruko «egia ofizialaren faltan», Kalparsorori gertatutakoari buruzko informazioa plazaratu eta orduko testuinguruari buruzko «zenbait gako» emateko. Elkarte hark eta Egiari Zor fundazioak ekitaldi bat ere egin zuten atzo arratsaldean, Zumaian, heriotza hari buruzko «egia osoa» izateko eskubidea aldarrikatzeko.

Hegiak elkarteak salatu zuen «oraindik argitu gabe» daudela heriotzaren ingurukoak. Hala, gaztearen atxiloketekin eta heriotzarekin zerikusia duten zenbait gertakariren inguruko informazioa bildu dute webgunean, jazotakoa «herritarren esku» uzteko. Xedea da «komunitatearen indarra eta memoria historikoa gorde eta sortzeko konpromisoa» adieraztea.

Heriotza haren gaineko bertsio ofiziala hasieratik zalantzan jarria izan zen, inkomunikatuta baitzegoen. Gainera, ETAk agiri bat plazaratu zuen esanez Kalparsorok erakundeari jakinarazi ziola 1993ko abuztuaren amaieran atxilotu, torturatu eta drogatu egin zuela Ertzaintzak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.