Antzuola: arigune bihurtzeko langintzan

Gipuzkoa Arigune egitasmoa martxan jartzeko prozesuan aitzindari diren hiru tokietako bat da Antzuola; herri euskalduna da, baina atzeraldia erakusten duten zantzuak badira, eta horiei buelta emateko baliatu nahi dute herrian prozesua.

Gipuzkoa Arigune Antzuolan martxan jartzen ari den taldearen bileretako bat. GORKA RUBIO / FOKU
Gipuzkoa Arigune Antzuolan sustatzen ari den taldearen bileretako bat. GORKA RUBIO / FOKU
arantxa iraola
2025eko apirilaren 6a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Antzuola 2.000 biztanle inguruko udalerria da, Debagoienekoa, eta Gipuzkoa Arigunen, «edonork, edonorekin eta edonoiz» euskaraz jarduteko abian den egitasmoan, murgilduta dauden udalerrietako bat da: aitzindari bat bidean. Eustaten arabera, euskaldunak %75 dira herrian; ia euskaldunak, %13; eta erdaldunak, %12. Ezagutza ehunekoak ez dira ia aldatu igaro hogei urteotan. Kale erabileran, berriz, behera egin da epealdi horretan; bederatzi puntu. Eta gazteenei begira, horra: 2004ko kale neurketetan gazteen elkarrizketa guztiak euskaraz izan ziren; 2021ean, berriz, %62 ziren euskaraz. Datu horiei begira, artegatuta, beherakadari erantzuteko zer egin zitekeen aztertzen eta lantzen harrapatu zituen Antzuolako euskaltzaleak Gipuzkoa Arigunen murgiltzeko gonbidapenak. «Hor genbiltzan, asmatu ezinik», onartu du Olatz Lezeta Urzelai alkateak. Pozik hartu zuten horregatik proposamena: «Argia ikustea izan zen. Ikusten ari ginen beheraka ari zela erabilera, eta ez genuen ikusten nondik oratu horri. Eta gustura gaude, oso eskertuta». Eta ondo hasi dira lehen pausoak: «Jende pila bat gerturatu da. Gipuzkoa Ariguneren aurkezpena ere indartsua izan zen, jende pila bat agertu zen».

Talde eragile bat eratu dute herrian, propio, egitasmoaren inguruan. Alkateak horren garrantzia nabarmendu du: «Edo herria prest dago kontzientzia hartzeko eta herritik sortzeko zer edo zer edo... Goitik behera ez dago zer eginik». Egitasmoan murgildu diren herritarretako bat da Lierni Legorburu Ibarguren. Herritar gisara ari da egun, baina euskara teknikari izan zen hainbat urtez herrian bertan, eta begirada zoliz aztertu du eboluzio soziolinguistikoa. Argi du berak ere: «Herritarren aktibatzea derrigorrezkoa da, bestela jai dago». Eta bat dator: beharrezkoa da aldaketa bultzatzea. «Ikusten da ume-umetandik beste hizkuntza joera batzuk daudela. Urteak dira Antzuolan hori sumatzen hasi ginela». Gipuzkoa Arigunek erruz lagundu dezakeen irudipena du: «Helduleku bat da. Berme bat ematen du».

«Jende pila bat gerturatu da. Gipuzkoa Ariguneren aurkezpena ere indartsua izan zen, jende pila bat agertu zen»

OLATZ LEZETA URZELAIAntzuolako alkatea

UEMA Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko kide da Antzuola, eta bertatik ere ari dira prozesua hauspotzen. Mankomunitateko teknikaria da Ibon Aginaga Imatz, eta hark esan du UEMAn ere oso begi onez hartu dutela egitasmoa. «Oso baliagarria izan liteke». Eta uste du Antzuola abiaburu ona dela. «Proposamena etorri zenean, ikusi genuen Antzuola herri ona izan zitekeela Gipuzkoa Arigunerako». Egitasmoa sustatzen ari diren teknikariek ondoan «herritar talde bat» behar dutela gogoratu du berak ere: «Gainerakoan gaitza da».

«Arigunetasuna» lantzen

Xuban Zubiria Elexpe Taupako kidea da, Gipuzkoa Arigune egitasmoaren teknikaria, eta, bereziki, Antzuolara begira ari da. Egitasmoaren lehen fasean daude, abiatzean: herri mailako azterketa komunitarioa izan da helburu behinena, euskara sustatzea delako helburua, «arigunetasuna» lantzea, baina ez edonola, «herri giroa ere» indartuz egin nahi dute hori. Lehen fase hau egin dute herri mailako «erronkak» identifikatzeko eta bidean lagun dezakeen «ekintza plan bat» abiarazteko; herriko «gune antolatuetatik» abiatuta egin nahi dute bide hori, egun ja herritarren topagune eta erreferentzia ezinbesteko diren horietan aparteko ahalegina eginda.

«Ikusten da ume-umetandik beste hizkuntza joera batzuk daudela. Urteak dira Antzuolan hori sumatzen hasi ginela»

LIERNI LEGORBURU IBARGUREN Gipuzkoa Arigunen parte hartzen ari den herritarra

Ulermenean areago egiteak garrantzia hartuko du apurka-apurka. «Berebiziko garrantzia ematen diogu ulermenaren sustapenari; alegia, euskaraz ez dakiten horiei euskara ikasteko beharra eta gogoa sorrarazteari». Eta horiekin hizkuntza ohitura berriak ehuntzen laguntzea izango da helburuetako bat; Aldahitz ikerketak ematen dituen metodologiak izango dira hor heldulekuetako bat. Estrategiak horiek, ez dakitenak euskarara hurbiltzeko ez ezik, euskaldunon artean euskaraz aritzea sustatzeko ere ezinbestekoak dira. «Euskaldunok eusle rola hartzea ere falta da askotan», gogoratu du Aginagak. Izan ere, usu euskaldunei kosta egiten zaie euskararen aldeko hautuan irmo jarraitzea.

«Proposamena etorri zenean, ikusi genuen Antzuola herri ona izan zitekeela Gipuzkoa Arigunerako»

IBON AGINAGA IMATZ UEMAko teknikaria

Bukatu nahi dute prozesua egiten dituzten aldaketak iraunkortuta, herrian ahalik eta trinkoen txertatuta: «Gu, teknikariok, une jakin batean beste herri batera joango gara, eta iraunkortze fase horretan saiatuko gara martxan jarri dugun hori iraunkortzen edo sistematizatzen», azaldu du Zubiriak. Herritarrentzat mugarri diren hainbat momentutan hizkuntzarekin lotutako irizpideak eta transmisioa oso ondo zuztartuta izan beharko dituzte ordurako: erroldatzeko garaian, futbol taldean matrikulatzeko orduan, liburutegian izena ematerakoan... «Martxan jarri ditugun ekinaldiek horietan presentzia izan beharko dute». Etorri berriei begira-eta horrek garrantzi handia du.

«Guneak eta uneak» bereizten

Zer erretratu atera zaie egin duten azterketa komunitarioan? «Guneak eta uneak» aztertzen jardun dute, zer gertatzen den ikusteko. «Leku batzuetan oraindik erabilera indartsua da; beste batzuetan hortxe dago, indartsu baina hutsuneekin; eta beste batzuetan erabilera ez da espero genuena», azaldu du Zubiriak. Horren araberako «xede taldeak» sailkatu eta bakoitzari begirako «eskaintza» egitea da orain helburua. «Ahal den neurrian, herritarrak aktiba daitezela, batzuk kontzientzia hartuz joateko, eta beste batzuk euskara ulertzera iristeko...».

«Nahi dugu bidean topatzen ditugun irakaspenak aztertzeko denbora hartzea, gero beste herrietara joaten garenean proposamena ahalik eta indartsuena izateko»

XUBAN ZUBIRIA ELEXPE Gipuzkoa Ariguneko teknikaria

Horretarako egin duten ekintza plana martxan jartzen hasteko garaia da orain. «Orain gehiago da: nork, zer, noiz». Udalarena, herritarrena, UEMArena, euskalduntze-alfabetatzean ari diren eragileena, egitasmoaren ardura teknikoa daramaten erakunde eta elkarteena... Denen lana ezinbestekoa izango da hor aurrera egiteko. Apurka, egitasmoa Gipuzkoa osora zabaltzea da helburua, eta horrek dakarren «bertigoa» onartu du Zubiriak. Eta azaldu du horregatik ari direla astiro. «Nahi dugu pausoak mantsoak eta trinkoak izatea, bidean topatzen ditugun irakaspen horiek aztertzeko denbora hartzea, gero beste herrietara joaten garenean proposamena ahalik eta indartsuena izateko, betiere ulertuta herri bakoitzak, oinarrizko proposamen baten barruan, bere bidea egin beharko duela».

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.