Espainiako Auzitegi Nazionaleko Jose Luis Castro epaileak ebatzi du Antton Troitiño euskal presoari hirugarren gradua ematea eta baldintzapean aske uztea. Troitiñok gaixotasun larri eta sendaezin bat dauka, eta Espainiako Auzitegi Nazionalaren menpe dagoen Espetxe Zaintzako Epaitegiak erabaki du presoari espetxe araudiaren 104.4 artikulua aplikatzea: hala, aske geratuko da, baldintzapean. Epailearen autoak dio Troitiñok «oso gaixotasun larri eta sendaezin bat» duela, «neurri aringarrien bidez baino» ezin dela tratatu, eta, beraz, «espetxean egoteak hori zaildu» egin dezakeela. Etxerat-ek atzo jakinarazi zuen «datozen orduetan» aterako dela Estremerako espetxetik (Espainia). Heldu den urtean beteko luke zigor osoa.
Troitiño 1987an atxilotu zuten, eta 24 urte baino gehiago egin zituen kartzelan. 2011n atera zen. Baina handik egun gutxira atxilotu nahi izan zuten berriro, Parot doktrina aplikatuta. Londresen atzeman zuten, 2012an —egunkariak banatzen lan egiten zuen han—. «Oker burokratiko batengatik» behar baino lehenago kaleratu zutela iritzita —Espainiako Auzitegi Nazionalaren kontaketa berriaren arabera, 2017ra arte behar zuen preso—, fiskaltzak galdegin zuen haren atxilotzea eta estradizioa. Hamabost hilabete geroago, Giza Eskubideen Europako Auzitegiak indargabetu egin zuen Parot doktrina, eta estradizio eskaera atzera bota zuen Westminsterko Auzitegiak. Ondoren, akusazioko argudioak aldatu, eta ETAn berriro sartzea leporatu zion Espainiak Troitiñori. 2016ko abenduan atxilotu zuten berriro ere Londresen, eta paperik gabekoentzako atxilotze zentro batean egon zen, auzibide gorabeheratsu baten ondotik, harik eta 2017ko maiatzean Espainiaratu zuten arte. Sei urteko zigorra ezarri zion Espainiako Auzitegi Nazionalak, 2018an.
Etxerat-ek «besarkada handi bat» bidali nahi izan dio Troitiñoren familiari, eta laguntza eskaini dio «egoera zail honetan». Jakinarazi dutenez, Troitiño ez dago gaixotasun larriak dituzten hamazazpi euskal presoen zerrendan, baina Etxerat-ek hainbatetan salatu du Donostiako presoaren «egoeraren jatorria» espetxean jasandako «muturreko baldintzak» eta euskal presoek jasaten dituzten zigor luzeak direla. Euskal presoen senideen elkarteak eskatu du larriki eri diren preso guztiak askatzeko.
Antton Troitiño euskal presoa aske utziko dute, baldintzapean
Gaixotasun larri eta sendaezin bat dauka, eta Espainiako Espetxe Zaintzako Epaitegiak erabaki du hirugarren gradua ematea. 1987an atxilotu zutenetik, ia bizialdi osoa egin du kartzelan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu