«Ez gara ordena publikoaz ari, eskubideak libreki baliatzeaz baizik. Eta gobernuaren betebeharra da zerbitzu hori berme juridiko, sozial eta sanitario guztiekin ematea, eta emakumeen osotasun fisiko eta mentala zaintzea ere bai». Antsoainen (Nafarroa) abortuak egiten dituen klinikaren aurrean egiten diren protestak geldiarazteko eskatu zioten atzo Yolanda Barcinaren gobernuari Nafarroako Parlamentuko Osasun Batzordean. Andraize zentroak eta Abortatzeko Eskubidearen aldeko Nafarroako Plataformak azaldu zuten klinikara doazen emakumeek «jazarpena eta umiliazioak» jasaten dituztela. «Uste dugu halakorik ez litzatekeela gertatuko haurdunaldiaren borondatezko eteteak zentro publikoetan egingo balira», ondorioztatu zuen Begoña Zabalak, plataformako kideak.
2011ko irailean ireki zuten klinika, eta 1980ko hamarkadaz geroztik Nafarroan abortuak egin dituen lehen osasun etxea da. Ordutik, talde katoliko batek otoitzaldiak antolatzen ditu herriko plazan ostiralero, eta klinikaren aurrean hileko azken ostiralean; abenduaren 28ko otoitzaldian Iruñeko artzapezpiku Francisco Perezek ere parte hartu zuen. Era berean, irailean gazte talde batek Erreskatatzaileen Eskola deiturikoa jarri zuen martxan: klinikara joaten dira, andreek aborta ez dezaten saiatzera. «Jazarri, eta iraindu egiten dituzte, esaten diete abortatzea hilketa dela, eta batzuei eraso fisikoak ere egiten dizkiete, besotik edo arropetatik helduta», adierazi du Yolanda Perez Mendiolak, Andraizeko hezitzaileak.
Abortu klandestinoak egun
Ondorioz, emakumeak «umiliatuta» sentitzen direla erantsi du: «Esan digute ikaratuta eta laidoztatuta sentiarazten dituztela». Areago jo du Zabalak: «Badakigu gutxienez emakume batek atzera egin duela eta beste leku batera joan dela abortatzera; eta badakigu andre batzuek abortatzeko pilulak erosi dituztela Interneten, klinikara ez joatearren. Ez dugu lege berriaren zain egon behar: jada badaude abortu klandestinoak Nafarroan».
Hala, emakumeon babesa bermatzeko, abortuak sare publikoan egitea galdegin dute. Zabalak gogoratu du Kontu Ganberak txosten batean adierazia duela hamalaugarren astera arteko eteteak egiteko baliabideak badaudela sare publikoan. «2011ko 844 abortuetatik 582 zortzigarren astearen aurretik egin ziren; horiek botika bidez egin daitezke: pilulak zentro publikoetan eman daitezke, beste inolako esku hartzeren beharrik gabe». Eskaerarekin bat egin dute UPNk eta PPk ez beste alderdi guztiek, baita andreen aurkako protestak gaitzetsi ere.
Antsoaingo «jazarpena» saihesteko, abortuak sare publikoan egiteko eskatu dute
Antsoaingo klinikara doazen emakumeek irainak eta umiliazioak jasaten dituztela salatu dute parlamentuan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu