Bi urteko atzerapenaren ostean,I. Antropologia Feminista Kongresua datorren asteazkenean hasiko da. 350 pertsonatik gora elkartuko dira, antropologia feministak diziplina horri egiten dizkion ekarpenei buruz hitz egiteko, baita nazioarteko ikuspegiei buruz aritzeko ere.
AFIT Antropologia Feminista Ikerketa Taldeak antolatu du, eta Euskal Herriko sei hizlarik eta Kataluniako, Herbehereetako, Mexikoko eta Brasilgo beste hamar adituk parte hartuko dute.
«Diziplina barruko zein kanpoko ezagutza eta errealitatea aldatzea» dute xede, eta, horretarako, «deserosotasuna» apustu kontzeptual, pertsonal eta politiko bihurtu behar dela diote.
Antolatzaileek bi formatuko egitasmoak prestatu dituzte. Lehenik eta behin, mahai inguruak; guztira bost izango dira hiru egunetan: Unibertsitatea, jakintza eta prekarietatea: biziraupen zaila; Genero antropologia eta antropologia feminista: genealogia komun baten zenbait ibilbide; Eztabaida eta erronka teorikoak; Prozesu etnografiko eta ekarpen metodologikoak eta Antropologia feminista, feminismoa eta jendartea: eztabaida eta harremanak.
Panelei dagokienez, askotarikoak izango dira landuko dituzten gaiak; esaterako, diziplinartekotasuna, antropologiaren aplikagarritasuna, zaintzak eta feminismoa, genero disidentziak eta disidentzia sexualak, eta justizia feminista.
2018tik prestatzen
Ibilbide luzea izan du datorren astean hasiko den kongresuak. 2018an hasi ziren antolatzen, eta 2020ko ekainean egiteko asmoa zuten, 2020ko martxoan itxialdia iritsi zen arte. Orduan, 2021ean egin ahal izateko martxan jarri ziren, baina urte horretan ere ezin izan zuten egin azkenean; izan ere, lehen egunetik, antolatzaileen lehentasuna izan da kongresua presentziala izatea, eta horregatik erabaki zuten berriro ere atzeratzea.
Baldintzak hobetu direnez, aurten egingo dute azkenean, baina, bitartean, ez dira geldirik egon. Joan den urteko ekainean Antropologia, Feminismoa eta Pandemia izeneko beste kongresu bat egin zuten, pandemiari buruz antropologia feministaren betaurrekoekin hausnartzeko. Aitzindariak dokumentala ere estreinatu zuten orduan, 2020tik prest zutena; AFITen webgunean ikusgai dago.
Antropologia Feminista Kongresua egingo dute, «ezagutza eraldatzeko»
Ekainaren 8tik 10era egingo dute, eta 350 pertsonatik gora elkartu nahi dituzte, EHUren Donostiako Antropologia eta Filosofia fakultatean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu