Hilberria

Antonio Kintana hil da, EHGAMen sortzaileetako bat

«Gure mugimendua pizteko lehen hitzak egin zituena itzali da», adierazi du EHGAMek. Sexu askapenerako mugimendua Euskal Herrira ekartzeko ahaleginean engaiatu zen, Imanol Alvarezekin batera, 1970eko hamarkadaren amaieran.

Imanol Alvarez eta Aitor Kintana EHGAMen sortzaileak, 1997an, Bilbon. IMANOL ALVAREZ
Julen Aperribai.
2023ko urtarrilaren 18a
11:58
Entzun

«Eta zergatik ez dugu Euskal Herrian Gay Liberation Front bat egiten?». Antonio Kintanak bota zion proposamena Imanol Alvarezi, Erresuma Batutik itzuli berritan. Alvarezekin batera EHGAMen sortzaile nagusia izandakoa atzo zendu zen, EHGAMek berak jakinarazi zuenez: «Gure mugimendua pizteko lehen hitzak egin zituena itzali egin da gaur. EHGAM hegan egiten jarri zuen horrek oroitzapenen mundura egin du salto gaur. Betirako hor geratu dadila, gertu, EHGAMkide guztion memorian, sexu askapenerako borrokaren historian mugarri».

Hain zuzen, Kintanarekin lehen hizketaldia proposamen haren harira egin zuen Alvarezek. «Oker ez banago, Galestik itzuli berria zen. Han ezagutu zuen Gay Liberation Front, eta unibertsitatean bertan bazegoen gay talde bat. Hori ikusita, Euskal Herrian antzeko zerbait egiteko ametsa zuen», kontatu dio Alvarezek BERRIAri. «Ez dakit berak edo nik, bietako zeinek esan zuen ezin genuela berriro historiaren trena galdu, eta Euskal Herrian ere egin behar zela gay mugimendu bat —hala deitzen genion orduan—». Eszeptiko samarra zen orduan Alvarez, aitortu duenez. «Oso zaila ikusten nuen, Euskal Herria oso matxista zelako eta Elizak kristoren pisua zuelako». Alta, lagunduko ziola esan zion. 1976ko Durangoko Azokan izan zen hori. Garrantzia eman dio Alvarezek horri: «Beti gustatu izan zaigu gogoratzea EHGAMen sorrerak baduela harreman zuzena euskal kulturarekin. Hori garrantzitsua izan da guretzat, eta nik uste dut markatu egin gaituela».

Ondorengo urratsetan ere nabaritu zen lotura hori. Prentsan zerbait argitaratzen saiatu ziren, baina itxita aurkitu zituzten ateak. Azkenean, bien izenean gutun bat argitaratu zuten Anaitasuna aldizkarian, Joan Mari Torrealdairekin elkarrizketa izan ondoren, hura baitzen zuzendaria. Handik gutxira, hainbat lagunekin bildu ziren, mugimendua hedatzeko asmoz, Bilbon. «Frantziskotarrek Irala kalean zeukaten lokaletan bildu ginen, eta orduan izan zen sorrera ofiziala», azaldu du. Gerora, beste herrialdeetara ere zabaldu zela zehaztu du.

Behin mugimenduak martxa hartuta, «alde batera egitea» erabaki zuen Kintanak, Alvarezek gogoratu duenez: «Ertz horretatik beti jarraitu izan dio gure ibilbideari. Beti egon da presente, baina oso agerian egon gabe. Berak mugimendua martxan ikusi nahi zuen, eta kito».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.