Antolinek eta Aierdik irakasle gisa zegokien lana soilik egin zutela berretsi dute lekukoek

EHUko errektoreak, errektoreorde batek, hainbat dekano, legelari eta irakaslek ukatu egin dituzte akusazioak

Aitziber Laskibar Lizarribar.
Bilbo
2013ko martxoaren 13a
00:00
Entzun
EHUko estamentu ugaritan diharduten hamahiru lekukok deklaratu zuten atzo Enrike Antolin eta Xabier Aierdi irakasleen aurkako epaiketaren bigarren saioan. Ondorio bera atera zuten guztiek: seguru daude bi akusatuak behar bezala aritu zirela bi deportaturen irakasle lanak beteta, eta beraiek ere berdin jokatuko luketela haien lekuan egon izan balira. Unibertsitatean normal-normal hartzen zen EHUn matrikulatutako ikasle guztiei zegokien prestakuntza eta ebaluazioa bermatzea; baita ikasleak preso edo deportatuta baleude ere. Areago, haien betebeharra horixe zela adierazi dute.

Hortaz, EHUn matrikulatuta zeuden Belen Gonzalez Peñalva eta Angel Lete deportatuen tutoretza lanetan aritzean ez zutela deliturik egin eman dute aditzera lekuko guztiek. Areago, EHUn matrikula daitekeen erabakitzea ez dagokiela irakasleei ohartarazi dute.

Ospe handiko irakasleak aritu ziren atzo lekuko gisa: tartean izan ziren Iñaki Goirizelaia errektorea, 1996tik 2001era errektore izan zen Pello Salaburu, dekano zein dekano orde izandako zenbait, unibertsitatearen lege kontuez arduratzen direnak eta administrazioko buruak. EHUko ikasleen artean deportatuak zeudela jakinik ere, ez zuten sekula pentsatu horien irakaskuntza bermatzea delitu izan zitekeenik.

Lekuko aritu zirenen artean, gainera, baziren bai presoen bai deportatuen irakasle izatea egokitu zaienak, eta lan hori bere lanaren parte zela ulertuta, gehiago pentsatu gabe bete zutenak. Horien artean izan zen Imanol Zubero, PSEren senatari ohi, Gesto por la Paz taldearen sortzaile, eta EHUko irakaslea. «Nik ere izan nuen preso bat ikasle, zuzenean mehatxatuta nengoen garaian, eta, pentsatuko duzuenez, ez zen nire gustukoa». Hala ere, Frantziako espetxeetara euskal presoen tutoretza lanak egitera joana da; «nire lanaren zati bat zen».

EHUk matrikulatua dituen ikasle guztien prestakuntza eta ebaluazioa bermatzeko betebeharra duela azaldu du errektoreak. Irakasle bakoitzari bere ikasleen zerrenda helarazten zaiela, eta horiek dagokien prestakuntza emateko beharra dutela.

Bestalde, ikasleen matrikulazioa administrazioari dagokion arloa dela ohartarazi du, eta irizpideak EHUren Gobernu Kontseiluak onartzen dituela. Beraz, ez Antolinek ez Aierdik ezingo luketela bi deportatuen matrikulazioari buruzko erabakirik hartu.

Matrikulaziorako arauak legez zehaztuta daudela azaldu du Salaburuk. Akusazioen ustez delitu egin zen garaian errektore zenak esan du ez zekiela ikasleen artean bi deportatu zeudela. Hala ere, egotekotan, presoekin jarraitzen den bide berari jarraitzea izango litzateke, haren ustez, normalena, «kasuen analogiagatik».

Eta, Antolin eta Aierdiren lekuan egongo balitz, Salaburuk ere haiek bezala jardungo lukeela ziurtatu du: «Akusatutako irakasleek egin zuten gauza bera egingo nuke, haien betebeharra prestakuntza ematea eta ebaluatzea zelako».

Unibertsitateko Idazkaritzan buru zen Elena Cerejidok azaldu du administrazioan jaso eta tramitatzen zirela matrikulazioak, eta horien barruan biltzen zirela «ikasle bereziak» deitzen zitzaienak ere. Talde horretan presoak eta deportatuak normal onartzen zirela kontatu du.

Legeek diotenaren berri eman du Jose Manuel Castells Zuzenbidean katedradunak: «Unibertsitateen Lege Organikoak dio ikasle bat matrikulatuta dagoen unetik prestakuntza eta ebaluazioa jasotzeko eskubide arautua duela». Hortaz, irakasleek ikasleen eskubide hori betetzeko eginbeharra dutela azaldu du.

Bestalde, akusatuekiko elkartasun keinuek ez dute etenik izan. Atzo ere dozenaka izan ziren irakasleak babestera epaitegira joan ziren EHUko lankideak.

EILASek babesa eman die bi irakasleei. Bi akusatuak sindikatuko kide dituelako «harro» dagoela adierazi, eta «berehalako absoluzioa» eskatu du.

Gaur amaituko da ahozko saioa, alde guztiek azken ondorioak azaldu ondoren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu