Antolakundea «itotzeko» saiakeraren kontra mobilizatuko da Ernai igandean

Bulebarretik hasiko dute manifestazioa, 13:30ean. Buenok adierazi du isunek lotura dutela «ezker independentistaren hazkundearekin» .

Ernaik egindako agerraldia, jasotako isunak salatzeko. MONIKA DEL VALLE / FOKU
Ernaik egindako agerraldia, jasotako isunak salatzeko. MONIKA DEL VALLE / FOKU
Iosu Alberdi.
2024ko irailaren 6a
05:00
Entzun

Ernaik maiatzean salatu zuen gazte antolakundea «ekonomikoki itotzen eta politikoki deuseztatzen» saiatzeko ahalegina. Azaldu zuten Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak ia 300.000 euro eskatu dizkietela isunetan iazko irailean Bilbon eta Gasteizen egindako protestetan parte hartu zuten 133 gazteri. Hori salatzeko, dei egin dute igandean Donostiako kaleak hartzera; 13:30ean abiatuko dute manifestazioa Bulebarretik, Kontxako Banderaren estropadaren ostean. «Lehen inflexio puntua» izango dela azaldu du Ainhoa Bueno Ernaiko kideak: «Makurtu ez, gazteria independentistak indarrez erantzunen die».

Isun horien atzean «Ernai indargabetzeko operazio bat» dagoela salatu du Buenok: «Are gehiago, uste dugu urrats bat gehiago izan dela gazte borroka eta borroka independentista kriminalizatzeko saiakera horretan». Izan ere, Buenoren esanetan, isunek lotura dute testuinguru sozial eta politikoarekin. Zehazki, salatu du «ezker independentistaren hazkunde eta mobilizazio betean» iritsi direla: «Lehen greba feminista orokorra, 70.000 pertsona euskararen aurkako oldarraldi judiziala salatzen, Palestinako genozidioa salatzen, eta ezker independentista inoizko emaitza onenak izaten hauteskundeetan». Eta bide horretan, Ernai «bidelagun eta motor» dela adierazi du Buenok: «Gaitasun eraldatzailea erakutsi dugu».

Ernaiko kideek jasotako zigorren oinarria Espainiako Herritarren Segurtasunerako Legea da. Mozal legearen «interpretazio jakin bat», zehaztu du Buenok: «Guztiz ezohikoa eta neurrigabea». Izan ere, Ernaik salatu du ohikoak baino handiagoak izan direla Galder Barbadoren eta Aitor Zelaiaren kontrako espetxe aginduak salatzeko protestetan parte hartutakoei ezarritako isun ekonomikoak; 1.500 eta 2.500 euro artekoak, eta «modu masiboan» ezarriak.

«Segurtasun Sailak argitu beharko du zer arrazoi dagoen isun horiek ezartzeko. Ez da ausazko erabaki bat izan»

AINHOA BUENOErnaiko kidea

Hala, Ernai isunei helegiteak aurkezten hasi zen ekainean, eta jada aurkeztu dituzte guztiak, Gasteizko Administrazioarekiko Auzien Epaitegian; epaiketak noiz egingo zain daude. «Helburua da isun horien atzean desproportzionaltasun bat dagoela frogatzea, hau da, zuzenbidearen kontrakoak direla frogatzea», zehaztu du Buenok. Izan ere, salatu du adierazpen askatasunaren aurkakoak direla, eta «protesta baketsuak desordena publiko larritzat» jotzea dutela xede: «Segurtasun Sailak argitu beharko du zer arrazoi dagoen horretarako. Ez da ausazko erabaki bat izan».

Epaitegietatik harago ere, afera gizarteratzea dute xede, eta horri erantzuten dio igandeko manifestazioak. Bat eginez independentziara dinamikaren barruan kokatuta, Buenok azaldu du «desagerrarazi nahi duten horrekin» egingo dutela topo antolakundearen aurka egin dutenek: «Gazteria mobilizatu batekin, independentziarako grinarekin».

Gainera, Ernaiko kidea «eskertuta» azaldu da igandera begira jaso duten babesarekin: «Desproportzionaltasunaren neurriko elkartasuna jaso dugu». Azkenetako bi izan dira arraun munduko ehun lagun inguruk kaleratutako adierazpena eta EH Bilduren elkartasun mezua. Buenoren ustez, halako babesaren atzean bi elementu daude: batetik, jaso duten «kolpe ekonomiko latzak» eragindako zalaparta, eta, bestetik, Euskal Herrian mozal legearen aurka dagoen «kontsentsu oso zabala».

Halere, Buenok azaldu du igandeko mobilizazioarekin ez dela deus amaituko, eta jarraituko dutela auzia salatzen zein proiektu independentista sustatzen: «Erakutsi nahi dugu belaunaldi oso bat dagoela herri honen etorkizunaren ardura hartu duena».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.