Ingurumena

«Antolakunde ekologista indartsu bat» eratzeko oinarriak jarri dituzte Ekotopaketetan

Klima larrialdiaren inguruan indarrak eta borrokak batzea erabaki dute dinamikaren azken egunean, asanbladan. Antolatzaileen arabera, «inflexio puntu bat» izan da asteburua.

Ekotopaketetako parte hartzaileak, gaur, Portugaleten (Bizkaia). EKOTOPAKETAK
2022ko urriaren 2a
19:43
Entzun

«Olatu honi segida eman behar zaio». Ideia hori ahoan dutela amaitu dute asteburua Ekotopaketen antolatzaileek. Hiru egunez dozenaka eragile eta norbanako elkartu dira Portugaleteko Sastraka gaztetxean (Bizkaia), eta gaur, asanbladan, hartu dute erabakia: bidea ireki diote indarrak bildu eta Euskal Herrian «antolakunde ekologista indartsu bat» sortzeko aukerari.

Antolatzaileek, gaurko asanbladaren aurretik ere, Euskal Herria tresna ekologista berri baten beharrean igartzen dutela azaldu dute egunotan eskainitako elkarrizketetan. Hori hizpide hartuta, 10:00etatik 12:00etara egin dute bilkura, eta 13:00etan topaketen itxiera ekitaldia, Solar plazan.

Topaketei dagokienez, antolatzaileek balorazio bikaina egin dute: 300 pertsona inguru biltzea espero zuten, eta azkenean 500 izan direla esan dute. Hasiera besterik ez dela izan gehitu, eta asteburukoa «inflexio puntu bat» izan delako ustea adierazi dute; goraipatu dute parte hartzaileen profilen aniztasuna ere: «Zorionez, emakume asko ere hurreratu da».

Esan dute topaketak bultzada bat izan direla klima larrialdiari aurre egiteko borrokan, eta jarraipena eman behar zaiola olatu horri. Horretarako, hainbat eragilek osatuko duten antolakunde handi baten aldeko apustua egin dute.

Ikusi gehiago:Ekotopaketak: egiturazko makur bat zuzentzeko

Azaldu dutenez, datozen hilabeteetan «lan dinamika» bati ekingo diote, «bildutako indarrak bideratzeko». Gaur egun talde eta eragile ekologista asko daudela esan dute, baina horiek tokiko edo sektorekako proiektuen inguruan eraikita daudela. Eremu horiek mantenduta ere, beste lan esparru batzuetara zabaltzeko aukera aztertu nahi dute.

Antolakunde hori beharrezkoa dela azaltzeko, datu bat eman dute: topaketetan bildu diren 500 lagunetatik 350 ez daude talde ekologistaren batean antolatuta.

Eredua

Militantzia ereduaz ere jardun dute asanbladan, eta feminismoa jarri dute eredutzat: «Tratu ona, errespetua eta espazio seguruak» izango dituen eredu bat aipatu dute, eta «herriaren kontzientziatik» lan egitearen beharraz ere hitz egin dute. Hedabideei buruz, esan dute beharrezkoa dela haietatik iristen diren mezuak zalantzan jartzea, «oligopolioek haietan eragiten dutelako».

Antolakunde berri horrek landuko lituzkeen gaiei dagokienez, aipatu dituzte energia, burujabetza, klima larrialdia, gai sozialak eta lan munduarekin lotutakoak.

Amaitzeko, topaketen helburuak bete dituztela azpimarratu dute: «Krisi ekosoziala erdigunean jarri dugu asteburu batez; elkar ezagutu eta saretu gara; jende berria erakarri dugu; tresna ekologista berri baten beharraz eztabaidatu dugu eta gure diagnosia berretsi da; badugu norabide bat energia guzti hau kanalizatzeko: dinamika batekin hasiko gara».

Ikusi gehiago:«Giza historiako krisi larrienean gaude, eta ez dago erantzun proportzionalik»

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.