«Antipolitikaren sareetan ez erortzeko, politika baliagarriaren antidotoa» defendatu du Txibitek

Nafarroako politika orokorreko eztabaidan, politika publikoen garrantzia azpimarratu du, nazioartean zabaltzen ari den olatu erreakzionarioa ikusita. Bere bigarren legealdiko bigarren urtean, orain arteko bidetik jarraitzeko konpromisoa adierazi du.

Maria Txibite gaur, Parlamentuan. IÑIGO URIZ / FOKU
Maria Txibite gaur, Parlamentuan. IÑIGO URIZ / FOKU
joxerra senar
2024ko azaroaren 14a
12:10
Entzun

«Demokraziarentzat arriskutsua da olatu erreakzionarioa, eta inor ez dago salbu». Munduan nagusitzen ari den polarizazioa ikusirik, Maria Txibite Nafarroako Gobernuko lehendakariak politikaren balioa nabarmendu du politika orokorreko eztabaidan, eta dei egin die harmailetako parlamentari guztiei erantzukizunez jokatzeko eta, mezu demagogikoen gainetik, herritarren zerbitzari izatearen garrantzia babesteko. «Antipolitikaren sareetan ez erortzeko, politika baliagarriaren antidotoa», horixe defendatu du.

Halaxe ekin dio bere mintzaldiari, eta ordubete inguru ari da hizketan. Duela bi urteko eztabaidan, ohartarazi zuen klase politikoaren eta herritarren arteko harremana «higatuta» zegoela; orain, «hautsita» dagoela esan du: horren erakusgarri aipatu ditu Donald Trumpen garaipena, Valentziako uholdeen ondotik Paiportan izandako «zilegizko atsekabe eta haserrea baliatuz agintari politikariak makilaka hartu izana» eta martxoan Nafarroako Parlamentuan oldarka sartzeko saioa, baita Europako Parlamentuko gehiengo kontserbadorea ere. Diskurtso amaieran berriro heldu dio gaiari. Izan ere, Txibiteren ustez, olatu atzerakoi horrek badu zerbait ona bere txarrean, «nabarmenago» egiten baitu ongizate estatuaren garrantzia. «Politikaren eta erakundeen izen ona hobetu behar dugu demokrazia erresilientea izan dadin, hura desegonkortzeko saiakerak gorabehera».

Bost minutuko atzerapenarekin hasi da saioa. Gonbidatuen harmailetako bi lerroak beteta egon dira. Bertan izan dira, entzule, Nuria Medina eta Toni Magdaleno PSNko senatariak, Marina Curiel PSNko Iruñeko hautetsia, Cristina Ibarrola UPNko presidentea, Alejandro Toquero presidenteorde eta Tuterako alkatea, Miren Zabaleta EH Bilduko Nafarroako koordinatzailea...

Txibitek iPad batean irakurri du diskurtsoa, eta pantailarekin arazo bat izan du bukaeran. Ezin zuenez irakurtzen jarraitu, hogei segundoz eten du jarduna. «Lasai, denbora mugarik ez duzu», gogorarazi dio txantxetan Unai Hualde legebiltzarreko presidenteak. Gazteleraz egin du diskurtsoa, baina euskarazko esaldi bakan batzuk tartekatu ditu, lauzpabost.

Aurrekontuak abian

Bere bigarren agintaldiko bigarren urtean sarturik, egiten ari direnaren eta egingo duenaren inbentarioa egin du, hiru atal nagusitan bereiziz: arlo ekonomikoa, soziala eta instituzionala. Ekonomiari dagokionez, azpimarratu du garapen ekonomikoa eta babes soziala txanpon beraren bi aldeak direla. Hala, jakinarazi du 2025eko aurrekontuaren akordioan zerbitzu publikoak indartu nahi dituela. Berritasun gisa, nabarmendu du ezen, finantza publiko orekatuak izateari esker, inbertsio publikorako eta zerbitzu publikoen hobekuntzarako baliatuko direla 125 milioi euroren soberakinetatik 67 milioi euro.

«Zor apaleneko erkidegoa gara, eta aurreikusi dugu zorra 3.000 milioi eurotik beherakoa izango dela datorren urtetik aurrera». Gogora ekarri du kredituen rating agentziek eman dezaketen kalifikaziorik onena duela zor kaudimenari dagokionez, eta erantsi datorren urteko aurreikuspenak onak direla bai arlo publikoan eta bai enpresen artean. Halaber, zehaztu du %25 enpresa gehiago daudela 2019arekin alderatuta. «Datuek gezurtatu egiten dute batzuek zabaldu nahi duten mezu katastrofista», esan du, eskuineko argudioei erreferentzia eginda.

«Politikaren eta erakundeen izen ona hobetu behar dugu demokrazia erresilientea izan dadin, hura desegonkortzeko saiakerak gorabehera»

MARIA TXIBITENafarroako Gobernuko lehendakaria

Deskarbonizazioaren bidetik jotzeko konpromisoa berretsi du, eta azaldu du datorren urtean Volkswagenek eta hornitzaileek urrats sendoak egingo dituztela autogintzan elektrifikaziorantz. Egun, Nafarroan matrikulatzen diren autoen %17 dira elektrikoak, eta 2026rako hirutik bat izatea jarri dute helburu gisa; Moves planeko laguntzak eta errenta zergako kenkariak pizgarriak izango dira helburu hori lortzeko. Hala, kezka azaldu du, EBk bultzatutako itun berdea eta deskarbonizazioa zalantzan jartzen duten indarrek pisu handiagoa dutelako Europako Parlamentuan. «Klima aldaketak arriskuan jartzen du pertsonen bizia». Eztabaida hasi aurretik, Nafarroako Gobernuko lehendakaria. IÑIGO URIZ / FOKU

Eztabaida hasi aurretik, Nafarroako Gobernuko lehendakaria. IÑIGO URIZ / FOKU

Gizarte arloari dagokionez, azaldu du osasun legea aurkeztuko dutela aurki: 1990etik ez da berritu, eta osasungintza publikoak orain dituen erronkei aurre egiteko erabili nahi dute. Haren esanetan, osasun publikoa indartzea dute lehentasun, eta, horretarako, eredua aldatu nahi dute eta arreta sistemak moldatu. «Ez dugu aitzakiarik erabiliko pribatizatzeko, beste batzuek egiten duten bezala». Gaur egun, kezka nagusietako bat espezialitateetako itxarote zerrendak dira, haren esanetan, eta, orain arte epe laburrean hartutako neurriei esker, «5.000 pertsona gutxiago» daude zain. Nabarmendu du, dena den, horrek ez lituzkeela ezkutatu behar Osasun Departamentuak hartzen dituen beste neurri ugari. «Asko egin da eta askoz gehiago egingo da», azaldu du, eta adibide batzuk zerrendatu ditu: anbulantzia zerbitzua publiko egitea, mamografo gehiago jartzea, kirurgia robotikoa...

«Gorroto mezuak, xenofoboak eta sektarioak, hortxe daude gure gizartean, eta asko kezkatzen gaitu gainbehera horrek elkarbizitzari begira»

MARIA TXIBITENafarroako Gobernuko lehendakaria

Hezkuntzari buruz, ez ditu aipatu irakasleek irailaren 26an eta urriaren 29an egindako grebak. Lau urtetan inbertsioa %43 handitu dela nabarmendu du, eta «finantzaketa handiena» NUPek duela. Etxebizitzaren arloan, onartu du hori dela herritarren kezka nagusia, eta lehentasunezkotzat jo du «etxebizitza parke publikoa handitzea». Txibitek esplikatu du alokairuan diren maizterren %48k jasotzen dutela laguntza publikoren bat, eta bide beretik jotzeko konpromisoa agertu du. Berritasunen artean, oroitarazi du urriaren amaieran tensio handiko eremuak izendatzeko legea aldatu zela, eta zerga neurrietan jabeentzako %50eko pizgarriak proposatu dituztela datorren urterako.

Elkarbizitzaren erronka

Berdintasun arloan mugimendu feministaren eskutik jarraitzeko borondatea agertu du. «Atzera eginarazi nahi diguten mugimendu batzuk indartzen ari dira, eta, hori ikusirik, konpromisoa hartzen dugu berdintasun politiketan aurrera jarraitzeko, eragileekin batera». Gogoratu du gaur-gaurkoz polizia etxeetan aurkezten diren salaketen %15 indarkeria matxistaren ingurukoak direla. «Asko egin bada ere, asko dago egiteko», gaineratu du.

Elkarbizitza hobetzeko, lehentasunezkotzat jo du migrazioaren erronkari aurre egitea ere. «Gorroto mezuak, xenofoboak eta sektarioak, hortxe daude gure gizartean, eta asko kezkatzen gaitu gainbehera horrek elkarbizitzari begira. Migranteak gure gizartearen parte dira, eta hala izango dira aurrerantzean».

«Euskara sustatzen dugu gure ondarea delako», aipatu du. Lorpen gisa aurkeztu ditu bai atzerapen handiz berriki onartutako merezimenduen dekretua eta bai departamentuek azkenik amaitutako hizkuntza planak. Euskarabidearen eskutik eta eragileekin batera euskara sustatzen jarraituko duela azaldu du.

«Espero dugu aurki bukatuko dela trafikoaren eskumenaren prozesua, nahiz eta legebiltzar honetan dauden indar batzuek foruen aurkako jarrera ulertezina azaldu»

MARIA TXIBITENafarroako Gobernuko lehendakaria

Otsailean, Auzitegi Gorenak bertan behera utzi zuentrafiko eskumena itzultzeko prozesua. Horren ondotik, Foru Hobekuntzan eskumen hori hitzez hitz jasotzeko erreformari ekin zaio. Atzo, PPk eta Voxek blokeatu egin zuten aldaketaEspainiako Senatuan, baina Txibitek espero du Kongresuan onartu egingo dela azkenik.  «Espero dugu aurki bukatuko dela, nahiz eta legebiltzar honetan dauden indar batzuek foruen aurkako jarrera ulertezina azaldu, atzo berriz ere ikusi genuen bezala», esan du PPri eta Voxi erreferentzia eginez. Behin hori eginda, espero du Trasferentzien Batzordean transferentzian falta diren puntuak hitzartzea, hala nola foruzainek osorik hartzea errepide zaintza, finantzaketa eta irekitako zigor espedienteen tramitazioa.

Gainera, azaldu du transferentzia gehiago hitzartzen saiatuko direla. Besteak beste, bekak, ikerketa eta garapena eta AP-68 errepidearen jabegoa zerrendatu ditu. «Beti ulertu dugu leialtasunez hobeto egiten dela lan, konfrontazio hutsalaren bila ibili ordez. Horrek politikarekiko atxikimendua galarazten die herritarrei».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.