Koronabirusa

Antigenoen testen «iraultza»

PCR testak izan dira orain arte positiboak atzemateko tresna ohikoena. Antigenoen testak hobetu egin dira, ordea. Onurez ari dira aditu asko: merkeagoak dira, azkarragoak, eta egiten errazagoak.

Osasun langile bat, antigenoen testak erakusten, artxiboko irudi batean. RAFA ALCAIDE / EFE.
arantxa iraola
2020ko urriaren 10a
00:00
Entzun
Osasun sistemetako zenbait eragileren arabera, antigenoak atzemateko testek «iraultza» ekarriko dute COVID-19aren izurriari aurre egiteko bidean. Hilabeteotan PCR testak erabili dituzte gehien, baina gero eta hobeak dira antigenoak detektatzeko prestatutakoak, eta abantaila handiak dakartzatela diote adituek. EHU Euskal Herriko Unibertsitateko Farmazia irakasle Gorka Orive dago horien artean: «Abantaila bat da merkeagoak direla. Bestea, ez dela teknikari kualifikaturik behar test horiek egiteko. Hirugarrena, azkartasuna». Hamabost-hogei minuturen buruan emaitza ematen dute. Alde nabarmena da: PCRetan, emaitzak egun batetik bestera heltzen dira normalean.

Izurriak zedarrituko du oraindik etorkizun hurbila, eta antigenoen testak egiteko baliabideak toki askotan jar daitezkeela iradoki du Orivek: «Testak egiteko makinak jar ditzakezu, adibidez, egoitza batean, erietxe batean, kontzertu erraldoi batean... Neurketa puntu gehiago izatea ahalbidetuko dute testok». Osasun sistemak urratsak egiten ari dira erabiltzen hasteko: Osakidetzak urriaren 19an jarri du hasteko eguna; Osasunbideak, berriz, erantzun du erabiltzen hasteko prozesua abian dela eta aurki jakinaraziko dutela noiz izango den. Hainbat erietxe pribatu, bestalde, ari dira jada test horiek erabiltzen. Lehen begiratuan, haurdunaldi testen antzekoak dira, baina ezin dira oraino botika batean erosi: ezin ditu norberak nahieran erabili.

PCR testen jomuga bera dute antigenoen testek: «Infektatuta zauden esaten dute». Biak egiten dira sudurretik —eztarritik ere bai zenbaitetan— hartutako laginak aztertuta, eta helburua izaten da lagin horietan birusa dagoen argitzea. Bakoitzak bere modura egiten du hori. PCR testek birusaren genomaren itu jakin batzuen bila jarduten dute. «Beste test hauek, berriz, antigeno biralak neurtzen dituzte; birusak sortutako substantzia batzuk», esplikatu du Orivek. Bi test motak erabiltzera egin beharko dela esan du, eta akaso elkarren osagarri ere izan beharko dutela maiz. Are gehiago, puzzlea osatze aldera, antigorputzak atzemateko testak ere badaude; batez ere, infekzioa zenbat pertsonak eduki duten argitzeko azterketa serologikoetan erabiltzen dira halakoak. Aktibo dauden kasuak atzemateko ere balio dute, ordea. Izan ere, bi motatako antigorputzak aurki ditzakete. Bat: IgM motakoak agertzen badira, ulertu behar da pertsona hori COVID-19 gaitzaren fase akutu batean dagoela, eta bakartu egin beharko da. Bi: IgG erakoak agertzen badira, esan nahiko du jada gaixotasuna pasatu duela eta antigorputzak dituela.

Irakurtzen jakin behar da

Hainbat azterlanen arabera, gaitzaren sintomak —askotan aski arinak izaten dira— agertzen hasten diren lehenbiziko eguneaneta hurrengoan gertatzen dira kutsatzeen herenak. Gaixotasunaren hastapen horietan birusa azkar atzemateko bidean, antigenoen testak oso baliagarriak izan daitezkeela nabarmendu du Orivek. «Izan ere, sentikortasuna izateko, antigeno asko behar izaten dira... Karga biralaren gailurrean agertzen dira horiek normalean, eta leiho hori lotuta dago sintomatologiarekin, eta kutsakortasunarekin». Testen eraginkortasuna neurtze aldera, bi aldagairi begiratzen zaiela adierazi du: «Sentikortasunari eta espezifikotasunari. Sentikortasunak neurtzen du eri daudenen artean zenbat positibo atzematen dituen testak; espezifikotasunak, osasuntsu daudenen artean, zenbat negatibo». Ehuneko apalak ematen zituzten orain dela hilabete batzuk bietan merkatuko testek, eta, orain, %90etik gorakoak dira.

Testen emaitzak «irakurtzen» jakin behar dela adierazi du, hala ere, Orivek; test horiekin azterketa masiboak eginez gero, badira aintzat hartu beharreko aldagai gehiago: izurriak gizartean une horretan duen errealitatera ekarri behar dira. «Prebalentzia, esate baterako, garrantzitsua da. Oso birus gutxi badago, agian test horiek ez dira oso baliagarriak; fidagarriagoak izango dira negatiboak, positiboak baino...». Horregatik, prebalentzia apaleko egoeretan, esate baterako, zenbait emaitza PCR testekin osatu beharko direla adierazi du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.