Abortatu nahi duten emakumeei fetuaren argazki bat erakustea. Hori izan zen Carlos Salvador (Iruñea, 1966) diputatuaren proposamen nagusia Espainiako Kongresuan, UPNren Madrilgo eledun izan zen garaian (2004-2019). Vox alderdia izan zen Salvadorren ateraldi hura txalotu zuten bakarrenetakoa, eta antzeko egitasmo bat aplikatu nahi izan du berriki Gaztela eta Leongo Gobernuan (Espainia). Izan ere, Salvador ezaguna da aspalditik Nafarroan, UPNren sektore erreakzionario eta ultrakatolikoa ordezkatzeagatik. Aurrerantzean, Iruñeko Udalaren Berdintasun alorreko buru izanen da, Cristina Ibarrola alkateak hala erabakita.
Salvadorrek hogei urte daramatza politika profesionalean; gehienak, Madrilen: senatari izan zen 2003 eta 2004 bitartean, eta Kongresura jauzi egin zuen gero. 2019an, Sergio Sayasi eta Carlos Garcia Adanerori utzi zien UPNren lekukoa Espainiako hiriburuan. «Kanpo aholkulari» lanak ere egin izan ditu PPrentzat. Denbora horretan guztian, sexu heziketaren, hezkidetzaren eta abortuaren aurka azaldu da behin baino gehiagotan. Skolae programaz, adibidez, esan zuen «genero doktrinamendua» dela; eta Tordesillasen (Espainia) urtero torturatzen eta hiltzen diren zezenekin alderatu zuen abortua. Horregatik guztiagatik, Hazte Oir elkarte ultrakatolikoak saria eman zion, «familiaren alde eginiko lanagatik».
Iruñeko Berdintasun zinegotzia izanen dela jakin eta berehala, EH Bildu, Geroa Bai eta Zurekin Nafarroa taldeek izendapena txarretsi dute. Iruñerriko mugimendu feministak ere «emakumeen eskubideen aurkako eraso zuzena» dela esan du.
SOSLAIA. Carlos Salvador
Antiabortista bat Berdintasun saileko buru
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu