Copernicus Lurra behatzeko Europako Batasunak abian jarritako programak jakinarazi duenez, Antartikako ozono geruzaren zuloa «normaltasunera» itzuli da. Abendu hasieran hasi zen zuloa ixten, azken urteetan baino lehenago.
Hain zuzen, iragan lau urteetan ohi baino denbora gehiagoz egon da irekita ozonoa: abenduaren bigarren hamabostaldian itxi izan da. Aurten, ordea, joera hori hautsi du, abendu hasieran zerratzen hasita, eta ohiko bilakaerara itzulita.
Gainera, zuloa 2024ko batezbestekoa baino beranduago ireki da, batez ere poloetako zurrunbiloa eten zelako, uztailean bi aldiz izandako bat-bateko berotze estratosferikoarengatik. Irailaren amaieran jo zuen goia: 22 milioi kilometro karratuko tamaina hartu zuen, azken urteetan baino txikiagoa —iaz 26 milioi kilometro karratukoa izan zen—.
1970eko hamarkadan ohartu ziren zientzialariak industrian erabiltzen ziren gas batzuek ozono geruza suntsitzen zutela; klorofluorokarburoak eta haloiak, kasurako. Ondoren, 1985ean deskubritu zuten zuloa. Ordutik, urtero gertatzen den fenomeno bat da. Izatez, zuloa baino, geruzaren mehetze bat da.
Hura babesteko asmoz, 1987ko irailean Montrealgo Protokoloa sinatu zuten 24 herrialdek. Bertan, ozono geruzari kalte egiten dioten produktu kimikoak ez erabiltzea hitzeman zuten. Gerora, beste hainbat herrialdek bat egin dute itunarekin, eta egun NBEko herrialde guztiek sinatua dute.
Copernicuseko kide Laucence Rouilen arabera, Montrealgo Protokoloa eta ondoren egindako zuzenketak «oso eraginkorrak» izan dira ozono geruza hondatzen duten substantzien emisioak geldiarazteko, baina oraindik ere «nolabaiteko aldakortasuna» dago prozesuan. «Espero dugu ozono geruzako zuloa berreskuratzeko lehen zantzuak datozen hamarkadetan antzematea», adierazi du.
NBEk emandako azken datuen arabera, ozono geruza 2066rako berreskuratuko da mundu osoan —hori bai, 1980ko mailan—. Antartikarako dago aurreikusita data hori, ozono zuloak maizago gertatzen baitira hego poloan. Artikoan, ipar poloan, 2045erako berreskuratuko dela aurreikusten du NBEk; munduko beste lekuetan, 2040rako.