Aurtengo martxoaren 5ean, Realak eta Paris Saint Germainek Anoetan jokatu zuten Txapeldunen Ligako partidaren atarian, buruan larri zauritu zuten Amaya Zabarte gipuzkoarra, Ertzaintzaren oldarraldi baten ondorioz. Ertzaintzak foam pilota batekin jo zuen ustez, eta, gainera, gerora zabaldu ziren gertaera horretako irudi batzuek erakutsi dute ertzain batek ostiko bat eman ziola 44 urteko emakumeari, lurrean zegoela, haren albotik igaro zenean. Zabarte sakelakoarentzako telefono seinale bila zebilen Errondo pasealekuko errepide arteko lorategi estu horretan, inolako istilutan parte hartu gabe; baina, azkenean, ospitaleratu behar izan zuten, buruan kolpe latz batek eragindako zauri larriengatik, eta haren bizitza arriskuan egon zen, kaskezurra bi lekutan hautsi baitzitzaion.
Familiak jarritako salaketak ez zuen aurrera egin, ordea, eta Ana Isabel Perez Asenjo epaileak auzia artxibatu zuen, ez zutelako argitu nork egin zuen. Orain, ordea, auziak bigarren aukera izango du, eta, BERRIAk jakin duenez, epaileak ikerketa bat abiarazi beharko du egun horretan gertatutakoa argitu dadin, hala agindu baitio Gipuzkoako Probintzia Auzitegiak. Familiaren abokatu Iker Sarriegik helegitea jarri zuen, gerora zabaldu diren irudi argigarriak eta oldarraldia bertatik bertara ikusi zuten lekuko batzuen testigantzak aintzat hartzeko eskatuz. Bada, gaur jakin da Anoetako auziaren salaketa berriro zabalduko dela, nahiz eta ebazpen hori orain bi asterako espero zuten aldeek.
Epaile beraren esku
Edonola ere, epaile berak gidatuko du ikerketa hori, eta, besteak beste, erabaki beharko du zein polizia erakundek ikertuko duen. Orain arte, Ertzaintzak kudeatu du auzia, eta Sarriegi abokatuak uste du hori ez dela «egokiena», azken sei hilabeteotan Ertzaintzak egindako lana ikusita. Izan ere, hark jarritako helegitean zehazki eskatu zuen beste polizia erakunde batek hartzea auzia kudeatzeko ardura, eta Gipuzkoako Probintzia Auzitegiak hala gogorarazi dio Perez Asenjo epaileari. Alegia, esan dio horri buruz ere hautu bat egin beharko duela. Hala, Ertzaintzaren ordez, Espainiako Polizia Nazionalak har dezake Anoetako auzia, betiere epaileak hala erabakitzen badu.
Familiak uste du auzia «oso argia» dela. «Badakit pilotakada bat eman zidatela», esan du egunotan Zabartek berak, hedabideetan.
Familiak uste du auzia «oso argia» dela. «Badakit pilotakada bat eman zidatela», esan du egunotan Zabartek berak, hedabideetan. Biktimak «justizia» nahi du, eta «halakorik beste inori ez gertatzea». Zabarte ZIUan eduki zuten egun batzuetan, eta erietxeko ohiko gela batean pasatu zituen beste batzuk. Etxera joateko baimena lortuta ere, proba neurologiko batzuk egin behar izan ditu azken hilabeteotan, kolpeak buru barruan eragindako odol jarioak ondorio larriak izan baititzake. Zabartek berak kontatu du senitartekoen laguntzaz oraindik borrokan ari dela Ertzaintzaren oldarraldi horren aurretik zena berriro izateko.
Errondo pasealekuan, Txapeldunen Ligako partida horren atarian, beste bi emakume zauritu zituzten, bat begian eta bestea bizkarrean, horiek ere Ertzaintzaren oldarraldian. Irailean, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburu Bingen Zupiriak ziurtatu zuen ezin dela esan Zabarte foam jaurtigai batek zauritu zuela. Nabarmendu zuen emakumeak ez zuela esan ostiko bat eman ziotela Anoetako estadioaren kanpoaldean, Ertzaintza oldartu ondoren larri zauritu zutenean.