Anoetan zauritutako andrearen auzibidea zabalduko ote duten jakinaraziko dute datozen orduetan

Gipuzkoako Probintzia Auzitegiko hiru epailek hartua dute erabakia jadanik. Ertzaintzaren oldarraldian larri zauritutakoaren abokatuak jarritako helegitea izan dute aztergai. Gaur edo bihar jakinaraziko dute deliberazioa.

Istiluak Anoetako inguruetan, Realak eta PSGk martxoan jokatutako partidaren atarian. JAVIER ETXEZARRETA / EFE
Istiluak Anoetako inguruetan, Realak eta PSGk martxoan jokatutako partidaren atarian. JAVIER ETXEZARRETA / EFE
xabier martin
2024ko urriaren 30a
09:00
Entzun

Aurtengo martxoaren 5ean, Realak eta Paris Saint Germainek Anoetan jokatu zuten Txapeldunen Ligako partidaren atarian, buruan larri zauritu zuten Amaya Zabarte gipuzkoarra, Ertzaintzaren oldarraldi baten ondorioz. Ertzaintzak foam pilota batekin jo zuen ustez, eta, gainera, kaleratu diren pasarte horretako irudiek islatzen dute ertzain batek ostiko bat eman ziola 44 urteko emakumeari, lurrean zegoela, haren albotik igaro zenean. Zabarte sakelakoarentzako estaldura bila zebilen, Errondo pasealekuko errepide arteko lorategi estuan, inolako istilutan parte hartu gabe; baina ospitalean bukatu zuen, buruan kolpe latz batek eragindako zauri larriarengatik, eta haren bizitza arriskuan egon zen, kaskezurra bi lekutan hautsi baitzitzaion.

Familiak jarritako salaketak ez zuen aurrera egin, ordea, eta Ana Isabel Perez Asenjo epaileak auzia artxibatu zuen. Familiaren abokatu Iker Sarriegik, orduan, helegitea jarri zuen, gerora ezagutu diren irudi argigarriak mahai gainean jarrita eta oldarraldia bertatik bertara ikusi zuten lekuko batzuen testigantzak aintzat hartzeko eskatuz. Bada, datozen orduetan jakingo da Anoetako auziaren salaketa berriro zabalduko duten ala ez.

Auzia «oso argia» dela uste du familiak. «Badakit pilotakada bat eman zidatela», esan du egunotan Zabartek berak

Gipuzkoako Probintzia Auzitegiko hiru epaile batzartu ziren astelehenean, auzibidea zabaltzeko agindu edo ez deliberatzeko, eta erabakia hartua legoke ordu hauetan. Edonola ere, gaurko edo biharko espero du familiaren abokatuak ebazpena. Auzia «oso argia» dela uste du familiak. «Badakit pilotakada bat eman zidatela», esan du egunotan Zabartek berak, hedabideetan. Biktimak «justizia» nahi du, eta «hau beste inori ez gertatzea».

Zabarte ZIU unitatean eduki zuten egun batzuetan, eta beste batzuk ohiko erietxe gelan. Etxera joateko baimena lortuta ere, proba neurologikoak egiten jarraitu du azken hilabeteotan, kolpeak buru barruan eragindako odol jario batek ondorio larriak izan baititzake. Zabartek berak kontatu du Ertzaintzaren oldarraldi horren aurretik zen pertsona izateko borrokatzen ari dela oraindik, senitartekoen laguntzaz.

Errondo pasealekuan, Txapeldunen Ligako partida horren atarian, beste bi emakume zauritu zituzten, bat begian eta bestea bizkarrean, horiek ere Ertzaintzaren oldarraldian. Irailean, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburu Bingen Zupiriak ziurtatu zuen ezin dela esan Zabarte foam jaurtigai batek zauritu zuela. Nabarmendu zuen emakumeak ez zuela esan ostiko bat eman ziotela Anoetako estadioaren kanpoaldean, Ertzaintza oldartu ondoren larri zauritu zutenean.

Cabezudoren auziaren epailea

Orain, berriz, Gipuzkoako Probintzia Auzitegiak auzibidea ikertu behar den ala ez erabakiko du. Ikerketa sakonik egin gabe agindu baitzuen Asenjo epaileak artxibatzeko. Polemika iturri izan da auzi honen aurretik ere Asenjo. Hura izan zen Kote Cabezudoren auziaren epailea, eta kasutik baztertu zuten. 

Auzi luzearen lehen bost urteetan gidatu zuen kausa, eta tarte horretan aske utzi zuen Cabezudo; hark egoera hori probestu zuen emakumeen aurkako erasoak egiten jarraitzeko. Biktimek Perez Asenjoren kontra aurkeztutako kereila bat tramiterako onartu ondoren kendu zuten auzitik. Julian Garcia Marcos epaileak hartu zuen ondoren, eta Cabezudori, azkenerako, 28 urteko kartzela zigorra ezarri zion Gipuzkoako Probintzia Auzitegiak, 2022ko ekainean, delitu hauek leporatuta: bortxaketa, sexu abusua, haurren pornografia eta iruzurra. Lehen salaketa jarri eta ia hamar urtera iritsi zen zigorra.

Gipuzkoako Probintzia Auzitegiak Amaya Zabarteren auzibidea zabaltzeko agintzen badu, Perez Asenjok jarraituko du harekin, behinik behin epaile hori auzitik baztertzeko ekinaldirik egingo ez balu defentsak. Ikerketa zabaltzeko ebazpena iritsiko balitz, Zabartek foam jaurtigaiaren kolpea nola hartu zuen azaldu duten lekukoen testigantzak jaso beharko lituzke seguruenera, baita oldarraldia islatzen duten bideo irudiak ere. Zabartek beran esan du ez duela atsedenik hartuko «justizia egitea» lortu arte.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.