Martxoaren 5ean, PSGren eta Realaren arteko partidaren atarikoan, Errondo pasealekuan foam pilota batek jota, larri zauritu zuten 44 urteko emakume bat. Buruan odol isuria izan zuen, eta larrialdietan egon zen bost egunez. Familiak salaketa aurkeztu zuen auzitegietan, eta gertatutakoa argitzeko eskatu. Alta, Donostiako Justizia Jauregiko epaile batek kereila artxibatu du behin-behinean, nork tiro egin zuen ez dela argitu arrazoituta. Hala aurreratu du Noticias de Gipuzkoa egunkariak.
Egun hartan segurtasun neurri bereziak ezarri zituen Ertzaintzak, PSGko zaleak zirela eta. Alta, Ertzaintzaren segurtasun dispositiboa realzaleen aurka zuzendu zen, batik bat Realeko autobusari harrera egiteko garaian. Egun hartan, hiru pertsona zauritu zituzten, eta sei salaketa aurkeztu zituzten Ertzaintzaren aurka.
Bideoak ezin ikusi
Dispositibo berezi hark eragindako zauritu larriena 44 urteko emakumea izan zen. Familiaren arabera, zuzenean jo zuen foam pilota batek. Noticias de Gipuzkoa egunkarian emakumearen abokatuak azaldu duenez, euren asmoa zen argitzea nork egin zuen tiro eta gertatutakoa hanka sartze baten edo zabarkeriaz jokatzearen ondorio ote zen. Ezin izan dute aurrera egin, ordea. Salaketa guztiak artxibatu egin dira, desordena publikoen inguruko ikerketa nagusiaren ingurukoa salbu.
Abokatuaren arabera, zauritu bakoitzarekin espediente bat ireki zuten, eta, gainera, desordena publikoen inguruko beste bat dago. Hain zuzen ere, auzi horretan daude egun hartako istiluen bideoak, baina ezin dituzte ikusi, haiei ez dagokien beste auzi bat dela iritzita. Hala, zer gertatu zen argitu ez zedin, bi hilabete eta erdiz oztopoak jartzen aritzea leporatu diete hala auzitegiari nola Ertzaintzari berari. Iñigo Cabacasen kasuan bezala, ez dute ulertzen nolatan uzten den Ertzaintzaren gain tiroa nork egin zuen argitzeko ikerketa.
Erkorekarekin, haserre
Emakumearen senarrak Noticias de Gipuzkoa egunkarian adierazitakoaren arabera, bereziki minduta daude Josu Erkoreka jarduneko Segurtasun sailburuarekin. Emakumea istiluak izan ziren tokian zegoela iradoki izana salatu dute, eta gezurtatu egin dute guztiz. Partidaren aurretik sakelakoan seinale arazoak zituela eta, Errondo pasealekuan zegoen, «une eta toki okerrean». Argi utzi nahi izan dute ez zegoela istiluetan, pertsona zuhurra delako eta hori iradokitze hutsak ez duelako zentzurik. Bere izena zikindu nahi izatea egotzi diote sailburuari.
Halaber, gogora ekarri dute egun hartako brigadaburuak eta lurralde zuzendariak zin egin zietela erabat argituko zutela zer gertatu zen, baina adierazi dute, minduta, ordutik ez dutela haien berririk izan.
Bi hilabete eta erdi iragan badira ere, zauriak zefalea ugari eragin dizkio. Gainera, memoria arazoak ditu, eta erraz hitz egiteko zailtasunak ditu.
EITBk sendiaren lekukotasuna jaso du, baita Lakuaren bertsioa ere. Herrizaingo Sailaren arabera, «gertatutako guztia» ikertzen ari da Herrizaingo Saila. Euren ustez, oraingoz ez da egiaztatu istiluen aurkako materiala ote zen eta Ertzaintzak egin ote zuen tiro.
Tolosa eta Gasteiz
Tolosako inauterietan ere beste gazte bat larri zauritu zuten Ertzaintzaren foam jaurtigai batek jota, eta hango gertaerak ere berritu zituzten poliziek. Auzi horretan, Josu Erkoreka Segurtasun sailburuak adierazi du istiluetan parte hartzen ari zela 16 urteko gazte zauritua, familiaren bertsioak dioenaren aurka. Villabonako gaztearen aita Jon Pazosek BERRIAn adierazi zuen semea jai giroan zegoela, eta ez istiluetan parte hartzen.
Era berean, Martxoaren 3aren manifestazioan, Ertzaintza oldartu egin zen Gasteizko erdigunean, eta foam jaurtigai asko bota zituen; emakume bati baraila hautsi zioten, eta ebakuntza behar duela jakinarazi dute.