Epaileak ez zuen entzun nahi Arnaldo Otegik, Joseba Permachek eta Joseba Alvarezek esateko zutena. Agerian geratu zen hiruren aurka atzo Espainiako Auzitegi Nazionalean hasi zen epaiketan. Azalpen politikoren bat ematen hasi bezain laster kendu zien hitza akusatuei, behin eta berriz, Fernando Garcia Nicolas epaimahaiburuak. Otegiri egokitu zitzaion akusatuen aulkitik lehenengo azalpenak ematea, 2004ko azaroaren 14an Anoetako belodromoan egindakoekitaldian parte hartzeagatik «terrorismoa goratzea» egotzita, eta bera eten zuen gehien epaileak. Hala ere, nahi baino gutxiago, baina hirurek hitz egin zuten politikaz. 2004ko giroaz, ezker abertzalea egiten ari zenaz eta Anoetako Proposamenak esan nahi zuenaz. «Bake proposamena zen», esan diote behin eta berriz epaileari. Egungo egoerarekin alderatu dute ordukoa hiru akusatuek, epaimahaiburua hori espresuki eragozten saiatu den arren.
Anoetako ekitaldia «oso garai berezian» egin zela azaldu du Otegik: «Alderdien artean harremanak, gerturatzeak zeudela jakina zen, eta horrek ziklo politiko berri bat, jokaleku politiko berri bat ekar zezakeen». Ezker abertzaleak esana zuen proposamen berria plazaratuko zuela azaroaren 14ko ekitaldi hartan, eta ikusmin handia zegoen. «Anoetan aurkeztuko zen gatazkaren konponbide demokratikorako jarrera politiko berria», azaldu du Otegik.
Hurrengo galderan egin du lehen mozketa epaileak, eta Jone Goirizelaiaren eta Fernando Garcia Nicolas epailearen arteko liskarra eragin du horrek:
Goirizelaia: Zertan oinarritzen zen jarrera politiko berri hori?
Garcia: Inpertinentea da galdera hori. Ez da epaitzen ari haren irakurketa politikoengatik edo orduan esan zuenagatik, beraz, inpertinentea.
Goirizelaia: Ministerio Fiskalak eta herri akusazioak galdera bera egin diote. Diferentzia da haiei ez diela erantzun eta orain ari dela. Haien galdera ez bazen inpertinentea, nirea ere ez.
Garcia: Ez da eduki politikoa epaitzen ari, eta ez dira adierazpen horiek entzun beharrik.
Goirizelaia: Orduan ezin zaie galdetu gertaeren inguruan?
Garcia: Begira, ez dudana onartzen da orain haren diskurtsoa edo filosofia errepikatzea.
Protesta jartzeko azalpenetan ere eten du abokatua epaileak, azalpenak entzun gabe protesta jasoa dagoela esanda.
Egoera horretan ezker abertzaleak egin behar zuen ekimena oso garrantzitsua zela errepikatu du Otegik; areago, alderdi gehienek eta Espainiako gobernuburuak berak pausotzat hartu zutela. «Euskal Herria Espainiako Estatuarekin enfrentatzen duen gatazka gainditzea ahalbidetuko lukeen proposamena publiko egitea zen helburua, eta xede hori lortu ahal izateko konpromiso batzuk hartu genituen unilateralki».
Gainerako alderdiekin zituen elkarrizketei buruz aritu nahi zuen Otegik, baina epaileak ez zion askorik esaten utzi: «Ez nuke esango akordioa zegoenik, baina elkarrizketetan alde bakoitzak pausoak emateko konpromisoa hartu zuen, eta Anoetako ekitaldia egin zedin erraztu zen, batez ere erraztu zutenek uste zutelako ekitaldia egitea eta bertan egingo genuen proposamena oso baikorra, eraikitzailea zela eta bake jokaleku bati buruz behingoagatik hitz egiten lagunduko zuela». Liskarra izan zen berriz abokatuaren eta epailearen artean:
Goirizelaia: Testuinguru horretan, nork zekien ekitaldi hori egingo zela?
Garcia: Ez da beharrezkoa.
Goirizelaia: Protesta egiten dut. Eta, Alderdi Sozialista jakitun zegoen?
Otegi: Bai.
Azkar-azkar eman du erantzuna Otegik, epaileak ezin dituela halako galderak errepikatuta eten aurretik.
Ekimena ez zuela ETAk agindu esan, eta akusazioak zuzentzeari ekin zion Otegik: «[Proposamenaren arabera] Estatuak ETAri eskubide batzuk onartu beharko lizkiokeela diote akusazioek, eta gauza bat esan nahi dut, egungo egoerarekin lotua dagoena, gainera: Guk ez dugu proposatzen ETAri inolako kontzesio politikorik egin behar zaionik, eta...». Epaileak hartu du hitza berriz: «Begira, zuk esan duzu ez zinetela ETAren aginduz aritu eta ezker abertzalearen ekimena dela. Horrekin nahiko».
Permachen txanda iritsi zenerako lasaituago zegoen epailea, eta kasu batzuetan hitza kendu bazion ere, ez zuen Otegi adina eten. Egoera azaltzen saiatu zen Permach ere: «Helburu bakarra ezker abertzalearen posizionamendu berria aurkeztea zen, bake proposamena aurkeztea, une hauetan bezala, eta egungo egoera politikoan ezker abertzalea egiten ari den modu berean, gure ustez beharrezko dena egin dadila eskatzen: indar politikoek koherentziaz eta arduraz jokatu dezatela, egoerak eskatzen duen mailan egon daitezela; orduan ere uste genuen konpromiso batzuk hartu behar zirela».
Ekitaldian norbaitek ETAren aldeko oihurik egin ote zuen ez dakiela esan zuen Permachek, fiskalak eta Ermuko Foroak egindako akusazioen harira. «Baina hurrengo egunean eragile gehienek ontzat jo zuten bake proposamenari buruz ari gara. Eta halako akusazioak egitea konponbiderako metodologia politikoaz ari denean, elkarrizketa eta negoziazioaz ari denean, konpromisoak hartzen ari direnean, garrantzitsua da». Haratago joan da Permach: «Kontuan hartu behar da Anoetatik pasa izan ez bagina agian gaur ez ginatekeela Gernikako konpromisoetan egongo. Beraz, ez dakit oihurik egon zen edo ez, baina izatekotan gutxi batzuk izango ziren eta ezin zaio horri eman garrantzia».
«Ez zen inolaz ETA goratzeko ekimen gisa planteatu; kontrakoa, bake proposamena zen aurkeztu zena. Gainera, hala izan ez balitz, ez dut uste horrenbesteko arrakasta izango lukeenik gainontzeko alderdien artean». Gemma Zabaleta eta Patxi Lopez sozialistek zein hedabideek Anoetan aurkeztutako proposamena baikortzat jo zutela gogorarazi du: «Zuek soilik ikusi duzue delitua; gainontzekoek bake proposamena ikusi zuten».
Anoetakoa, oraingoa bezala, bake proposamena zela diote Otegi, Permach eta Alvarezek
Epailea edozein argudio politiko saihesteko saioan aritu da, baina akusatuek agerian utzi dute Anoetakoaren garrantzi politikoaEkitaldia egin aurretik alderdi sozialistak bazuela haren berri jakinarazi du Otegik
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu