Epaitegiak

Ankerkeriari Stop plataformak «bidegabekeria» salatu du, eta borrokan jarraitzeko deia egin du

Ankerkeriari Stop plataformako kideek ohartarazi dutenez, «prozesua ez da hemen amaitzen», eta «eskura dituzten baliabide guztiak agortu arte» jarraituko dute borrokan, «bidegabekeria onartezina» dela azpimarratuta.

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria.
2021eko otsailaren 4a
17:23
Entzun

Espainiako Auzitegi Nazionalak lau urteko espetxe zigorra ezarri die Galder Barbado eta Aitor Zelaia gazteei, lehergailuak egiteko materiala edukitzea leporatuta. Hain zuzen, asteartean jakinarazi zuten epaia, eta Ankerkeriari Stop plataformak agerraldia egin du gaur arratsaldean sententziaren balorazioa egiteko eta datozen mobilizazioen berri emateko, Gasteizen. Plataformako kideek ohartarazi dutenez, «prozesua ez da hemen amaitzen», eta «eskura dituzten baliabide guztiak agortu arte» jarraituko dute borrokan, «bidegabekeria onartezina» dela azpimarratuta. Gogorarazi dute, ordea, Barbadoren eta Zelaiaren «eguneroko bizitzek baldintzatuta» jarraituko dutela: «Auziak ekar dezakeenaren esperoan; ankerkeria amaigabe batean murgildurik, finean».

Zehazki, 2018an Ertzaintzak Duranako (Araba) industrialde batean aurkitutako bidoi bat dago zigorraren erdigunean, eta, sententziaren arabera, epaileak frogatutzat eman du bi gazteek «esku hartu» zutela 2014an bidoi hori «ezkutatzen». Horrez gain, dokumentuak jasotzen du «lehergailuak egiteko hainbat objektu» zeudela bidoiaren barnean. 2019an atxilotu zituzten, eta udaran gelditu ziren baldintzapean aske, 6.000 euroko bermea ordaindu ostean. Urtarrilaren 21ean eta 22an epaitu zituzten, Madrilen, eta Fiskaltzak zortzi urteko espetxe zigorra eta zazpi urteko zaintzapeko askatasuna eskatu zuen haietako bakoitzarentzat. Azkenean, baztertu egin dute «helburu terroristarekin» aritu izana, eta, espetxe zigorraz gain, urtebeteko zaintzapeko askatasuna eta hamar urteko inhabilitazioa ezarri diete.

Plataformak epaitegiaren izaera izan du oinarri: «Justizia deitzen diote, mendekua denean; auzi honek agerian uzten du, beste behin, zein den espainiar ‘justiziaren’ izaera eta hau indarrean mantentzeko erabiltzen dituen mekanismoak». Haren arabera, epaitegiak nahikoa du «egiazkotasun presuntzioa duten morroien deklarazio huts baten» ikerketa lerro bati jarraitzea epai bat emateko orduan. Gainera, uste dute sententziak azken asteetan salatu dutena berresten duela: «Konpromiso eta jardun politikoa izan da, hain justu, salbuespenezko auzitegian epaitu dutena. Ez da bi gazte arabarren aurkako eraso huts bat, baizik eta herri oso baten nahiak, desirak eta ametsak zapuztu nahi dituen eraso planifikatu bat». Beraz, orain arteko bide berberean aurrera egiteko erabakia hartu dute, «elkartasuna eta elkarrekiko babesa» oinarri izango dituena.

Plataformako kideek ez dute geldirik egoteko asmorik, eta «indarrak batu eta bide berri bat irekitzeko» deia egin dute. Gasteizen eta Amurrion (Araba) mobilizazioak egingo dituzte larunbatean, 18:00etan, bi gazteen «askatasunaren aldeko» aldarria entzuna izan dadin. Euskal Herriko gainerako lekuetan ere «elkartasun keinuak» antolatzeko eskaria egin dute, larunbatean bertan, 12:00etan. «Orain inoiz baino gehiago, zuekin gaude», aldarrikatu dute.

«Atzera garamatzan sententzia»

Sare Herritarrak bi gazteei ezarritako zigorra salatu du. Haren arabera, «atzera garamatzan sententzia bat» da, eta, garaiotan, «guztiz zentzugabea». «ETA deseginda ere, Espainiako justiziak oraindik lekuz kanpo dauden zigorrak ezartzen jarraitzen du ‘terrorismoaren’ aitzakiapean». Hain zuzen, adierazi du bi gazteek «indarkeriarik gabeko estrategiarekin bat egiten dutela argi» azaldu zutela epaiketan, baina epaitegiaren jarrera aurkakoa dela: «Indarkeriaren mamua betikotzeko jarrera nabaria da, eta, beraz, elkarbizitzaren aurkakoa». Erantsi dute batzuek «iraganean ainguratuta» jarraitu nahi dutela, baina bidean aurrera egitea beharrezkoa dela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.