Eusko Jaurlaritzako Ogasun sailburu Noel d’Anjouk eman du Eusko Jaurlaritzaren aurrekontu proiektuaren berri, eta, horrekin batera, azaroaren 7tik aurrera negoziazio mahaian esertzeko deia egin die alderdi «demokratikoei»; hau da, Voxi ez beste guztiei. Negoziazio horietara begira, esan du aurrekontu «ahalik eta parte hartzaileenak» nahi dituela, baina oposizioari gogoratu dio EAJk eta PSE-EEk gehiengoa dutela Eusko Legebiltzarrean eta Jaurlaritzari dagokiola elkarrizketen nondik norakoaren «lidergoa» hartzea.
Eusko Jaurlaritzaren lehen xedea da aurrekontu proiektuaren inguruko azalpen oro plazaratzea. Hala, D’Anjou ez da hasiko talde parlamentarioekin hizketan harik eta sailburuek euren sailetako aurrekontuen inguruko xehetasunen berri eman arte. Eta behin hori eginda, «ikuspegi zabala» izanda eta «taktizismo politikorik» gabe ekin nahi die negoziazioei. «Espero dut alderdien jarrera laguntzearen aldekoa izatea».
D’Anjouk zenbait ohartarazpen ere egin ditu. Hasteko, «denekin hitz egiteko» eta «ahalik eta akordio zabalena» lortzeko asmoa duen arren, gogoratu du EAJk eta PSE-EEk, gobernua sostengatzen duten bi alderdiek, gehiengo osoa dutela. Hala, aditzera eman du ez dutela bestelako itunik behar abendu amaieran aurrekontuak onartzeko. Bestetik, azken asteetan Eusko Jaurlaritzako eta EAJko ordezkariek esandakoa berretsi du: elkarrizketa horietan «lidergoa» Eusko Jaurlaritzari berari dagokiola. «Akordioak lortzearen alde gaude, eta ez dago marra gorririk, baina lidergoa guri dagokigu», zehaztu du.
Hain zuzen, «lidergoan» azpimarra egiteak lotura du EH Bilduk Eusko Jaurlaritzarako eta hiru foru aldundietarako egindako proposamen bateratuarekin. D'Anjouk «positibotzat» jo du proposamena, baina berretsi Jaurlaritzari dagokiola iniziatiba izatea. Aurrez ere, ideia bera plazaratu zuen Joseba Diez Antxustegi EAJko eledunak, besteak beste, eta EH Bilduri leporatu «lehendakariaren lidergoaren pare» jarri nahi izatea proposamena baliatuta.
Hain zuzen, koalizio subiranistako koordinatzaile nagusi Arnaldo Otegik proposamen hori izan du hizpide gaur goizean Herri Irratian egin dioten elkarrizketan, eta zehaztu du proposamena luzarorako iritsi dela, orain nahiz eta EAJk eta PSE-EEk «itxikeriaz» erantzun eta negoziatzeari «ateak itxi». «Ez da bi eguneko kontua, ezta aurrekontu hauetarako soilik egindakoa», esan du Otegik, eta zehaztu proposamen horren helburua dela administrazio publikoen «efikazia» hobetzea, jeltzaleekin eta sozialistekin adostuz inbertsio publikoek zer norabide hartu behar duten: «Gauza bat da foraltasuna eta lurraldeetako instituzioak errespetatzea, eta beste bat, berriz, instituzio horiek politika nabarmen ezberdinak egitea herri berean».
Horrekin lotuta, Otegik ukatu egin du egungo instituzio ereduaren edo foraltasunaren kontra ari direla. Baina «hutsegitetzat» jo du jarrera instituzio bakoitzean dauden aritmetika parlamentarioen arabera zehaztea: «Hemen gehiengoa dut, eta nahi ditudan aurrekontuak ezarriko ditut; hemen, aldiz, ez dut, eta partzialki negoziatzen saiatuko naiz». Hain zuzen, EAJk eta PSE-EEk gehiengoa dute Eusko Legebiltzarrean eta Bizkaiko Batzar Nagusietan; ez, ordea, Arabako eta Gipuzkoako batzarretan.
Arlo publikoaren defentsa
Sumar Mugimenduko idazkari nagusi Lander Martinezek ere hizpide izan ditu Eusko Jaurlaritzarako aurrekontuak, eta ideia bat nabarmendu du: «ezinbesteko mekanismo» batzuk ezarri behar dira «arlo publikoa babesteko». Hala, Radio Euskadin egindako elkarrizketa batean, eskatu du «aurrekontu hedagarriak» osatzeko, xede izanik zerbitzu publikoak indartzea. Eta bide horretan, Osakidetzan jarri du begirada. Azpikontratazioa baztertzea eta egungo zerbitzu publikoak garatzea defendatu du.