Gaur eguerdian, Pragako Strasnice hilerrian (Txekiar Errepublika), Anjel Lekuona busturiarra (Bizkaia) gogoratzeko ekitaldia egin da. 1945eko apirilaren 10ean fusilatu zuten Lekuona, Hirugarren Reicheko kontzentrazio esparru batean preso egon ostean. Harekin batera, Frantziako erresistentziaren alde borrokatu ziren beste bost iheslari oroitu dituzte: Enric Moner, Pedro Raga, Antonio Medina, Rafael Moya eta Antonio Clemente.
Ekitaldi instituzionalean izan da Lekuonaren familia eta, Eusko Jaurlaritzaren izenean, baita Aintzane Ezenarro ere, Gogora Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuko zuzendaria. Anton Gandariasek, Lekuonaren ilobak, Stranisce hilerriko arduradunen laguntza eskertu du, «gertakarien inguruko dokumentazioa eskuratzen eta gertatutakoa argitzen laguntzeagatik».
Pragako Udalak, Strasnice hilerriko arduradunek —biktimen memoriala bertan dago— eta Hradixko eremuko deportatuen memoria zaintzeko lantaldeak —biktimen senitartekoek eta ikertzaileek osatua— antolatu dute ekitaldia.
Lekuonaren errautsak Straniceko hilerrian utziko dituzte, baina Busturiako Udalak eta Gogora-k haren omenezko plaka bat jarriko dute udalerrian, Lekuonaren jaiotza eta heriotza datarekin eta izenarekin.
Anjel Lekuona Busturian jaio zen, 1913ko martxoaren 1ean. 36ko gerran errepublikaren alde borrokatu zen, eta Frantziara ihes egin behar izan zuen. Han, hainbat kontzentrazio esparrutan egon zen. Naziek Frantzia okupatu zutenean, deportatu, eta beste hainbat esparrutatik pasatu ostean, 1945eko apirilaren 10ean fusilatu zuten.