Euskaraldia

Aniztasunerako zubigintza

Euskaraz ez dakitenak erakartzeko jardunaldiak antolatu ditu Euskaltzaleen Topaguneak. Euskarak sortzen dituen barne eta kanpo gatazkak izan dituzte hizpide.

Mintzodromo bat, San Telmo museoan, Donostian. GORKA RUBIO / FOKU.
iraia vieira gil
2022ko azaroaren 29a
00:00
Entzun
Euskaratik abiatuz zubiak eraikitzeko urratsa proposatu du Euskaltzaleen Topaguneak. Horregatik, euskaldunak ez direnak euskarara hurbiltzeko jardunaldiak egin ditu hil osoan Euskal Herriko zenbait tokitan. Zubi bat euskaratik lelopean, euskara ez dakitenei hizkuntzak eman diezazkien aukerak ezagutaraztea izan dute xede. Horrez gain, euskarari dagokionez harrera egokia eskaintzeak sortzen duen arduraz kontzientziatu nahi izan dituzte euskal hiztunak, eta trebatu ere bai.

Euskaltzaleen Topagunearen arabera, ehun hizkuntza baino gehiago hitz egiten dira Euskal Herrian, eta horri begiratu diote. Alabaina, oraindik ere ugariak dira jatorriarekin, hizkuntzarekin eta bestelako aldagaiekin loturiko bereizkeria eta bazterketa egoerak. Horiei aurre egiteko «neurri eraginkorrak» aurkitzea da topaketen helburua.

Aniztasuna jorratzen duten jardunaldiak izanik, gainontzeko hizkuntzei ere beren «aitortza eta lekua» emateko aldarrikapena egin dute. Guztira, zortzi hizlarik hitz egin dute bizikidetza hizkuntzetatik abiatuz eraikitzeari buruz.

Euskaltzaleen Topaguneak, berriz, elkarbizitzarako pausotzat hartu ditu jardunaldiak. «Denon artean pentsatu eta hausnartzen jarraitzeko bide bat da hau». Haietako biren aleak jaso dituBERRIAk, lagin gisa: Margaret Bullenenak eta Amaia Nausiarenak.

Praktikotasuna akuilu

«Beti izan behar dugu askotarikoak?», galdetu du Margaret Bullen antropologoak (Nedging, Erresuma Batua, 1964). Orain dela 30 urte heldu zen Euskal Herrira, eta hura izan da jardunaldietan parte hartu duten hizlarietako bat. Hitzanitza, euskara etorkizun anitzean ikerketa aurkeztu du. Euskaraz, aniztasunaz eta migrazioaz aritu da, eta euskarara zerk ekarri zuen eta euskaraz zergatik mintzo den azaldu du.

2016. urtean garatu zuen ikerketa hori Bullenek, eta bi helburu ditu: aniztasunaren eta euskararen normalizazioaren inguruko kezken eta iritzien berri izatea, lehenik, eta etorkizunerako azterketa bideak proposatzea, bigarrenik. Gizarte mugimenduen arteko aliantzak ere ikertu ditu. Aztergaiak desberdinak diren arren, abiapuntu bera izan dute: euskal gizartearen aniztasunean ardaztu dira.

Euskal Herrira heldu zenean, ingelesez, gaztelaniaz eta frantsesez zekien Bullenek. «Euskal Herrira eta euskarara nire bikotekidearen eskutik iritsi nintzen, baina ez nuke esango euskararekin dudan harremana sentimentala denik, praktikoa eta politikoa baizik, zentzu zabalean». Praktikoa, euskara bide bat izan delako euskal herritarrekin erlazionatzeko eta gizartea ezagutzeko, eta egun duen lanbidea lortzeko. «Eta politikoa, ez politizatua. Uste dut gure betebeharra dela gauden lekuan tokiko hizkuntza eta bizimodua ikastea eta erabiltzea. Ez du esan nahi beste hizkuntzak edo beste bizimoduak erabili ezin ditugunik, gure gizarteak, gure bizitzak askotarikoak dira eta».

Eta zertarako ikasiko du euskara; hemen ez da erabiltzen; zertarako balio du? Hori diotenei hauxe erantzun die Bullenek: «Hizkuntza bakoitzak komunitate baten ateak irekitzen dizkizu. Hizkuntza gutxituek badute handiek ez duten abantaila bat». Haren ustez, komunitaterako sarbidea errazten du euskarak.

Hizkuntza eta identitatea

Amaia Nausia NUPeko Historia Modernoko irakasleak (Iruñea, 1982) bestelako erpin batetik heldu dio gogoetari. Herritartasunarekin bainoago, nazio identitatearen atzean ezkutatzen den hizkuntzarekin lotzen dute maiz Nafarroan euskara. Horren harira, eta gatazkaren egungo egoera aztertzeko, ikerketa hau egin zuen: Aniztasunaren kudeaketa demokratikoa Nafarroan: Bizikidetza.

Ikerketaren helburuak zeintzuk diren azaldu du: «Nafar gizarteak lurralde modura aurrera egiteko kontsentsu zabalak bilatzea, eta identitate ideologiko, politiko eta kultural askotako herritarrak elkarlanean aritu ahal izateko markorik egokiena aurkitzea». Hau da, gatazkak modu demokratikoan kudeatzeko bideak lantzea.

«Gizarte modernoa den neurrian, Nafarroak izateko, pentsatzeko, sentitzeko eta bizitzeko modu asko ditu», azaldu du. Eta nazio identitatearen polarizazioa eta euskara aipatu ditu adibide gisa. «Nazio identitateen arteko talkarekin nahasi da askotan euskara, baina euskara ez da gatazka, berez». Haren ustez, nazio identitateen arteko talka ezkutatzen du horrek, baina auziaren eragilea, berez, ez da euskara.

Horregatik, garrantzitsua da bizikidetza bermatuko duen komunikazio eta ulertze prozesu bat egitea, eta polarizazio horren barnean konfiantza sortzea. Haren ustetan, «Nafarroan dagoen aniztasunaren isla da euskara». Askok bat egiten dute baieztapen horrekin, baina: «Uste dute euskararen zabalpenak borondatean oinarrituta egon behar duela, nazio identitatearekin lotu gabe».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.