Aniztasunarena da argazkia

Uemaren beka bati esker egindako lan batean ikusi dute eremu euskaldunetara iristen diren etorkinak batez ere aldagai sozialek akuilatuta hurbiltzen direla euskarara.

Enara Eizagirre (aurrean) eta Edurne Urrestarazu (atzean), ikerketa aurkeztu zuten egunean, urri amaieran, Azpeitian. UEMA.
Igor Susaeta.
2020ko abenduaren 17a
00:00
Entzun
Erdaldun kontzeptuaren barruan arakatu dute, eta, Enara Eizagirreren esanetan (Azpeitia, Gipuzkoa, 1993), ikusi dute «zer aniztasun» dagoen. Hori da, hain zuzen, Uema Udalerri Euskaldunen Mankomunitatearen Iñaki Arregi bekaren bidez egindako Migrazio erdalduna herri euskaldunetan ikerlanaren ondorio nagusietako bat. «Aniztasuna, bai haien bizipenei dagokienez, bai hizkuntzekiko duten harremana kontuan hartuta, bai euskararekin duten harremanean, bizipenetan, motibazioan...», zehaztu du Eizagirrek. Hark, Edurne Urrestarazuk (Idiazabal, Gipuzkoa, 1993) eta Ekhi Zubiriak (Hernani, Gipuzkoa, 1988) ondu dute lana.

Horretarako, 2005aren ondoren hamahiru herritara —Azpeitia, Berastegi, Ikaztegieta, Mutriku, Oñati, Orio (Gipuzkoa), Dima, Lekeitio, Muxika, Ondarroa (Bizkaia), Baztan, Igantzi eta Etxarri Aranatz (Nafarroa)— iritsitako hemeretzi pertsona elkarrizketatu dituzte, jatorri atzerritarrekoak: hamabi emakumezko eta zazpi gizon. Egileen arabera, horietako batzuek hitz gutxi batzuk egiten dituzte euskaraz, eta ikerketan parte hartu dutenen artean badira oinarrizko elkarrizketa bat euskaraz egiteko gai direnak ere. «Batzuk euskalduntzen dira, eta beste batzuk ez. Nahi genuen aztertu erdaldun diren momentuko fenomeno hori», argitu du Eizagirrek.

Jatorri atzerritarreko herritar horiek gaur egun «euskararekiko duten harremana eta posizioa kontuan hartuta», hiru «kokapen» definitu dituzte ikerlariek. Batzuek «urrunago» sentitzen dute; badaude, bestetik, «interesa» dutenak «egoerarekin asebeteta edo kontent egonagatik»; eta badira, gainera, ikasten ari direnak edo «etorkizun hurbilean» horretarako asmoa dutenak.

Kokapen baterantz edo besterantz jotzeko orduan, hainbat aldagai hartu behar dira kontuan, Urrestarazuren ustez. Horietako bat da herrietan sortu duten harreman sarea. «Eta hori aintzat hartuta ikusi dugu euskarara urrutiratu edo gerturatu daitezkeela». Urrestarazuk adibide baten bidez azaldu du: «Elkarrizketatu batek kontatu zigun bera iritsi zenean ez zegoela hainbeste etorkin herri hartan. Azken finean, inguruan besterik ez baduzu, harreman sareak eraikitzeko orduan errazago jotzen duzu herritarrak ezagutzera».

Badira aldagai gehiago. Esaterako, seme-alabak «derrigorrezko hezkuntzan eta D ereduan» egotea. Faktore gehiago: lan eremuan dituzten helburuak. «Lana hobetu nahiko balute, edo aldatu, eta baldin badakite euskara eskatzen dutela, horrek motibatzen ditu euskara ikastera». Etorkizunera begira dituzten «asmoak» ere aldagai bat dira: «Herrian gelditu nahi duten edo bueltatu nahi duten haien jatorrizko herrialdera, edo ziurgabetasuna duten...».

Ikerketaren abiapuntu gisa, hasteko udalerriak aukeratu zituzten. «Euskararen ezagutza handia den eremuetan egin nahi genuen lana; eta, horrez gain, azken urteetan jaso den migrazioaren ezaugarrien arabera jokatu genuen, bereziki», nabarmendu du Eizagirrek. Beraz, «errepresentazioaren aldetik», jatorrietan «pixka bat denetik»dago: Argentina, Dominikar Errepublika, Espainia, Maroko, Nikaragua, Pakistan, Paraguai, Sardinia, Senegal eta Txina. Zaharrena 1965ean jaiotakoa da, eta gazteena, 1997koa. Denak iritsi ziren Euskal Herrira derrigorrezko hezkuntzaren adina gaindituta. Ikertzaileek azpimarratu dute adina ez dela euskarara hurbiltzeko orduan motibazioari eragiten dioten faktoreetako bat.

Elkarrizketatuen profilak zehazteko erabili zuten, batetik, jatorriaren faktorea, eta, bestetik, «lehen hizkuntzarena». Izan ere, hipotesi batekin ekin zioten landa lanari: «Gure hasierako hipotesietako bat zen ea gaztelanialehen hizkuntza izan edo ez, horrek eragiten ote zuen euskarara gerturatzeko jarreran». Urrestarazurentzat, horrek «zerbait» eragin dezake, baina ez dute ikusi «bereziki» eragiten duenik: «Nahiz eta lehen hizkuntza gaztelania eduki, batzuk euskarara gerturatu dira, eta beste batzuk ez». Eizagirrerentzat, bai, «noski», horrek eragiten du euskararekiko harremanean. «Halere, lehen hizkuntzak baino gehiago, euskararekiko harremana azaltzen dute faktore sozialek edo etorkizunera begirako asmoek».

Hori bai, iristerakoan gaztelania jakin edo ez, horrek desberdintasunak sortu zituen ikerlanean parte hartu dutenen prozesu linguistikoetan. «Gaztelaniaz ez zekitenek lehenengo gaztelania ikasteko beharra sentitu zuten, oro har». Euskara ikastekoa «bigarren pausoa» zen. «Ze bigarren gisa sentitzen zuten hemen ere instituzioetatik eta, eta ikasteko orduan ere bigarren gisa planteatzen zen».

Metodologiaz

Ikerlariek hasieran planteatu zuten beste hipotesi bat zen hizkuntza gutxitu bat zutenek euskararekiko «kontzientzia handiagoa» edukiko zutela, Urrestazuren hitzetan, edo «errazago hurbilduko zirela, jakinik euskara ere hizkuntza gutxitu bat dela». Baina ez dute frogatu hala gertatzen denik. Horrek atentzioa eman die. Eizagirreren iritziz, pentsatzen zuten «enpatia handiagoa-edo» erakutsiko zutela. Erreakzioa beste bat izan da. «Atentzioa ematen du beren hizkuntzarekin paralelismo, konparazio asko egiten dituztela. Euskararen inguruan egiten den lanketa, ematen zaion inportantzia baliatzen zuten haienaz ahalduntzeko bezala».

Metodologiari dagokionez, gidoi bati jarraitu zioten, eta, elkarrizketak egiteko moduan, «walking while talking» delako moldea erabili zuten, Urrestarazuren arabera: «Eskatu genien ea beren herria erakutsiko ziguten. Eta erakusten ziguten bitartean, elkarrizketa egiten genuen. Ez zen elkarrizketa formal bat, estruktura itxikoa. Pixka bat irekita uzten genuen. Polita izan da, aberasgarria, elkarrizketa forma hori egitea». Baina, COVID-19a dela-eta joan den udaberrian administrazioek ezarritako itxialdiaren ondorioz, elkarrizketetako batzuk telefonoz egin behar izan zituzten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.