Aniztasunaren aldeko danbor martxa egingo dute ekainaren 1ean, Donostian

Euskal Herria 11 Kolore egitasmoak antolatutako Aniztasunaren Aldeko Egunaren ekitaldi nagusia izango da

Anizatasunaren Aldeko Egunaren aurkezpena, atzo, Donostian. JON URBE / ARGAZKI PRESS.
ainara arratibel gascon
Donostia
2013ko apirilaren 28a
00:00
Entzun
Aniztasunaren Alde 11 Kolore Fest eguna egingo du Euskal Herria 11 Kolore egitasmoak, ekainaren 1ean, Donostian. Bai aniztasuna! Gora aniztasuna! izango da jai eta aldarrikapen egun horren leloa, eta atzo egin zuten aurkezpena. «Bada garai herri gisa aniztasunaren alde oihu egiteko», adierazi zuen Xabier Mendiguren Bereziartu bozeramaileak. Danbor martxa izango da eguneko ekitaldi nagusia.

Abenduan sortu zen EH 11 Kolore egitasmoa, eta dagoeneko 600 atxikimendu jaso ditu aniztasunaren alde aurkeztu zuten manifestuak. Atzoko agerraldian Mendigurenek gogorarazi zuen Euskal Herria beti izan dela herri plural bat. «Jatorri anitz dituen herria gara, eta etorkizun berbera duena. Euskal jendartearen asimilazio edo zatiketa juridiko, ekonomiko, kultural edo jatorrizkoak bilatzen dituzten jarrerak alde batera uzteko unea da». Krisi garaian aniztasuna eta elkartasuna are beharrezkoagotzat jo zituen.

Danbor martxa izango da eguneko ekitaldi nagusia. «Ez dago hizkuntz unibertsalagorik perkusioa baino. Gainera, ez dezagun ahaztu Donostia danborren eta danborradaren hiriburua dela». Hala, dei egin dute egun horretan danbor eta perkusio tresnekin bertaratzeko.

17:30ean abiatuko da martxa, udaletxe aurreko lorategietatik. Aurretik, flashmob bat egingo dute perkusio doinuekin. Horretarako, Atanbora izeneko perkusio pieza prestatu dute Harkaitz Martinez de San Vicente Oreka Tx taldeko musikariak, Olatz de los Santos dantzariak eta Iñigo Egia perkusio jotzaileak. Pieza martxaren ereserkia izango da. Jada ikusgai dago Youtuben, eta bertaratzen direnei ikusi eta entseatzeko dei egin diete.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.