Arropa denda bat inauguratu dute Bilboko Zazpikaleetan, Santiago katedralaren ondoan. Berez, saltoki arrunta dirudi, baina Europa osoan bakarra dela nabarmendu du Kepa Tamamesek. «Animalien defentsarako proiektu global baten parte da», dio ADEADA elkarteko kideak. «Zergatik den bakarra? Dendak emango dituen irabazi guztiak, %100, proiektu animalistetara bideratuko direlako. Ez dago halako beste saltokirik».
Antitaurino.eu jarri diote izena, eta datorren astetik aurrera Interneteko helbide horretan on line denda ere martxan izango da. Modu horretan, animalien aldeko norbanakoei laguntzeko aukera berria emango diete. «Jendeak ez du zertan Aste Nagusia iritsi arte zain egon zezenketen aurka sinatzeko edo animalien defentsarako ekimenen aldeko diru laguntza emateko», azaldu du Tamamesek. Denda, bada, informazioa hedatzeko mahai horien parekoa dela iruditzen zaio, baina astean sei egunetan zabalik dago eta urtean 52 astetan. «Askoz egokiagoa iruditzen zaigu, jendearengana errazago iristeko».
Dendaren helburua bada dirua lortzea, ekimenak finantzatzeko beharrezkoa dutelako. Baina hori baino gehiago gizarteratze helburua ezarri diote. «Gizartearen gehiengoari animalien defentsa kontu arraro eta berezia iruditzen zaio. Gu ez gaude horrekin ados. Uste dugu giza aldarrikapenek besteko duintasuna eta zilegitasuna duela. Gai berberez hitz egiten dugu batean zein bestean: injustizia, doako sufrimendua, etika...», azaldu du Tamamesek.Ekimen horrekin, bada, animalismoaren irudi baikorra zabaldu nahi dute, eta uste dute helburua beteko dutela.
Izenari dagokionez, Tamamesi aukerarik egokiena iruditzen zaio. Nahiz eta onartu zezenketen aurkako mugimendua animalismoaren parte bat baino ez dela, ezagunena dela iruditzen zaio. «Animalien aldeko borroka modan badago, zer esanik ez zezenketen aurkakoa». Espezismo kontzeptua ere erabil zezaketela dio, baina ez dagoenez oso hedatuta jendeari zer esan nahi duen azaltzen energia asko gastatu beharko zutela iruditzen zaio. Eta, noski, gizarteratze helburuarentzat oztopo da hori.
«Animalia espeziearen araberako apetazko diskriminazioa da. Adibidez, txakurrak ondo zaindu behar direla onartzen dugu guztiok, baina txerriak jateko animaliak direla uste dugu», hala azaldu du kontzeptuaren esanahia.
Askotariko proiektuak
Dendaren kudeaketa ADEADA elkarteak izendatutako zuzendaritzaren esku geratuko da. Haiek erabakiko dute zertan erabili dirua. Unean uneko beharretara eta han edo hemen sortzen diren proiektuetara bideratuko dutela dio Tamamesek: «Oraingoan Andaluzian animalien abandonatzearen aurkako kanpaina bat finantza dezakegu, adibidez, eta, hurrengoan, EAEn zezenketak debekatzeko ekimena».
Topagune bat ere izango du saltokiak. Kanpainei buruzko informazioa zabalduko dute, eta sinadura bilketarako ere erabiliko da. «Animalien defentsarako elkarteek euren proiektuak eta asmoak ezagutzera emateko Antitaurino.eu dendan txoko bat izango dute», iragarri du Tamamesek.
Animalismoaren aldeko «proiektu globala», Bilbon
Denda bat zabaldu dute, diru iturri izan dadin eta mugimenduaren irudi baikorra zabal dezan inguruan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu