2022an Nafarroako herrien arteko errepideetan izandako hiru istriputatik batean animaliaren bat agertu zen errepidean. Animalia basatiak ziren gehienak, baina baziren etxe abereak ere. Guztira 3.382 istripu izan ziren, eta 1.054 egozten dizkiote errepidean animalia basatiak egoteari. 2022ko proportzioa gainerako urteetara estrapolatu daitekeela esan du Amparo Lopez Nafarroako Gobernuko Barne kontseilariak, parlamentuan egin duen agerraldian. Kontseilariak esan badu ere proportzioak estrapolatu daitezkeela, iaz Foruzaingoak 4.710 istriputan lan egin zuen, eta horietatik 886tan agertu zen animaliaren bat errepidean, hau da, bost istriputik bat inguru izan zen halakoa (%18). «Arazoa» nabarmenago bilakatu dela esan du: halakoak %78,5 ugaritu dira azken hamalau urteetan.
Errepideak gurutzatzen dituzten animalietan gehienak basurdeak izaten dira Nafarroa erdialdean eta hegoaldean, batez ere udazkenean, hau da, ehiza garaian. Nafarroako ubidearen inguruan eta artasoroetan agertzen dira. Orkatzak dira ohikoenak, berriz, iparraldean, Sakanan eta Lizarrerrian, bereziki udaberrian, ernaltzeko sasoian. Ilunabarrean, gauean eta egunsentian agertu ohi dira. Iaz 382 istriputan agertu ziren basurdeak, eta 320tan orkatzak. Gainerako istripuetan txakurrak, ardiak, txerriak, behiak, zaldiak, putreak... zeuden tartean.
Foruzaingoa halako istripuen jarraipen berezia egiten hasi zen 2017an, zehazteko zergatik gertatzen diren, animaliak non agertu ohi diren maizenik eta zer espezietakoak izaten diren animalia horiek. Mapa batzuk egin dituzte, leku jakin batzuetan kontrolak ezartzeko eta informazio kanpainak egiteko.
Lizarrerrian gehien
Azterketa Foruzaingoak zaintzen dituen eremuen arabera eginez gero, Lizarrerrian gertatzen dira istripu gehien errepidean animaliak egoteagatik: istripu guztien %22,88. Proportzioa antzekoa da Iruñean (%21,97). Elizondon izan dira gutxien, %5. Lopezek zehaztu du Nafarroako kopuruak Arabakoen antzekoak direla, baina Gipuzkoakoak baino okerragoak.
Nafarroako Gobernuak uste du era horretako istripuak ugaritu egingo direla datozen urteetan, animaliak ere ugaritu egingo direlako. «Neurriak hartzea da garrantzitsua», esan die Lopezek parlamentariei. Zer eratako neurriak? Gobernuko zenbait departamentutako ordezkariek bilerak egiten dituzte elkarri informazioa emateko, eta, informazio horretan oinarrituta, puntu beltzak zehazten dituzte, animaliei eta abiadurari buruzko seinaleak jarri, edo animalien igarotzeak aztertu.
Animalia basatiek errepidea gurutzatzeko arriskua dagoela ohartarazteko, seinaleak jarri dituzte N-121, N-134, N-240-A, NA-132-A eta NA-132-B errepideetan. A-10 errepidean, berriz, animalientzako pasabide bat jarri dute, animaliek errepidea gainetik gurutzatzeko. Barne kontseilariaren ustez, seinaleek eta pasabideak zenbateko eragina duten ikusi beharko da beste neurriren bat hartu aurretik.
Zenbait ohar egin dizkie gidariei: ehiza barrutien eta basoen inguruan abiadura moteltzea, errepidean animaliaren bat ikusiz gero bozina jotzea eta bolante kolperik ez ematea.