Animaliak, presoak eta indarkeriak elkarren artean izan dezaketen lotura hizpide izan du Gema Varonak (Madril, 1969), EHUk antolatzen dituen udako ikastaro batean, Martuteneko espetxean (Donostia). Bi gai nagusi izan ditu hizpide: batetik, pertsonen arteko indarkeriak eta animalienganako indarkeriak elkarren artean duten lotura; eta, bestetik, animaliek nola lagundu diezaieketen, alde emozionaletik, presoei edo preso egon direnei.
Kriminologiaren Euskal Institutuko zuzendaria da Varona, eta Martuteneko espetxean ostiralean egin zuten ikastaroan, bere hiru ikaslerekin batera hartu zuen parte. Ikastaroak «beste dinamika bat» duela azaldu du Varonak: «Borobilean esertzen gara, eta gai eztabaidagarriak planteatzen ditugu, non bakoitza aditua den bere esperientzietan. Galdera irekiak izaten dira, bertaratzen diren guztiak eroso sentitu daitezen».
Pertsonen arteko indarkeriaren eta animalienganako indarkeriaren artean erlazio zuzena dagoela azaldu du Varonak, bereziki, indarkeria matxista kasuetan: «Egon dira kasuak non gizonezkoak animaliak erretzen dituzten, baita leihotik bota ere, emakumearengan presioa eragiteko eta bere jarrera baldintzatzeko asmotan». Indarkeria «instrumentala» dela dio Varonak, beldurra sortzeko egiten dutelako. «Mehatxu» moduan erabiltzen dutela azaldu du, eta gehitu horrek animaliak eta biktimak gehiago batzen dituela: «Oso lotura estua dago animalien eta tratu txarrak jasaten dituzten emakumeen artean». Gaineratu du sexu abusuak jasan dituzten haurrek ere lotura estua izaten dutela animaliekin.
Kurtsoaren bitartez, egoera horri «buelta» eman nahi diotela adierazi du Varonak, eta ikusarazi harremana dagoela hainbat bizidunenganako indarkerian. «Kontraesankorrak gara gizakiak», dio Varonak. Ondorioztatu du batzuk indarkeria erabili dezaketela pertsonekiko eta oso lotura estua izan animaliekin: «Niri esan izan didate: epaitzen ez nauen pertsona bakarra da».
Presoekin lan egiten duten programekin kolaboratzen du Varonak, eta dio ez dela lan erraza: «Espetxean lan egitea ezberdina da, eta zailtasun asko ditu». Esperientzia pilatua du alor honetan, eta talaia horretatik ondorioztatu du animaliak —txakurrak, katuak, txoriak eta zaldiak— presoentzako laguntza izan daitezkeela. Euskal Herriko espetxeetan ibili da gehienbat, baina Espainiako Estatuko beste espetxe batzuk ere ezagutzen ditu. Horietako bat Duesoko (Kantabria) espetxea da. Bertan, lur eremu zabalagoa dagoenez, animaliekin jarduerak egitea errazagoa dela dio, eremu txikia izanez gero animalistek oztopoak jarri izan dizkiete eta.
«Oso lotura estua dago animalien eta tratu txarrak jasaten dituzten emakumeen artean»GEMA VARONAKriminologiaren Euskal Institutuko zuzendaria
Onurak
Varonak parte hartzen duen espetxe programen barnean presoak ebaluatzen dituzte, eta, programaren helburuen arabera, animalia bat edo beste egokitzen diete, «ezaugarri ezberdinak» dituelako bakoitzak. «Animaliak zaintzeko erantzukizuna daukate presoek; janaria emateaz eta ondo zaintzeaz arduratu behar dute», gehitu du Varonak. Gainera, presoek animaliekin lan egiten dutenean —bereziki txakurrekin—, bien arteko lotura estua eta onuragarria sortzen dela azaldu du: «Tratu txarrak jasan dituzten animalien eta indarkeriaren biktima izan diren pertsonen artean lotura sortzen da, eta bientzako lagungarria izaten da». Osasun mentaleko arazoak dituzten presoek animaliekin «oso ondo» konektatzen dutela ikusi du. Horiez gain, autistekin eta delituaren biktima izan direnekin ere lan egiten dute, «lasaitasuna» ematen dietelako animaliekin egoteak. Suizidioaren prebentzioan ere lanketa sakona egiten dute, espetxeetan oso presente dagoen gai bat baita. Eta animaliekin hartu-emana izatea onuragarri izan dela erakutsi die esperientziak.