Angelun egon nahi ondo, baina Ukrainara itzuli gogo

Pirinio Atlantikoetako prefeturak ez du lortu Angeluko Eguzkiaren Etxean diren lau familia ukrainarrak kanporatzea. Errefuxiatuek espero dute han egotea luzerako etxebizitza bat atzeman artean, nahiz eta Ukrainara itzuli gogo duten noizbait.

Angeluko Villarubio karrikako Eguzkiaren Etxea. GUILLAUME FAUVEAU
Angeluko Villarubio karrikako Eguzkiaren Etxea. GUILLAUME FAUVEAU
Leire Casamajou Elkegarai.
Angelu
2025eko urtarrilaren 8a
05:00
Entzun

«Gure helburua ez da hemen betiko egotea», erran du Linak [abizena ez du zehaztu nahi izan], Angeluko (Lapurdi) Villarubio karrikako Eguzkiaren Etxean diren errefuxiatu ukrainarretako batek. Betiko ez, baina denbora gutxirako egoten ahalko den ere ez da segur, ezta etxe horretan bertan bizi diren beste zortzi errefuxiatuak ere. Halere, aldi baterako oraino bai: Pirinio Atlantikoetako prefeturak ez du lortu etxe horretan diren lau familia ukrainarrak kanporatzea. Paueko (Okzitania) Auzitegi Administratiboan izan zuten auzia, abendu hasieran.

Zehaztekoa da Frantziako Estatuak berak abiatua zuela Ukrainako errefuxiatuei harrera egiteko egitasmoa Pirinio Atlantikoetako Departamentuan, 2022ko martxoan. Dena den, lau familiaren kontrako auzia abiatu zuen prefeturak, argudiaturik «urgentziazkoa» dela etxe horretatik joatea. Francisco Sanchez Rodriguez lau familia horien abokatuaren ustez, urgentziazko egoeratzat hartzeko baldintzak ez dira betetzen ez forman, ezta funtsean ere. «Saldu nahi dute, eta, horretarako, prefeturak erabaki zuen eraikinaren kalifikazioa aldatzea, ekainaren 17an. Baina, holako erabakiak hartzean, 36 hilabeteko epea ezartzen da lekuak husteko; sei baizik ez dira pasatu».

Osasuna eta hizkuntza

«Gainera, negua da, eta jendea karrikan ezartzea litzateke. Eta zer jende: ahalmen urriko haur bat, arazo psikiatrikoak dituen emazte bat, bularreko minbizia izan eta sendatzen ari den beste bat, bihotzeko arazoak dituzten adineko jendeak...». Funtsaren aldetik, beraz, lana eta etxebizitza atzemateko zinezko zailtasunak dituen jendea da.

«Saldu nahi dute, baina holako erabakiak hartzean, 36 hilabeteko epea ezartzen da lekuak husteko; sei baizik ez dira pasatu, ordea»

FRANCISCO SANCHEZ RODRIGUEZ Abokatua

Lau familia dira, bederatzi pertsona orotara: Valeri eta Natalia senar-emazteak; Ganna eta Yuri ama-semeak; Efrosinia amatxi, Lina ama, eta Gregori semea, eta Nila eta Georges ama-semeak —abizenik ez dute zehaztu nahi izan—.

Gannak bere frantses diplomak erakutsi ditu: A1 eta A2 hizkuntza mailak gainditu ditu jada, baina bularreko minbizia pasatu berri du, eta oraino ez da lanera itzultzeko ahaletan. Valeri eta Nataliak erretretako adina dute, eta Nataliari belauneko ebakuntza bat egin berri diote, gainera. Nila ere erretretan da. Linak lan egin lezake, adibidez, eta aritu izana da garbiketa lanetan, baina azaldu du hizkuntza ez menperatzeak muga anitz jartzen dizkiela.

Egoeraz mintzatzean, emozioz bete da Linaren boza: «Badakigu ez garela beharrean garen bakarrak, eta eskertzen dugu Frantziak eman digun guzia eman izana, baina negua da, eta nora joanen gara? Karrikara joatea da beste aukera. Saiatzen gara aterabideak atzematen, ez ditugu egunak ezer egin gabe pasatzen».

Bigarren abisua

Sanchez Rodriguez abokatua ere ohartua da horretaz: «Administrazioak saldu nahi du. Orduan, ene bezero guztiek badakite ezinen direla lasaiki hor egon, eta badakite zein den helburua: luzerako etxebizitza bat atzematea, ahal bezain fite».

2023ko abenduaz geroz, Ukrainako hamar familia errefuxiatu bizi ziren Eguzkiaren Etxean, Atherbea elkartearen sostengupean. Frantziako Estatuarena da etxea, Finantza Ministerioarena, eta ondasunak saltzeko asmotan da. Ekainean heldu zitzaien lehen arazoa: hilabete bukaerarako etxea hustu beharra zuten; hasieratik bazekiten denbora baterako baizik ez zirela egoten ahalko bertan. Azkenean, bakoitzaren egoera kontuan harturik, prefeturak erran zuen beste epe bat negoziatuko zutela, «Ukrainako familiek manera izan zezaten gune horretan luzeago egoteko». Eta hala gertatu zen: kontratuak luzatu zituzten.

Ukrainara itzuli?

Eguzkiaren Etxetik joan ahal izateko, lana eta luzerako etxebizitza bat atzeman behar dituzte. Hasieran egon ziren hamar familietatik sei joan ziren, eta sei horietarik hiruk lana eta etxea atzeman zituzten, hain zuzen. Beste hirurek babes subsidiarioa eskuratu dute; ez dira gehiago errefuxiatu kontsideratzen, orduan. «Estatutu horrekin ezinen dira Ukrainara itzuli datozen lau urteetan. Guk ez dugu hori nahi», azaldu du Georgesek.

Behin-behinean Frantziako lurraldean egoteko baimena dute Eguzkiaren Etxeko lau familiek. «Guk ezin dugu asmatu noiz bukatuko den gerra, baina gure etxera itzuli nahi dugu. Gure herria galdu dugu», erran dute lau familietako senideek.  Artean, maluruski, Ukrainatik kanpo egon behar dute, Angelun. Baina haien egoera ez da egonkorra: kontratua hiru hilabetean behin luzatzen diete normalean, baina auziaz geroz ez zaie kontratu berriturik bidali, nahiz auzia irabazi zuten. «Beste leku bat proposatu digute, bai: hotel bat, oso andeatua, eta bi gauerako. Bi gauak pasatu, eta zer?».

Lau familietarik hiruk etxebizitza sozial bat eskuratzeko eskaera egina dute, baina oso leku guti dira, eta litekeena da prozedurek sekulako denbora hartzea. Orduan, «emozionalki eri» aitzina doaz egun batetik bestera, jakin gabe bihar kanporatuko ote dituzten eta nora joan beharko duten orduan. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.